Izaro Fernandez Iriondo: “Algoritmo kuantikoek ez dute gauzak azkarrago egin nahi, baizik eta bide berriak esploratu”

Fisika gradua egin ondoren, Izaro Fernandez Iriondok ingeniaritza informatikoari buruzko doktoretza amaitu zuen urtarrilean eta, orain, Biobizkaiko Neuroirudi Konputazionaleko ikerketa taldeko kidea da. Erronka ederra du aurretik talde horrek, fisika kuantikoa erabiliz alzheimerraren kontrako tratamendua bilatzen saiatuko delako.
2026/05/28 15:30
Ekhi Belar Errasti

(Bideoa lantzen ari gara eta laister izango duzue ikusgai. Bitartean, elkarrizketa irakurri dezakezue)

 

Alzheimerraren inguruko ikerketa hori egiteko, IBMren Donostiko Quantum System Two ordenagailu kuantikoa erabiliko du Biobizkaiko taldeak eta zeregin horretan berebizikoa izango da Izaro Fernandez Iriondoren lana. Hain zuzen ere, algoritmo kuantikoekin ibiliko da bera eta Cleveland Clinic-en (AEB) egonaldia egin beharko du, han erabili zutelako lehen aldiz IBMren ordenagailu kuantiko bat osasun ikerketarako.

 

Arin esanda, fisika kuantiko erabilita alzheimerra ikertuko duzue. Agian zaila da, baina nola azalduko zenuke hori modu laburrean?

Alzheimerraren gaixotasunaren inguruan terapia berriak ikertuko ditugu. Gaur egun alzheimerrak ez du sendabiderik eta egiten dena da sintomak ahalik eta gehien atzeratzea edo diagnostikoa ahalik eta azkarren egitea, sintoma horiek ahalik eta beranduen etortzeko. Atzerazko bidea ezin da egin oraindik. Alzheimerrak oso osagarri genetiko handia du, jakina da ezaugarri genetikoek asko baldintzatzen dutela gero alzheimerra garatu ala ez. Orduan, sare genetikoa aztertuko dugu jakiteko zein genek edo zein gene-konbinaziok duen erlazio gehien gaixotasun horrekin. Badaude jomuga batzuk, markatuta ditugu zein gene diren garrantzitsuak, baina gene kopurua hain handia denez, ezinezkoa da denen konbinazioa begiratzea eta hori guztia. Beraz, proiektu hau bi gauzagatik da interesgarria: Batetik, proteina batzuen akumulazioak garunean sortzen duen kontaminazioa da alzheimerra eta sintoma kognitiboak memoria falta eta beste hainbat gauza dira. Paziente batzuek alzheimerra edukiko balute bezala dute garuna, proteinez kutsatuta, baina kognitiboki oso ondo daude. Paziente ‘erresilienteak’ esaten zaie. Ikusi da garunak sintoma horiek garatzetik babesten dien babes-mekanismo bat duela. Orduan, babes mekanismo hori zein den jakitea nahi dugu eta zein genekin dagoen erlazionatuta. Horretarako, sare genetiko horiek aztertuko ditugu eta ikusi zeintzuk diren babes-mekanismo horrekin erlazionatuta daudenak, gero mekanismo hori ez dutenengan terapia berriak ikertzen saiatzeko.

Eta zein da bigarren gauza interesgarria?

Horrek nirekin du erlazio gehiago. Sare horiek aztertzeko, hain-hain handiak direnez, erreminta kuantikoak erabiliko ditugu. Orain arte algoritmo klasikoak erabili dira (estatistikoak, ordenagailu nahiko normalak...), baina orain algoritmo kuantikoak erabiliko ditugu. Algoritmo kuantikoek ez dute gauzak azkarrago egin nahi bakarrik, kontua ez da gaur egungo algoritmoei potentzia falta zaienik, baizik eta orain arte ikusi ez diren bideak esploratu nahi direla. Adibidez, garunean ditugun gene-sareetan milaka eta milaka gene daude, eta algoritmo klasikoekin ezin ditugu konbinazio guztiak aztertu, konputazionalki ezinezkoa delako. Beraz, printzipio kuantikoez baliatu nahi dugu ahalik eta gehien esploratzeko. Ez dugu esaten zerbait berria lortuko dugunik, baina esploratu ez diren bideak esploratuko ditugu.

IBMren ordenagailu kuantikoa.

Orain arte, fisika kuantikoa erabilita ez da alzheimerra aztertu?

Ez. Teoria kuantiko asko egin dira, baina aplikazioak bilatu nahi ditugu. Horregatik izan du boom-a proiektu honek. Izan ere, maila teorikoan garatu diren algoritmo kuantikoak problema errealetara eramango ditugu.

Horretarako, IBMren ordenagailu kuantikoa erabiliko duzue. Nolako aukera ematen ditu?

Ez dakit erabiltzera iritsiko garenik. Izan ere, oso zaila delako horrelako ordenagailu bat modu egonkorrean mantentzea. Ordenagailua txip moduko bat da eta txipa baldintza perfektuetan egoteko demaseko hardware edo hozkailu erraldoia behar du, eta oso baldintza berezietan egon behar da erabili ahal izateko. Gaur egun, batzuek erabiltzen dute, baina erroreak ematen ditu eta, gero, ikerketa-lerro pila bat ireki behar dira errore horiek kentzeko. Oraindik ez da erabili guztiz modu perfektuan, baina simulazio txikiak egiten dira gauzak nondik nora doazen ikusteko. Uste dut proiektu honen helburua ez dela demaseko emaitzak lortzea, baizik eta osasun arloan ikerketa-lerro berriak irekitzea. Agian, etorkizunean demaseko inpaktua izan dezake, baina orain helburua hori da.

Zure eginkizuna zein izango da?

Doktoretza urtarrilean amaitu nuen eta proiektu hau egiteko aukera irten zenean, bai ala bai egin behar nuela pentsatu nuen. Demaseko aukera da eta oso motibatuta nago. Gainera, ikerketa talde berarekin jarraituko dut eta oso pozik nago. Algoritmoen arloan arituko naiz lanean, baina hau talde-lana da. Gogotsu nago, baina baita zain ere, ez dakigulako zer aterako den. Egingo dugun guztia berria izango da eta ekarpen bat egingo du.

Lan hori egiteko AEB-ra joango zara egonaldia egitera. Zer egingo duzu han?

Ez dakit ordenagailua erabiltzera iritsiko garen, baina erreminta guztiak IBMrenak izango dira eta eurek erakustea baino hobeto, ez dago. Orduan, ez dakit noiz, baina hara joango naiz 2-3 hilabeterako eta ahalik eta gehien ikastera eta informazio xurgatzera joango naiz.

Proiektua hastapenetan dago eta ez dakizue nora eramango zaituzten, baina zen da plana edo bide-orria?

Gutxi gorabehera, problema hau ebazteko modua berriz diseinatzea da plana, eta ikustea kuantikoki nola diseinatuko litzatekeen. Diseinu hori egitea bakarrik, demaseko aurrerapausoa izango litzateke; problema hori ordenagailu batean exekutatzera iristea, mundiala litzateke; eta emaitza horiek laborategian aztertzea eta onak diren edo balio duten ikustea, are gehiago! Hori da plana, baina ez dakigu noraino iritsiko garen.

Neuroirudi Konputazionaleko ikerketa taldea, laborategian: Asier Erramuzpe, Izaro Fernandez Iriondo, Ibai Diez, Jesus M. Cortes eta Nati Alkorta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gaztea zara, doktoretza egin berri duzu, baina proiektu honek nolako esanahia du zure ibilbiderako?

Doktoretza amaitzerakoan atsedena hartzeko eta bidaiatzeko tartea hartuko nuela nioen, baina hau suertatu da eta, hain justu ere, gaur egun mundu guztia ari da kuantikaren inguruan hitz egiten, kuantikako ikerketetan dirua inbertitzen ari dira, apustua egiten ari dira kuantikaren alde (funtzionatuko duen ala ez jakin gabe)... Datuen analisian eta fisikan pasatu behar dugu azken hesia ‘barrera kuantikoa’ da, horren hori eta gero ez da ezer gehiago egongo. Ez dakigu apustu hori noraino iritsiko den edo ondo irtengo den, baina hori da azkenengo muga eta horren aldeko apustua egiten ari dira.

Kuantikaren bitartez, gaur egun geldirik dauden ikerketak libratu daitezke?

Kuantikak lehen iristen ez ginen tokietara iristeko aukera ematen digu modu nahiko naturalean. Kuantikaren barruan hiru ikerketa-lerro nagusi daude: sentsorika (sentsore kuantikoak erabiltzea, eta oso ondo ari dira garatzen eta funtzionatzen du), komunikazio kuantikoak (Internet eta horrelako gauzetan printzipio kuantikoak sartzea izango litzateke, baina oraindik ez da ikusi) eta konputazio kuantikoa (hori da nire lerroa eta orain ari da garatzen). Asko falta da oraindik, baina pozik nago, hori praktikara eramateko dirua inbertitu behar delako eta ezin zaiolako ezetz esan horrelako aukera bati.

Kuantikaren inguruko inbertsio horren ondorioz, hemendik urte batzuetara iraultza edo jakintza uholde bat etorri ahal zaigula pentsa genezake?

Jakinduriaren aldetik, teoriari dagokionez, asko dakigu dagoeneko, baina praktikara eramateko orduan, ez dakigu ia ezer. Orduan, gaur egun konpontzen jakin ez ditugun arazo asko konponduko ditugula pentsatzen dut. Bestetik, jende eszeptiko asko dago galdetzen duena horrek ze abantaila ekartzen duen, zertarako behar den... Noski, nora eramango zaituen ez dakizun zerbaiten aldeko apustua egitea da, baina ikerketa-lerro berriak irekitzen dituzunean inoiz ez duzu jakiten nora eramango zaituzten.

Beti izan duzu zientziarekiko eta teknologiarekiko zaletasuna?

Bai eduki dut zaletasuna, ez agian zientziarekiko zehazki, baina matematika beti gustatu izan zait, adibidez. Dena dela, denetik gustatu izan zait. Batxilergoan, karrera aukeratu behar duzunean, zientifikoak ziren ikasgaiak hobeto ateratzen zitzaizkidan eta, ez nekienez zer ikasi, hortik jo nuen. Nire karreren zerrenda arraroa zen: fisika, filosofia, heziketa fisikoa eta ingeniaritzaren bat. Zientziarekin zerikusia zuen zerbait egin nahi nuen, baina ez nuen ezer oso argi. Gero, karreran sartu nintzenean, ikusi nuen gehienok geundela antzera. Oso gustora egin nuen eta, era berean, oso gogorra izan zen, baina oso ondo.

Karrera egin ondoren, doktoretza egin zenuen eta orain proiektu honetan zabiltza. Badakizu bidea nondik egin nahi duzun?

Masterra amaitu nuenean, ez nekien doktoretza egin ala ez, baina justu COVID-aren pandemia etorri zen eta inflexio puntua izan zen: enpresa batean sartu edo akademian jarraitu doktoretza egiten. Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lanak pertsona berak zuzendu zizkidan, Jesus Cortesek, eta doktoretza egitera animatu ninduen. Lana da eta horrela dago aitortuta, baina era berean formatzen jarraitzen duzu. Gainera, beti egon naiz motibatuta, baina ez litzateke berdina izango beste inguru bat edukiko banu. Ondo inguratuta egon naiz eta proiektua gustatu izan zait. Doktoretza egin eta gero, helburua nahiko argi daukat: unibertsitatean lan egiten jarraitzea. Orain arte zalantzak nituen, baina irakaskuntza probatu nahi dut. Ez dut neure burua DBH-ko irakasle bezala ikusten, adibidez, baina unibertsitatean probatzea gustatuko litzaidake.