“Jendeak Saalda erosiko du solidarioa delako, eta ona dagoelako eta ondo egiten diolako errepikatuko du”
Osasuntsua, solidarioa eta zapore ederrekoa. Horrelakoa da Saalda, Mikel Lizarraldek martxan jarri duen proiektua. Su txikian hogei orduz egositako behi-hezur salda prestatu du (beno, berak ez, Elorrioko Delikatetxek kooperatibak baizik, baina berak sortua da proiektua) eta irabaziak Gobernuz Kanpoko Erakundeei emango dizkie.
Mundua toki pixka bat hobea egiten saiatzeko ekintza gozoa da Saalda. Ondo eta osasuntsu jateko aukera ematen digu Lizarraldek eta, gainera, eredu izan daiteke irabaziak pertsona gutxiren artean banatzea helburu besterik ez duten enpresentzat.
Zenbait erronkatan hartu izan duzu parte azken urteotan, proposamen bereziak eskainiz, baina Saalda bai dela orijinala. Nola sortu zen ideia?
Esklerosi anizkoitza diagnostikatu nindutenean gaizki pasa nuen. Zuloan egon nintzen eta, horren ondorioz, babes handia jaso nuen. Ez bakarrik Maria bikotekidearena, familiarena edo lagunena, jende askok lagundu zidalako. Gero, laguntzeko prest dagoen gizartea dugula ikusi dut, orokorrean. Osakidetza dugu momentuz, eta espero dut ez desegitea, baina laguntzen duten elkarte batzuk ditugu. Hortik hasi zen ideia hazten. Bestetik, kirol-erronka solidarioak egin nituen. Politak izan ziren eta dirua bildu nuen elkarte batzuei emateko. Lehenik, ADEMGIri, Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkarteari; eta gero, Biodonostiari. Kontua da ezin nintzela denbora guztian koadrilakoei estortsio egiten ibili nire aurpegia duen arroparekin. Beste alde batetik, Delikatetxe kooperatiba ezagutu nuen. Salda egiten dutela ikusi nuen eta, horren barruan, hezur-salda. Ezberdina da, gehiago egosten delako. Europan asko saltzen dela esan zidaten, baina hemen ez hainbeste, eta osasunarentzat abantaila batzuk dituela. Orduan, bonbila piztu zitzaidan eta hari ezberdinak lotu nituen: batetik, proiektu solidarioak landu nahi ditudala, nik jaso dudana gizarteari itzultzeko; eta bestetik, enpresa bat sortzea sistema barrutik pixka bat apurtzen duena. Izan ere, nire ustez gauza asko txarto daude eta horri buelta bat emateko asmoa dut.
Mundua pixka bat hobea izateko asmo horretan, nolako filosofia du proiektuak?
Apaltasunez (eta eibartar batek hori esatea pixka bat arraroa da), badakit honek ez duela mundua irauliko, baina pixkatxo bat egin dezala. Zer bilatzen den? Irabaziak bezeroek proposatutako eta erabakitzen duten elkarteekin partekatzen baditugu, esaten ari gara enpresa bat sortu daitekeela, ibilbide bat egin eta bere irabaziekin mundua pixka bat hobetu dezakeela. Distantziak alde batera lagata, niretzat eredua Patagonia enpresa da. Enpresaren sortzaileak fundazio bati saldu zizkion bere akzio guztiak eta gaur egun fundazioa da enpresaren jabea. Fundazioa natura zaintzen eta egoerari buelta ematen saiatzen da.
“Beste enpresek ikusi dezatela badagoela egiteko beste modu bat. Euren irabaziak akziodunen artean banatu beharrean, beste gauza batzuk egin daitezkeela”
Saaldaren bezeroek nola erabaki dezakete irabaziak nori eman?
Orain arte dena planak eta asmoak ziren, baina orain gauzatu egin dugu. Urtarrileko eta otsaileko irabaziak, azken kalkuluen faltan, 1.300 euro inguru izango dira. Orain dela bi aste bezeroei proposatu nien irabaziak zein elkarteri eman nahi zizkieten esateko. Hogei elkarte inguru proposatu eta bozkatu zituzten eta espero ez nuen zerbait gertatu zen: bozketan berdinketa eman zen. Beraz, erdibana egin genuen, eta itsasoan immigranteak salbatzen saiatzen den Aita Mari elkarteak eta Aspanogik (Gipuzkoako minbizia duten adingabeen familien elkartea) jasoko dute dirua. Ez da asko, 650 euro bakoitzarentzat, baina enpresengan eragina edukitzea da asmoa. Beste enpresek ikusi dezatela badagoela egiteko beste modu bat. Euren irabaziak akziodunen artean banatu beharrean, beste gauza batzuk egin daitezkeela.
Era berean, parte-hartzearen edo kontsumoaren aldetik, gizartea inplikatzea lortu daiteke.
Hori da. Proiektuaren bigarren pausoa izango da, kasu honetan, Aita Mariren eta Aspanogiren jendearekin berba egitea, elkarrizketa txiki batzuk egitea, egiten dutena ikustea eta hori zabaltzea. Ezagunak dira, baina egiten dutena gehiago zabaltzea da asmoa, eta kate bat izan dadila. Honekin guztiarekin ez dut donazioak egotea sustatu nahi, hori administrazio publikoak egin beharko lukeelako; baina, ez dutenez egiten, guk hartzen dugu iniziatiba eta gure esku dagoena egiten saiatzen gara egoera pixka bat hobetzeko. Aita Marik itsasoan erreskatatzen ditu immigranteak eta hori ez litzateke gertatu beharko, baina ez dutenez egiten egin behar dutena, Aita Marik egiten du lan hori. Beraz, lagundu dezagun Aita Mari. Minbizia duten haurren gurasoek Osakidetzaren aldetik ez dutenez eduki beharko luketen babesa jasotzen, Aspanogi bezalako elkarteak daude. Beraz, lagundu dezagun Aspanogi.
“Urtarrileko eta otsaileko irabaziak 1.300 euro inguru izango dira eta, bezeroek aukeratuta, Aita Mari eta Aspanogi elkarteei emango diegu dirua”
Saalda bera egiteko ere gertuko enpresa batera jo duzu, Delikatetxera.
Hasteko, salda ez dut nik egiten (barreak). Delikatetxekoak artistak dira saldak egiten, eta saldak egiteko modua ere ezberdina da. Irteerarik ez zuten oiloekin salda egiteko sortu zuten kooperatiba. Horrela hasi ziren, eta era berean, irteerarik ez zuten barazkiei irteera ematen diete. Izan ere, erabiltzen dituzten barazkiak zatarrak dira. Adibidez, porruei dagokienez, bandejan sartzen ez diren zatiak erabiltzen dituzte, oraindik onak direlako. Gainera, bertako produktuak dira. Osagaiak ez dira ekologikoak; ekologikoak erabili nahi bagenitu, ez liratekeelako Euskal Herrikoak izango. Ez da ekologikoa, baina ekologikoak Soriatik ekarri behar izaten dituzte. Eta zer gertatzen da horrek sortzen duen karbono oinatzarekin? Saaldak ere baditu hobekuntzarako alderdiak. Online-denda da eta kaxa bat Cambrilsera bidaltzea ez da munduko gauzarik garbiena. Kontraesanak ditugu, baina saiatuko gara konpontzen.
Saldari dagokionez, nolakoa da?
Supermerkatuetan aurkitu ditzakegun salda normalak hiru orduan egosten dira (eta ondo dago, ez dut ezer horren aurka) eta hezur-salda 20 orduz egon behar da egosten, poliki-poliki, hezurrak kolagenoa soltatzeko. Horrek egiten du hezur-salda kolagenoan aberatsa izatea eta baita garestiagoa ere, prozesatzeko denbora gehiago behar delako.
Nolako zaporea du?
Hezurrarekin eta okelarekin egindako salda da, eta zapore bizia du. Ez bazaizu hain bizia gustatzen, ur pixka bat bota eta zaporea moteldu daiteke.
Osasunarentzat onurak dituela aipatu duzu. Zeintzuk?
Ez dut esango mundua salbatzeko balio duenik, baina kolagenoan onura nahikotxo omen ditu. Saltzen duenak zer esango du ba, zoragarria dela, baina hainbesteraino ez dut kamiseta hori jarriko. Itxura denez, kolagenoak hezurretako eta artikulazioetako molestiak arintzen laguntzen digu, batzuei azaleko ximurrak kentzen laguntzen dizkie eta, ohera joan baino ordubete lehenago salda edanez gero, hobeto egin daiteke lo. Gainera, digestio hobeak edukitzen laguntzen du, heste-iragazkortasunarentzat mesedegarria omen delako. Nik gustora hartzen dut eta horregatik hartzen dut. Beti diot gauza bera: jendeak erosiko du solidarioa delako, eta ona dagoelako eta ondo egiten diolako errepikatuko du. Ez dut mirariproduktu bezala salduko. Probatu eta, ondo egiten badizu, berriz erosi.