Jantokietako soberakinak doan banatzeko bi Rexcatering makina gehiago ipini dituzte martxan

Egogain Gerontologia Zentroan eta J.A. Mogel Ikastolan berreskuratutako elikagaiez gain, La Salle Isasi, San Andres, Aldatze eta Arrateko Andra Mari ikastetxeetako soberakinak ere eibartar guztien eskura jarriko dira
Jantokietako soberakinak doan banatzeko bi Rexcatering makina gehiago ipini dituzte martxan
2026/02/04 15:44
Silbia Hernandez Arrazola

La Salle Isasi, San Andres, Aldatze eta Arrateko Andra Mari ikastetxeek elikagai xahuketaren aurkako Rexcatering sarearekin bat egin dute, gaur goizean egindako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez. Jon Iraola alkateak eta Eva Juez Ingurumen zinegotziak, Vanesa Larrabide Ingurumen teknikariarekin eta Alvaro Saiz Rexcatering-eko ordezkariarekin batera azaldu dituzte zerbitzuaren nondik norakoak. Horrela, gaurtik hasita, La Salle Isasi, San Andres, Aldatze eta Arrateko Andra Mari ikastetxeetako jantokietan kontsumitzen ez den janaria bi makina berritan ipiniko da eskuragarri, nahi duenak doan eskuratzeko moduan. Makina berrietako bat Errebalen, merkatu plaza barruan ipini dute, eta bestea Urki kaleko 16. zenbakian (Cepa taberna pareko arkupeetan).
Azaldu dutenez, proiektu honen bidez, Ingurumen Arloak eta parte hartzen duten ikastetxeek elikagaien xahuketaren aurka borrokatzea dute helburu, soberakinak edonoren eskura jarriz, eta hondakin organikoaren prebentzioan eta “Hondakin Zero” kudeaketan beste urrats bat emanez. Zero Hondakin Fundazioarekin lankidetzan eta Eibarko Udalaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketari esker garatu da.
Gaur martxan hasi diren bi makina hauen aurretik, lehen “Hondakin Zero Hozkailua” Legarren ipini zutela gogora ekarri dute: “Egogain Gerontologia Zentroak eta J.A. Mogel Ikastolak —azken horrek Goyeneche Fundazioko Eibarko Garagune zentroaren laguntzarekin— 2024ko erdialdetik ari dira beren eguneroko soberakinak Legarren, Egogain Zentroaren kanpoaldean (frontoiaren ondoan) dagoen vending itxurako makinan lagatzen, jendeak doan hartzeko”.
Orain arteko emaitzarekin pozik azaldu dira, eta datu batzuk ere eman dituzte: “2024ko uztailean martxan jarri zenetik makinara sartutako janariaren %100 kontsumitu da, eta guztira 4.543 errazio berreskuratu dira (1.706, 2024ko uztailetik abendura bitartean, eta 2.837, 2025ean). Kontuan hartuta 2025eko uztailean eta abuztuan zerbitzua ez zela martxan egon, batez beste hilean 303 errazio eta egunean 20 errazio berreskuratu dira. Epe horretan ikusi da makina batez beste 3,7 ordutan husten dela; beraz, makina hutsik egoteak ez du esan nahi zerbitzua ez dagoenik martxan, baizik eta janaria oso azkar kontsumitzen dela”.
Ingurumenari begiratuz gero, onurak nabarmenak dira: “4.543 elikagai-errazio berreskuratzeak 4.994,54 kg CO₂ isurtzea saihestu du (2.107,73 litro erregairen baliokidea), 29.352,82 litro ur kontsumitzea (1.234 dutxaren baliokidea) eta 11.081,58 m² lurzoru okupatzea (27.258 euroko baliokidea). Soberan geratu ohi diren platerak lehen platerak izaten dira (lekaleak, pasta/arrozak, pureak, etab.), horrelako janariekin zailagoa baita errazio kopurua edo prestatu beharreko bolumena kalkulatzea”.
2026 honetan, beste lau ikastetxeeetako ikasleek eta sukaldeko langileek Egogain Zentroaren eta J.A. Mogel Ikastolaren bideari jarraituko diote. Azaldu dutenez, “Horretarako, aurretik elikagaien xahuketari buruzko azterketa bat egin da, parte hartu nahi izan duten ikastetxe bakoitzean, jantokien diagnostikoa egiteko eta haien egoerara eta izaerara egokitutako ekintza-plan erreal bat diseinatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak partzialki finantzatutako azterketa horri esker, ikastetxe bakoitzak hilean elikagaiak berreskuratzeko duen potentziala ezagutu da, eta horrek proiektura batzea erraztu die. Parte-hartzea baieztatu ondoren, sukaldeko langileei eta irakasleei trebakuntza eman zaie, soberakinak errazionatu eta ontziratzeko; ikasleek, berriz, etiketatzeaz eta kasu batzuetan, hozkailu eramangarriekin elikagaiak garraiatzeaz arduratu dira. Egogain Zentroaren kasuan, gainera, desgaitasun intelektuala duten pertsonak ere aktiboki parte hartzen hasi dira. Goyeneche Fundazioko Eibarko Garagune zentroak, halaber, jarraitzen du eramaten J.A. Mogel Ikastolako soberakinak ikasleak autobusetik jaisten diren geralekutik Egogain Zentroaren kanpoaldeko Zero Hondakin Hozkailura”.
Horrela, parte hartuko duten ikastetxeei udalak eskura jarriko dizkie beharrezko makina eta materialak (termozigilagailuak, etiketagailuak, hozkailu-motxilak, tabletak, etiketak…), baita hiru vending makina ere. Orain arte bezala, Egogain Zentroak eta J.A. Mogel Ikastolak Egogain Gerontologia Zentroaren kanpoaldeko makinara eramango dituzte soberakinak, eta horiei La Salle Isasi ikastetxea gehituko zaie. Errebal merkatu plazako makinara, berriz, San Andres eta Aldatze ikastetxeek eramango dituzte soberakinak, eta Urkiko makinara Arrateko Andra Mari ikastetxeak. Makinen kokapena aurretik adostu da ikastetxeekin, guztiak 300 metro baino gutxiagora egon daitezen.
Eva Juez Ingurumen zinegotziaren berbetan, “ekimenak duen gauzarik azpimarragarriena atzean dagoen giza kalitatea da; izan ere, posible egiten duen boluntario sareari esker, egoera onean dagoen janaria doan aprobetxatu daiteke guztion artean, eta, aldi berean, elikagaien xahuketak sortzen duen ingurumen-inpaktua murrizten da (karbono-aztarna, ur-aztarna, lurzoruaren okupazioa, etab.)”.
Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi duenez, "Rexcatering proiektua zabaltzeak erakusten du erakundeok, ikastetxeok eta herritarrok elkarrekin lan egiten dugunean, arazo bat aukera bihurtzeko gai garela. Elikagaiak alferrik galtzea herritarrentzako baliabide erabilgarria bihurtzen ari gara, eta hori ekonomia zirkularraren adibide bikaina da”.