Itziar Saenz de Ojer: “Korrika bizi dugun jende asko gaude, oso ekimen garrantzitsua da eta hori azpimarratu nahi nuen”

Pituxa klownak ‘Ttipi-ttapa’ izeneko bakarrizketa eskainiko du eguenean, 19:30ean, Zaizoi tabernan
Itziar Saenz de Ojer: “Korrika bizi dugun jende asko gaude, oso ekimen garrantzitsua da eta hori azpimarratu nahi nuen”
2024/03/11 11:44
eta kitto!

Izenburuak argitu dezakeen bezala, Korrikaren inguruan jardungo du pailazoak, Korrika Kulturalaren baitan antolatu baitu ekintza hori ...eta kitto! Euskara Elkarteak. Sarrera doakoa izango da. Beraz, oso merke egongo da barre gogotik egitea.

Pituxa Rositaren azalean sartuko da ikuskizun horretan. Rositak dena daki Korrikaren inguruan eta aurtengo ekimena noiz hasiko den zain dago. Eta prest, noski. Bere esperientzia baliatuz, Korrikari buruz datu eta gakoak emango ditu bertan, eta barreak ez dira faltako.

 

Zein da Rosita?

Bakarrizketaren helburua Korrikaren inguruan berba egin eta informazioa ematea da. Izan ere, Euskal Herrian Korrika bizi dugun jende asko gaude, oso ekimen garrantzitsua da eta hori azpimarratu nahi nuen. Rosita 60 urte inguruko emakumea da eta hasiera hasieratik bizi izan du Korrika. 1980an, Korrika egin zen lehen urtean, euskaltegiko ikaslea zen eta gero irakasle izatera pasa zen. Korrika oso ekimen garrantzitsua da beretzat, euskaldunok dugun ekimen garrantzitsuena, eta 1980az geroztik, urtez urte, Korrika guztietan parte hartu izan du. Asko emozionatzen da euskararekin eta Korrikarekin.

Pertsonaia sortzeko orduan benetako jendea izan duzu eredu edo hainbat lagunen batuketa da?

Pailazoa naiz berez eta pertsonaia ezberdinak erabiltzen ditut ikuskizun ezberdinetan. Rositaren pertsonaia gehiagotan erabili izan dut, baina Korrikaren inguruan dokumentatzen aritu naiz eta sasoi hartan (1980an) Korrika bizi zuen zenbaitekin hitz egin nahi izan dut. Beraz, gutxi gora behera Rositaren adina duen emakume batekin bildu nintzen. Bizitza guztian izan da AEK-ko irakaslea eta bere bizipenak eman zizkidan. Telefonoz beste batekin hitz egin dut eta, gero, unibertsitate sasoian AEK-n praktikak egin nituenez, bertan ibilitako jendean inspiratu naiz pertsonaia osatzeko.

Korrika egunean beti txandal bera janzten du Rositak. Zergatik?

Korrika da bakarrizketan lantzen den gaia, baina aitzakiak bilatu behar nituen berau umorez lantzeko. Ez naiz batere kirolaria eta Rositak ere ez du kirolik egin bere bizitza guztian. Txandal bat jantzi zuen lehendabiziko aldia Korrikaren lehen edizioan izan zen eta bi urtetik behin janzten du, bi urtetik behin egiten duelako bakarrik korrika. Orduan, txandal vintage bat erosi dut, arrosa kolorekoa.

Korrikaren abestien bitartez errepasoa egiten du Rositak. Aurten, gainera, eibartar batek sortu du abestia, Mursegok hain zuzen ere. Zer iruditzen zaio abestia?

Esan bezala, aitzakiak bilatu ditut Korrikaren inguruko informazioa sartzeko. Banekien zein informazio eman, baina ez nuen modua aurkitzen. Orduan, abestiak eta beste informazio batzuk emateko, andereño Rositak galderak egiten ditu jendeak Korrikari buruz zenbat dakien jakiteko. Beraz, Egunean Behin lehiaketa oinarri hartuta, Korrikan Behin lehiaketa egiten du eta galderak botatzen ditu publikoak erantzuteko. Parte-hartzeko emanaldia da. Ez dut nahi publikoak gaizki pasatzea. Alderantziz, ondo pasatzea nahi dut. Orduan, emanaldia hasi aurretik koloreetako piruletak banatzen ditut eta galdera bakoitzak hiru erantzun posible izaten ditu, kolore bati lotua, eta publikoak piruletak altxatuz erantzun dezake dagokion kolorearekin. Korrikaren abesti asko dago eta denak ez ditut jartzen, baina batzuk bai. Azkena, Mursegorena, sartzen dut. Izan ere, Rositari abestia eta bideoa asko gustatu zaizkio, sasoi bateko abestiak gogorarazi dizkiolako. Abesti modernoak egon dira, estilo ezberdinetakoak, eta aurtengoak badu kutsu retroa.

Korrikarako berotzen joateko saio aproposa dela dirudi.

Hori da helburua. Lizartzan bizi naiz eta orain dela bost urte egin zen Korrika goizeko 03:00 inguruan pasa zen Tolosaldetik. Lagun batek Andoaingo AEK-n egiten du lan eta goizeko 03:00etan Tolosan egongo nintzatekeen galdetu zidan. Abestia oinarri hartuta, sketch moduko bat prestatu nuen, beroketa-saio batekin, eta abar. Orain dela bi urte, azken Korrikan, herrian beste sketch bat egin nuen. Beraz, materiala nuenez eta oso Korrikazalea naizenez, Korrikaren inguruan 50 minutu inguruko emanaldi bat prestatu nezakeela pentsatu nuen, Korrika pasatu aurretik berotzen joateko. Gainera, Korrikarentzat aportazio bat egiteko modua zela ikusi nuen, eta asmo horrekin sortu dut ikuskizuna.