Ongizatea izango da protagonista Elgoibarren, Ongizatearen Plazaren eskutik
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Ongizatearen Plaza ekimena gaur iritsi da Elgoibarrera. Bi egunez, irailaren 10ean eta 11n, Kalegoen plazan izango da plaza ibiltaria, eta hainbat hitzaldi, tailer, mahai-inguru eta solasaldi egingo dituzte pertsonen ongizate integrala ikuspegi kolektibotik lantzeko.
Elikadura osasuntsua, ariketa fisikoa, nekazaritzaren etorkizuna, hizkuntza eta nortasuna, pantailen erabilera, gazteen ongizatea eta industriak, lan munduak eta sorkuntzak ongizatean duten eragina izango dira, besteak beste, bi egunotan jorratuko dituzten gaiak.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur goizean azaldu duenez, pertsonen ongizatea «erronka kolektiboa» da, eta egungo errealitate eta fenomeno berriei modu ireki eta parte-hartzailean erantzutea beharrezkoa da. Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak ere azpimarratu du horrelako ekimenek komunitate osoaren inplikazioa behar dela gogorarazten dutela.
Gaurko jardunaldiak
Gaur goizean abiatu da programazioa, Adinberriren eskutik. Ariketa fisikoko saio irekia egin dute Iñigo Vicens prestatzaile fisikoarekin, eta ondoren estimulazio kognitiboko tailerra eta mindfulness terapiako saioa egin dituzte.
Elikadura ere izan dute hizpide, Jakoba Errekondoren eta nekazari gazteen eskutik. Arratsaldean, berriz, herrira iritsi berrien eta bertakoen arteko solasaldia egingo dute, hizkuntza, nortasuna, integrazioa eta elkarbizitza ardatz hartuta. Egunari amaiera emateko, Idoia Torregarai umoregileak ongizate emozionala lantzeko tailerra gidatuko du.
Bihar, gazteen ongizatea eta industria hizpide
Bihar, irailaren 11n, gazteen ongizateari buruzko saioarekin hasiko dute eguna. Sare sozialen erabilera, hiperkonexioa eta gaitasun sozialen galera izango dituzte aztergai, besteak beste.
Ondoren, industriak Elgoibarren ongizatean izan duen eragina aztertuko dute, makina-erremintak herriaren historia, ekonomia eta izaeran izan duen garrantzia kontuan hartuta. Sektoreko langile, enpresa, ekintzaile eta prestakuntza arloko profesionalek parte hartuko dute saioan.
Arratsaldean, pantailen erabilera osasungarriari buruzko saioa egingo dute Altxa Burua elkartearekin, bereziki gurasoei zuzenduta. Ondoren, sorkuntzak ongizatean duen eraginari buruz hausnartuko dute herriko hainbat sortzailerekin. Programazioari amaiera emateko, Mausitxa gazta eta Lizagasar sagardoa dastatuko dituzte.
Programa eta ordutegi osoa ikusteko, egin klik hemen.