Jardunaldi Mikologikoen 25. edizioa egingo da urriaren 4an eta 5ean

Ikastetxeetako haurrei arlo horretan duten prestakuntzari garrantzia eman nahi diote
Jardunaldi Mikologikoen 25. edizioa egingo da urriaren 4an eta 5ean
2025/09/24 10:35
eta kitto!

Heldu da udazkena eta, horrekin batera, onddo bila ibiltzeko sasoia. Ohiturari jarraituz, Eibarko Klub Deportiboak Jardunaldi Mikologikoen edizio berria prestatu du, oraingoan 25.a dena. “Aurtengoan, ikastetxeetako haurrei arlo horretan duten prestakuntzari garrantzia eman nahi izan zaio”, esan digute Deporrekoek.

Urriak 4an, zapatua, ikasleekin Elgoibarko baso batera mendi-irteera didaktikoa egingo dute, ikasturteko lehena herriko gazteentzat. “Bertan, Aranzadi Zientzia Elkarteko aditu bi egongo dira onddoen munduari buruzko oinarrizko ezagutzak emateko, onddoak modu iraunkorrean nola jaso jakiteko, onddoak bereizteko...”, kontatu digute. “Iaz 42 izan ziren irteera horretan parte hartu zuten haurrak eta aurten espero da kopuru hori aise gainditzea, izan ere, irteera ofiziala izango da eta horrenbestez kontatuko du Arrateko Finalista Egunean banatzen den dominarako. Eibarko Klub Deportiboko Mendi Taldeak helarazi dizkie familiei izen-ematearen nondik norakoak eta txangoaren inguruko xehetasun gehigarriak”. Ondoren, bildutako aleak Errebal Plazan sailkatuko dituzte.

Horrez gain, 11:00etatik aurrera, onddoen zaletuek euren perretxikoak Errebaleko A eta B aretoetan laga ditzakete hurrengo eguneko erakusketan.

Urriaren 5ean, 10:30etik 14:00etara, Errebalen, haurrek eta zaleek bildutako perretxikoak erakutsiko dira, eta, aldi berean, txanpien pintxoak dastatuko dira, bakoitzak gustukoen duen edariarekin.