Itziar Atienza, antzezlea: "Oso gustora bueltatuko naiz Eibarrera"

Itziar Atienza, antzezlea: "Oso gustora bueltatuko naiz Eibarrera"
2013/02/27 00:00
eta kitto!

- Zelako lana da "Gauerdian"?
Komedia erromantiko itxurako lana da. Taula gainean oso laguntza gutxirekin, Ikerrek eta biok amodiozko istorioa kontatzen diogu publikoari. Nahiko une latzak bizitzen diharduten pertsonaia biek bat egiten dute eta, horri esker, berriz ere maitasunean sinestu eta amets egiteko aukera dute.

- Eta zure pertsonaia nolakoa da?
Helena izeneko 35 urteko abokatua da. Nahiko emakume independiente eta indartsua da, baina maila emozionalean porrot egin du. Bere maitalea ezkonduta dago eta hain justu bide bazterrean botata lagatzen duen gau berean Ikerrek antzezten duen pertsonaia, Bob ezagutu eta bien arteko maitasun istorioa hasiko da.

- Berezitasun modura, lantzean behin gitarra hartu eta kantuz jarraitzen duzue kontakizuna, ezta?
Bai, hala da. Ez Ikerrek ezta nik ere ez genekien gitarra jotzen eta antzezlana prestatzeko biok ikasten jardun genuen. Kantu xumeak dira, bospasei, baina bestela arrapaladan doan istorioarekin ondo egiten dute bat.

- Askorentzat zure aurpegia "Vaya Semanita" telebistako saioarengatik izango da ezaguna. Horregatik ezaguna izatea mesedegarria da antzerkia egiten duzuenentzako?
Jendeari beti egiten zaio erakargarriagoa antzerkia tartean aurpegi ezagunen bat dagoenean. Antzerkizalea den jendeak ez dio horrelako garrantzirik ematen horri, lana ona izatea nahikoa izaten da, baina oso antzerkizalea ez den jendea beti animatzen da errazago aktoreak ospetsuak direnean. Eta Eibarrera, gainera, Ikerrekin batera noa.

- Aurretik ere biak egon zarete Eibarko Antzerki Jardunaldietan. Nolako oroitzapena daukazu?
Ni iaz egon nintzen, oker ez banago Jardunaldiak ixten eta oso oroitzapen polita da, gusto handiz bueltatuko naiz Eibarrera. Aurtengo egitaraua begiratzen egon naiz eta benetan lujoa da horrelako programa izatea, antolatzaileek egiten duten beharra ikaragarria eta eskertzeko modukoa da.