Jaixak Herrixak Herrixandako: “Eibartar orok gozatzeko egitaraua sortzea izan da helburua”

Beste urte batez San Andres bezperako egitaraua prestu dute Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzordeko kideek. Kantupoteoa, herri-bazkaria, musika eta jai giroa izango dira ardatz aurten.
Jaixak Herrixak Herrixandako: “Eibartar orok gozatzeko egitaraua sortzea izan da helburua”
2025/11/28 12:33
Irati Alvarez Malaxetxebarria

San Andres bezpera ate joka dago, eta horrekin batera, Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzordeak egitarau zabal eta herrikoia prestatu du. Urtez urte, eibartarren parte-hartzean eta auzolanean oinarritutako jai-giroa sustatu nahi dute, eta aurten ere bide bera hartu dute. Nora Larreategi jai batzordeko kidearekin hitz egin dugu.

San Andres bezperako egitaraua antolatu duzue beste behin. Gogotsu zaudete?
Data berezia da guretzat; urteak goaz egitaraua antolatzen, eta aurten ere ildo beretik jarraitu dugu. Egia da azken urteetan jaieguna asteburuaren buetan tokatu dela, eta horrek egitaraua zoramena izatea ekartzen duela, baina gu beti gustura! Aurten, jai bezpera zapatua izanda, egun osoko egitaraua egitea aukera onena zela iruditu zaigu, eta bertan parte hartzeko deia egin nahi diegu eibartar orori: ume, gazte zein helduei!

Lehendabizikoz kantupoteoa antolatu duzue Gure Eskurekin batera. Nondik dator ideia? 
Bai, lehenengo aldia da Gure Esku Dago-rekin batera zerbait antolatzen duguna. Duela denbora gutxi barne-prozesu batean murgildu ginen, eta bertako ondorio garrantzitsuenetako bat herriko eragile zein pertsonekin elkarlana sustatzea izan zen. Bide horretan gabiltza prozesua amaitu zenetik. Oraingoan, Gure Esku Dago-tik egin digute proposamena kantupoteoa antolatzeko. Proiektuaren nondik norakoak gurekin guztiz bat datozela ikusita, ideiarekin aurrera jarraitu dugu.
Asmoa herriko ahalik eta eragile ezberdin gehien biltzea da, aldarri garbi batekin: erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria. Horren baitan sare polit bat eratu dugu, eta gonbidapena luzatzen diegu kantupoteora gerturatu nahi duten herritar guztiei.

Ostean, bazkaria egingo duzue Eibarko Klub Deportiboaren laguntzarekin. Nolako harremana duzue Klub Deportiboarekin? ?
Eibarko eragileetan pentsatuta, eibartar denontzat herrikoi eta parte-hartzailetzat okurritu zitzaigun eragileetako bat da Klub Deportiboa. Klubak herriko kirol, euskara zein kultura munduan duen garrantzia kontuan hartuta, gure egitarauan parte hartzeko eragile ezin hobea zela iruditu zitzaigun. Gure asmoa planteatu eta berehala hasi ginen bi eragileok ideiari forma ematen, eta, azkenean, zapatuan giro herrikoi eta euskalduna ardatz izango duen herri-bazkaria izango dugu. Tamalez, sarreren salmenta astelehenean amaitu zen, baina bazkalostera gonbidatuta zaudete denok!

Bazkalostearen ondoren musikaren txanda izango da. Zer antolatu duzue?
Bazkariko giroarekin jarraitzeko pentsatuta antolatu dugu bazkalostea, eta jai giroan murgiltzen hasteko, zer hobe kanta eta dantza baino? Beraz, denok animatzen zaituztegu bertara gerturatzera! Gainera, jarraian La Tuna Bando Eibarko txaranga izango da kaleetan zehar, ibilbidea karpan bukatuz. 


Nola antolatzen duzue San Andres eguna Udalarekin? Zein da zuen harremana Udalarekin programazioa eta logistikaren aldetik?
San Andreseko egitarauaren antolaketa denbora-tarte motzeko prestaketa izaten da; izan ere, guretzat ez da hainbeste denbora igaro Arrateko jaiak bukatu zirenetik… Udalarekin dugun harremana ere egoera horrekin bat dator: logistika aldetik egitarauak ahal den heinean bateratzen saiatzen gara, baita material eta ordutegien beharrak adostu eta lotzen ere. Hala ere, askotan aipatu izan dugun moduan, erraztasun gutxi jasotzen ditugu Udalaren partetik.


Hausnarketa prozesua egin zenuten duela gutxi. Prozesu hori beharrezkoa izan da oraingo egitaraua antolatzeko? 
Aurretik esan bezala, prozesuko ondorio garrantzitsuenetako bat herriko beste eragileekin harremanak sortzea izan da, egitarauak beti diogun moduan herritik eta herriarentzat sortzeko helburuarekin. Egitarau honetan nolabait lortu dugula uste dugu, beti ere hobekuntzarako tartearekin. Nola ez, hau guztia gauzatzeko, herriaren parte-hartzea ere ezinbestekoa da, eta hori oraindik gabeziatzat identifikatzen dugu.

Azkenik, Brigada Moreari eta espazio seguruak sortze aldera egindako lanketari duen garrantzia ematea ere prozesuaren helburu nagusietako bat da. Ikasturtera zein egitaraura begira hori lantzen ari gara. Beraz, egon adi datozen deialdietara!


“Ez da magia, herri lana da” leloa aldarrikatu duzue askotan. Oraingoan ere horrela izango da?
Noski! Guretzat ezinbestekoa den leloa da, eta horretan jarraituko dugu. Auzolanetik gatozen herria gara, eta gure jarduna horretan ardazten dugu. Beraz, behin eta berriro aldarrikatu nahi dugu auzolanaren kultura eta herritar orok honetan parte hartzeak duen garrantzia. 


Jaso duzue kritikarik? Horrela bada, zer erantzungo zeniekete?
Argi dago gure jarduna ez dela guztien gustukoa, eta, noski, kritikak ere jasotzen ditugu. Batzuetan, kritika eraikitzaileak dira, gure jarduna hobetzen laguntzen digutenak, eta horiek gustura jasotzen ditugu. Beste batzuetan, aldiz, gure jardunari legitimitatea kentzea eta proiektuaren aurka egitea besterik bilatzen ez duten kritikak izaten dira. Azken horiei gutxi diegu erantzuteko: gure egitarauetan parte hartzera gonbidatzea eta jaiez gozatzera etortzea, besterik ez.


Nola ikusten duzue jai batzordearen rola Eibarren?
Urteetan zehar argi utzi dugu alternatiba garela; eibartarrok jai giro euskaldun, parte-hartzaile, herrikoi eta feminista batez gozatzeko sortzen ditugu espazioak, eta uste dugu badugula gure lekua herrian. Bistakoa da gero eta jende gehiago eta anitzagoa batzen dugula –adinari, kulturari eta giroari dagokienez–, eta hori oso positiboa da.
JHH jai herrikoi, euskaldun, feminista eta parte-hartzaileak sortu eta aurrera eramateko sortu zen, eta horretan jarraitzen dugu, belaunaldi berriak proiektura batuz.


Azkenik, zer mezu helarazi nahi diezue herritarrei San Andreseko jaien inguruan?
Egitaraua eibartar orok parte hartzeko pentsatu dugu; beraz, ume, gazte, heldu zein nagusiei dei egin nahi diegu parte hartzera. Untzagako karpan eta kaleetan ikusiko dugu elkar. Azkenik, mezu argi bat helarazi nahi dugu: esan bezala, eibartar orok parte hartu eta gozatzeko egitaraua sortzea izan da helburua, baina denok gatoz gozatzera; beraz, ez badakizu egoten, ez zara ongi etorria! Brigada Morea antolatuta egongo da egitarau osoan; beraz, erasorik ikusi edo jasan baduzu, hurbildu zapi moredun kideengana.