Izaro zuzenean ikusteko aukera izango dugu zapatuan

Mallabiko musikariaren kontzertua 23:00etan hasiko da
Izaro zuzenean ikusteko aukera izango dugu zapatuan
2024/06/06 13:25
eta kitto!

Izaro Andres musikari mallabiarrak kontzertua eskainiko du zapatuan, 23:00etan, Untzaga plazan. Doako kontzertua izango da eta, herriko zenbait kale ibilgailuentzat itxiko dituztela ikusita, jende ugari erakarriko duela aurreikusi daiteke.

Izarok YouTubera igo zuen ‘Paradise’ abestiarekin izan zuen lehen oihartzun handia eta, harrezkero, demaseko bilakaera izan du musikari bezala. Lehenik, 2016an, ‘Om’ izeneko diskoa kaleratu zuen, eta ondoren ‘Eason’ (2018), ‘Limones de invierno’ (2020), ‘Limones de oro’ (2022) eta ‘cerodenero’ (2023) etorri ziren.

Diskoak eta zuzenekoak eskaintzeaz gain, ikus-entzunezkoetarako musika ere egin du Izarok, alderdi asko dituen artista dela erakutsiz.