Jabi Hernando: “Errauskailuak baztertu eta hondakinen kudeaketa arduratsua egin behar dugu”
- Ikerketen arabera, zeintzuk izan daitezke kalterik handienak jendearentzat?
Horko aurreikuspenei jarraituz, kalte nagusiak bi mailatan banatu daitezke: sortzetiko malformazioa dago, alde batetik, eta minbiziaren arlokoa, bestetik. Lehen esparruari dagokionez, erbi-ezpainaren kasuan gaitza %30ean handitzen da eta giltzurrunaren kasuan %55. Minbizietan, bestalde, ikerketa horien arabera gibelekoa %29 areagotzen da eta biriketakoa %14. Badago beste ikerketa bat ere, berezko garrantzia duena eta Carlos III.a Institutuak egindakoa, non ikusten den minbiziaren hilkortasunak zelan egiten duen gora: pleuraren kasuan %84 eta leuzemiarenean %24, arazo kardio-baskularretan eta ugalkortasunakoetan duten eraginetatik kanpo.
- Hala ere, azken belaunaldiko errauskailuek egoera hori hobetzearen alde joko zuten, ezta? Kalte gutxiago eragingo dute...
Jakina, baina kalteak gero eta gutxiago izanda ere, osasunak galtzen irtengo du beti: hori diote gure datuek. Hondakinak errauskailuan erretzerakoan, bi produktu mota sortzen dira hortik: airera doazen gasak eta mikropartikulak batetik eta, bestetik, errautsak. Aurrerapenei esker, filtroekin-eta zati handienak ez dira airera joango, baina azkenerako material berberei buruz dihardugu hitzegiten: dioxinak, metal astunak... Txikiagoak izanda ere, hor daude, airean. Isuritako kutsatzaileak kaltegarriak izango dira beti, isuritzen direlako bakarrik, beste barik. Gero, handik hamar urtera minbizia sortzeko gai diren alaez... horrelako daturik ez dago. Eta ateratzeko gogorik ere ez. Zubietako errauskailua egin behar dutela-eta, ez gara ba inguruan bizi direnekin azterketak egiten hasiko... Zuhur jokatzea beharrezkoa da.
- Kalteen eragina zenbat kilometrotara zabaltzen da? Hori ikertu da?
Ikerketa gehienak 5 eta 15 kilometroren artekoa aztertu dute, hor ikusten delako gehien. Zubietaren kasuan, 5 kilometroko radioan 46.000 biztanle bizi dira, eta 10 kilometrokoan 272.000. Ez da kopuru makala! Eta, kutsadura atmosferikoaz aparte, lurrera jausten diren partikulena dugu eta hori bai dela kontrolagabea: barazkiei eta animaliei zenbateraino eragiten dieten... mutazioak sor daitezke hor, transgenikoak...
- Kalte horiei zelan egin diezaiekegu aurre? Zenbat iraun dezakete kalte horiek gure gorputzetan?
Horren ingurukoa ere ez dago aztertuta. Baina, tabakoarekin gertatzen den antzera, eta zigarroak ez dakit zenbat mila gai kutsakor baditu, horko dioxinak eta furanoak kutsakorrak izango dira beti. Gorputzak, gainera, horrelakoak akumulatu egiten ditu beti, eta metatu. Gure gantzak horrelakoak hartzen ditu eta horren eragina urteetarako da: nahiz eta etxez aldatu, gorputzean daramazu. Horregatik da hain larria, umeengan eta jende gazteengan ere kalte horiek nabarituko direlako.
- Zuen Ikerketarako Taldeak zelako bilakaera izan du? Administrazioaren aldetik ze jarrera nabaritu duzue? Aldaketarik bai?
Gure Ikerketarako Taldean 30 partaide aktibo gaude, nahi eta 2004an, esaterako, 500 sinaduratik gora bildu genituen gure lanaren alde. Kanpaina aktiborik ez dugu egin, baina bai jo dugula, orain bezala, gizartearen eta politikariengana informazioa kaleratuz. Horretan, lehenengoa osasuna dela, guztiok ados gaudelakoan. Europa mailan, 2012an Europar Parlamentuak ebazpen batean onartu zuen errauskailuak progresiboki kentzeko eta antzerako beste neurri batzuk. Txingudiko errauskailuarena mahairatu zenean ere Eusko Jaurlaritzaren jarrera nahiko positiboa izan zen, Simposium-a ere egin zen Irunen eta Osasun Sailekoek onartu zuten kaltegarria zela. Gero asuntoa stand-by-an egon da, ez zela egingo usteraino. Zuzenean ez dugu harremanik izan orain arte, baina badugu asmoa alderdi eta sindikatuekin egoteko.
- Jendea zenbateraino dago sentsibilizatuta erraustearen inguruan?
Gipuzkoan ondo sentsibilizatuta dagoela esango nuke, baina kalterako: politikoki erabili delako gehienetan. Aldeko eta aurkako iritzien arteko eztabaida da behar duguna, guztiok zintzoki jokatuta. Gauza hainbeste aldrebestu da ematen duela atez-atekoaren kontra daudenak errauste-plantaren alde daudela. Eta hori ez da horrela: gu ez gaude atez-atekoa gomendatzen. Gure funtzioa da errausteak dakarren kalteaz ohartaraztea. Jakinda, gainera, ikerketak egitea oso zaila dela, horretan gastatzeko dirurik ez delako bideratzen.