ITZAMNA akademia: “Freskotasuna eman nahi diegu ikasketa metodoei”
-Zer moduz akademiaren lehen egunak?
Jokin: Izan ere gaur bertan hasi gara (astelehenean egin zen elkarrizketa).
Andoni: Ume batekin margotzen eta abar ibili gara.
Natalia: Gero, Jokin beste ume bati partikularra ematen egon da. Pozik irten dira, baita gu ere.
Jokin: Gure ustea da uztailaren azken aste bietan ume gehiago hurbiltzea hona, izan ere, Afariketetan dabiltza eta horregatik. Ezin dugu pentsatu lehen egunean 20 ume edukiko ditugula ere.
-Zer da akademian eskaintzen duzuena?
Jokin: Udarako eskaintza zabala ireki dugu (artea, eskola, informatika, kontzientziazio tailerrak, musika eta aisia arloetan), eta irailetik aurrera akademia baten dinamikan sartzea da asmoa. Hau da, arratsaldean umeak jasotzea klase partikularrak, marrazketa klaseak, eskulanak eta abar egiteko. Eta goizetan hizkuntzak, helduentzako informatika klaseak, helduentzako marrazketa klaseak… emango ditugu.
Natalia: Eskaeren arabera moldatuko gara.
Jokin: Hiruotako bakoitza adar ezberdinetatik gatoz eta gure filosofia hezkuntza zabala eta irekia eskaintzea da.
-Akademia sortzeko prestaketa zer nolakoa izan da?
Andoni: Hasi, azaro aldean hasi ginen ideia honekin.
Jokin: Gero, lokala hartu genuenetik hilabete eta erdi pasa da. Lokala bilatu, egokitu, materiala prestatu, ikastetxeetara joan gurasoekin berba egiteko… gauza asko dira.
Natalia: Azken hilabetean jo eta su ibili gara lanean.
-Zuek izango zarete akademiako irakasleak?
Andoni: Momentuz bai, dena betetzeko ailegatzen gara. Ea aurrerago nola moldatzen garen.
-Metodologia eta teknologia berrietara egokitzen zarete. Zertan datza horrek?
Jokin: Adibidez, 8 urteko ume bat badator eta berarekin ia ordu bi lanean badiharduzu, matematikak egiteko ordenagailua erabiltzea jolas didaktikoekin. Gu ikasleak izan gara duela gutxira arte eta freskotasuna eman nahi diegu ikasketa metodoei.