Jaione Yeregi (Itxesi dendakoa): “Pertsona eta gorputz guztiak desberdinak gara”
- Zer egin daiteke sasoi honetan gure gorputza arintzeko?
Gabonen ondoren proposamenen garaia izaten da; denok gehiegi jaten dugu, kilo batzuk hartzen ditugu, astunak sentitzen gara eta gure gorputza garbitu eta argaldu nahi izaten dugu. Egin diren gehiegikeriak kentzeko nahikoa da normaltasunera bueltatzea. Argaltzeko ez dago denori ongi joango zaigun erremedio edo dieta zehatzik. Pertsona eta gorputz guztiak desberdinak gara. Orekatu eta osasuntsu jaten badugu ez dugu dietarik egin beharko. Kanpoko estruktura ez da aldatzen; bakoitzak bere kostituzioa dauka. Saiatu behar dugu osasuntsu jaten eta horrela lortuko dugu bakoitza bere pisuan mantentzea. Gabonen ostekoa ez da urteko garairik onena garbitze dietak egiteko. Urtarrilean hotz egiten du eta naturari eta urtaroari kasu egin behar diogu. Udaberria, aldiz, bizia berpizten denean eta dena loratzen hasten denean, gorputzak zabaltzeko, garbitzeko garaia da. Neguan jaki sukaldatuak jan behar ditugu. Udaberrian, berriz, fruta freskoak, zukuak... hartzeko garaia da.
- Zer proposatzen duzu gorputza garbitzeko?
Gorputza garbitzeko gibela oso kontutan hartu beharreko atala da; gibela da gure gorputzeko filtroa. Gorputza garbitzeko tratamentuetan aukera asko daude: belarrak, rabano beltza edo orburu anpollak, Epson gatzak, baraualdiak... Guzti horietaz hitzegingo dugu hitzaldian. Oxidazio zelurrarri buruz ere egingo dugu berba, hau da, beharko lukeena baino lehen ematen den zelulen zaharkitzeari buruz. Zaharkitze honen ondorioz, kanpoko itxuraren zahartzea nabaritzeaz gain, gaixotasun desberdinak izateko aukera ere handitu egiten da. Zaharkitze azkar hori eragiten duten faktoreak aztertzeaz gain, zein elikagaietan bilatu ditzakegun antioxidanteak ikusiko dugu. Bestalde, elikagaien kokapen desorekatuak eta oreka lortzeko jan behar ditugun elikagaiei buruz hitz egingo dugu. Gorputzeko beste organu garrantzitsu bat ere aipatuko dugu: azala. Larruazala kanpoko sustantziak barneratzeko bide zuzen bat dela ahaztu egiten dugu, eta arreta eta kontu handiagoa eskaini beharko genioke.