"Jarri bizikleta prest MUGIrekin" ekimena Eibarrera ailegatuko da bihar arratsaldean
Jasangarritasun eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuek bat egingo du aurten ere Mugikortasunaren Europako Astearekin. Kanpaina horren bidez, bai arduradun politikoak, bai herritarrak, garraiobide iraunkorragoak (bereziki, garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak) erabiltzeak osasun publikoan eta ingurumenean dituen onurei buruz sentsibilizatu nahi dira. Horretarako hainbat ekintza egingo dituzte eta, besteak beste, MUGI txartel pertsonalizatuen erabiltzaileentzat bizikletak konpontzeko doako zerbitzua emango dute.
Horrela, bihar (martitzena, hilak 17) Eibarren egongo da bizikleten konponketak egiteko furgoneta-tailerra: 16:00etatik 20:00etara egongo da Untzaga Plazan, MUGI pertsonalizatua aurkezten dutenei bizikleten oinarrizko konponketa-zerbitzua emateko. Gainera, EBK Eibarko bizikleta establezimenduak (Karmen, 4; 943 344 158 telefono zenbakia) ere bat egin du kanpainarekin, eta bertan ere eskainiko dute bizikletak doitzeko zerbitzua MUGIko erabiltzaileentzat.
Aurreko edizioetan bezala, dendetan eta tailerrean aurkituko dituzten kupoiak bete eta parte hartzen dutenek, zozketatuko dituzten bi bizikleta eta 50 euroko bi erosketa-bonu irabazi ahalko dute. Era berean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, MUGI txartelean 20 euroko 60 birkarga zozketatuko dira.