JAVIER ZIARAN: “Oso gustora egon naiz Udaltzaingoan eta nere bizitzaren parte bat hemen geldituko da”
Javier Ziaranek hogeita hamazazpi urte eta erdi eman ditu Eibarko udaltzain modura lanean, azken sei urteak Udaltzainburu karguan, eta orain egun batzuk jubilatu egin da. Erretiroa hartu baino pare bat egun aurretik egin diogu elkarrizketa, Udaltzaingoan egin dituen urteak nolakoak izan diren kontatzeko.
Azken sei urteak Udaltzainburu karguan eman eta gero, etapa berria hasiko du Ziaranek. Berak lagatako hutsunea Julen Saldiasek beteko du aurrerantzean. Udaltzainburu berria orain dela gutxi etorri da Eibarrera, baina aurretik eskarmentua dauka. Sortzez zarauztarra da Saldias, eta han hasi zen udaltzain lanetan. Hamabost urte egin ditu Zarautzen lanean, eta ondoren beste bi urte Deban, hango Udaltzainburu karguan. Esan digunez, gogotsu ekingo dio lan berriari.
Nola hasi zinen udaltzain modura lanean?
Hasi nintzen orain dela ia 38 urte, 1987ko abuztuaren 1ean. Sei udaltzain berri hasi ginen batera, lau Eibarkoak, beste bat Ermukoa, eta seigarrena Bergarakoa. Hasteko, udaletxean bertan formakuntza txiki bat egin genuen, eta gero, segidan, uniformearekin kalera irten ginen. Hortik aurrera pixka bat denetarik egin dut Udaltzaingoan, ia postu guztietatik pasatu naiz, eta nire azken sei urteak izan dira Udaltzainburu moduan.
Aldaketa handia dago udaltzain izatetik Udaltzainburu izatera?
Bai, desberdina da. Baina ni oso gustora egon naiz, ardura handia da, baina gustora egon naiz. Orain 47 udaltzain gaude plantillan, eta hori guztia zuzentzerako orduan batzuetan arazoak egoten dira. Eta gero, kalean gertatzen dena kudeatzea eta, ez da beti erraza izaten. Gainera, azken urteetan pandemia ere pasatu dugu, eta garai konplikatua izan zen hori.
Egia esan, Udaltzainburu moduan eman dituzun urteak ez dira lasaiak izan...
2019an hasi nintzen Udaltzainburu moduan, eta jarraian denetik pasatu zen. Hasi ginen Arragueta kalean bi eraikin jausita, azaroan izan zela uste dut; gero, jarraian, Zaldibarkoa gertatu zen, eta ia batera pandemia hasi zen.
Pandemia garaian zuen lana egiteko nola moldatu zineten?
Ba ez zen erraza izan, ez horixe! Arauak, esate baterako, astero aldatzen ziren. Orduan, astero begiratu behar genituen arau berriak zeintzuk ziren, nola antolatu jendeak horiek betetzeko, zalantzak egoten ziren, ez genekien nola kudeatu... Jendearentzat ere, gu erdian geunden: batzuendako motz gelditzen ginen, eta ez genuen ezer egiten, eta beste batzuentzat, berriz, isun pila bat jartzen genituen. Garai konplikatua izan zen, gazteek kalera irten nahi zuten... Baina, hala ere, badirudi orain dela ez dakit zenbat urte pasatu den zerbait izan dela, nahiz eta bakarrik pare bat urte pasatu diren.
Azken urteetan, gainera, plantillan aldaketa handiak izan dituzue, jubilazio dezente tartean... Nola egin diozue aurre?
Egia esateko, hori kudeatzea ez da lan erraza izan. Begira, azken hamabi urteetan pasatu dira ehun agente berri hemendik, Udaltzaingotik. Orduan, aldaketa pila bat egon dira. Jendea, gazteak joan egiten dira, berriak etortzen dira, urtero aldatzen ditugu batera ez dakit zenbat... Esate baterako, orain dela urtebete edo, hamabi lagun joan ziren batera, urte hasieran, eta etorri ziren denak berriak. Ni sartu nintzenean seitik lau Eibarkoak ginen, eta beste biak ingurukoak. Orain gazteak etortzen dira eta mugitu nahi izaten dute, beraien herrira hurbildu.
Lanbide guztietan bezala, zuenean ere belaunaldi aldaketari aurre egin behar izango diozue, ala?
Bueno, kanpotik etortzen direnez ez dute ezagutzen herria, kaleak... Eibarko espiritua ere ez dute ezagutzen. Orduan, hilabete batzuk behar izaten dituzte ohitzen joateko.
Izan ere, Udaltzaingoaren lan-poltsan aldaketa egon zen orain dela urte batzuk, ezta? Horregatik orain kanpotik datoz gehienak, ez lehen bezala...
Bai, orain dena Arkautek kudeatzen du, hango akademiak. Udaltzaingoan sartzeko probak eurek egiten dituzte, eta Ertzaintzarako eta guretzat, berdinak dira probak. Formakuntza ere han egiten dute, zazpi edo zortzi hilabete egoten dira, kurtsoa egiten. Eta gero, hona etortzen dira eta beste urtebete ematen dute praktikak egiten. Hori herri guztietako Udaltzaingoetan. Orduan, hori guztia aldatu egin da.
Lehen nola izaten zen hori?
Ba Udal bakoitzak ateratzen zituen bere probak, eta formakuntza ere bakoitzak bere modura egiten zuen. Lehen esan dudan moduan, guk udaletxean egin genuen formakuntza, pare bat astetan edo.Orain zortzi edo bederatzi hilabete egiten dituzte.
Eta, horrekin batera, lehen aldiz pistolarekin ibiltzea tokatu zaizue.
Hori ere! Hasieran ez zen erreza izan, denak ez geunden ados horrekin. Baina epaitegitik etorri zitzaigun agindua eta azkar ohitu gara. Honezkero normalizatu egin da, eta momentuz ez dugu izan arazorik, ezta erabiltzeko premiarik ere.
Hainbeste urte eta gero, herria bera, eta bertan bizi garenak, asko aldatu gara. Nola aldatu da Eibar zu lanean hasi zinenetik?
Dena aldatu da asko. Ni sartu nintzenean arazorik larriena heroina zen. Oso gogorra izan zen, kalte handia egin zuen, ez bakarrik Eibarren, hemen inguruan gazte pila bat hil ziren... Hori gogorra izan zen. Orain kultura ezberdinak daude, kanpotik etorri den jende asko, herrialde askotatik, eta dena aldatu da. Kalean nola ibili, oinezkoak orain protagonista dira, lehen automobilak ziren jaun eta jabe.
Sasoi batean trafikoak ematen zizuen buruko min gehien. Gaur egun zein da arazorik handiena zuentzat?
Saihesbidea egin zenetik asko hobetu da herri barruko trafikoa, orain dela 40 urte Eibarren trafikoa kaos bat zen. Orain askoz ere arazo gutxiago dago zentzu horretan.
Herritar askorentzat segurtasun eza omen dago herrian. Benetan hala da, ala uste oker bat da?
Segurtasunaren pertzepzioa oso subjektiboa da. Datuek esaten dute delituek pixkat gora egin dutela, baina ez hainbeste. Beti egon dira arazoak lapurreta eta horrelakoekin , eta zoritxarrez beti egongo dira.
Zer egingo duzu orain, jubilatu eta gero?
Egia esan, bertigo pixkat ematen dit, ez pentsa! Baina egingo dut zerbait: kirol pixka bat edo. Ni beti egon naiz sartuta txirrindularitzan, proben antolakuntzan, Eibarko Txirrindulari Elkartean... Orain horri eskeintzeko denbora gehiago izango dut.