Jaiotza ederra jarri dute San Andres parrokian
Eliza barrura sartzean, sarrera nagusiaren ondoan eta koruko eskaileren parean kokatu dute, bertaratzen direnen begien bistan.
2025/12/23
14:00
eta kitto!
Eguberriak gertu direla eta, San Andres parrokian jaiotza ikusgarria jarri dute. Eskuz landutako eszenak eta xehetasun ugari dituen muntaiak Gabonetako giro berezia sortu du elizan, eta bisitari askoren arreta piztu du. Sarrera nagusiaren ondoan kokatu dute jaiotza, koruko eskaileren parean, eta 09:00etatik 21:00etara bisitatu daiteke.
Jaiotzak paisaia zainduak, pertsonaia ugari eta argiztapen beroa uztartzen ditu, Jaiotzaren eszena nagusia erdigunean jarrita. Harriz, egurrez eta landarez osatutako inguruneak sakontasuna eta errealismoa ematen dio multzoari, eta txoko bakoitzean detaile berriak aurkitu daitezke.
Parrokiatik herritar guztiak gonbidatu dituzte San Andres elizara hurbiltzera eta Gabonetako tradizio honetaz gozatzera.