Joan prestatzen Euskal Jaia, ate joka dugu eta
Klub Deportiboko Kultura batzordeak antolatzen duen Euskal Jaiak 59. edizioa beteko du aurten. Ohikoari jarraituz, maiatzaren azken asteburuan garatuko du egitarauaren zatirik handiena. Hala ere, badira hainbat ekitaldi aldez aurretik lotzen joatea komeni dena, tartean afarirako eta bazkarirako izen-emateak. Dagoeneko jaietako kartela eta triptikoa kalean badira ere, hemen doakizue horren aurrerapen bat.
Geratu barik dantza egiteko doinuen artean
Klub Deportiboko Kezka eta Iruñeko Dugunak dantza-taldeek zapatu arratsaldean eta domeka eguerdian eskainiko dituzten dantzaldietik aparte, maiatzaren azken asteburuak izango ditu, bai, nahiko doinu dantza egiteari geratu barik eusteko. Barixakuan bertan, maiatzak 24, Patxangoi elektrotxarangak aurrea hartuko die arratsaldean Kilimak eta Mugi Panderoa taldeek gauean eskainiko duten kontzertuari. Hurrengo egunean, zapatuan (maiatzak 25), eguerdi aldean txistupoteoak gaur egungo txistulariak eta txistulari-ohiak batuko dituzte gure kaleetan, gainera Eibarko Trikitilari Gazteak lagun dituztela. Arratsaldeko kale-animazioa Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen esku izango da, eta kantu-afarian ere eurek gidatuko dituzte aukeratutako kantak, Jainaga eta Narbaizak lekukoa hartu eta erromeriarekin hasi aurretik. Domekan (maiatzak 26), azkenik, arratsaldeko erromeria Gathubi taldearen eskutik izango da eta, behin hori amaituta, aurtengo Euskal Jaiari amaiera emango dioten larrain-dantzetan azken jauziak egiteko aukera izango da, Untzaga plazan lehenengo eta Deporren parean ondoren.
Goian aipatutako dantza-taldeen ikuskizunek osatuko dute jai-giroko egitaraua. Oraingoan, gainera, domeka eguerdikoari zapatu arratsaldean, 18:30ean, Deportibo aurrean Duguna eta Kezkako dantzari gaztetxoekin egingo den dantzaldia gehitu behar zaio.
Giro onean jan nahi baduzu, ez laga azken unerako
Euskal Jaiaren barruan badira bi ekitaldi jende asko biltzen dituenak, baina aldez aurretik (lehenbailehen) komeni da jakitea zenbat lagun hartuko dituzten, antolatzaileen lana erraztearen aldera. Zapatuko (maiatzak 25) kantu-afaria eta domekako (maiatzak 26) herri-bazkaria dira horiek: baterako zein besterako tiketak salgai daude Deporreko tabernan hilaren 8tik eta aukera izango duzue erosteko datorren eguaztenera arte (maiatzak 22). Horrelakoetan urtero egiten duten bezala, bi prezio ezarri dituzte, “merkeagoa, ikasle eta langabetuentzat; eta 5 euro garestiagoa langile eta dirua dutenentzat”.
Kantu-afariaren prezioa 20 eta 25 eurokoa izango da eta kateringa Harakintzaren ardura izango da. Horko menua honakoak osatuko dute: iberikoak hasteko, entsaladilla errusiarra jarraian, gero txahal sukalkia eta, postre bezala, pantxineta. Edariak eta kafea prezio horretan sartzen dira. Ekitaldiaren barruan Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak joko ditu afalduosteko abestiak eta, tarte hori behin amaituta, Jainaga eta Narbaizaren erromeria-saioa izango da. Herri-bazkariaren prezioa bost euro merkeago da kasu bietan, hau da, 15 eta 20 euroren artekoa. Biziminak eskainiko duen katering zerbitzuaren menua honakoek osatuko dute: hasteko entsalada, ondoren paella eta, amaitzeko, postrea. Hor ere edaria eta kafea sartzen dira aipatutako prezioetan.
Instalazio kolektiboa izango da ekimen berrietako bat
Arrate Kultur Elkartearen eskutik antolatutako “Euskal Jaia koloretan” instalazio kolektiboa izango da aurtengo berritasunetako bat. Antolatzaileek diotenez, bertan “aniztasuna, ospakizuna eta Euskal Jaiarekiko harremana irudikatu nahi ditugu”. Horretarako, Sormen Tailerrean parte hartu nahi duten guztiek arratekultu@gmail.com helbidera edo 638 284 912 zenbakira bidali beharko dute “zure bizipena + data + aukeratutako kolorea” hilaren 19a baino lehen, hau da, domekan amaituko da epea. Jasotako aportazio guztiekin Euskal Jaiko zapatu goizean, baserritar eta artisau ferixarekin batera, Pantone itxurako banderatxoen bidez aterako dituzte kalera. Aipatutako figura horiek Deportiboaren inguruan zintzilikatuko dituzte, Adarabar elkartearen laguntzarekin.
Finaletarako bidean da Euskal Jaiko pala txapelketa
Aurtengoa hirugarren edizioa da, orain dela aste batzuetatik hona garatzen joan dena. Klub Deportiboko pilota batzordeak duen palako azpibatzordeak antolatutako torneoko herriko txapelketan zortzi bikotek hartu dute parte, eta federatuen txapelketa irekian kopuru horren bikoitzak: “Hamasei horietatik bost bikote Eibarkoak dira”, dioskue antolatzaileek. Bi lehiaketetako finalak hilaren 25ean jokatuko dira, beste partidu guztiak bezala Astelena frontoian: zapatu horretako jaialdia 11:00etan hasiko da eta 13:00etan amaituko, “bertaratutako guztientzat prestatuko dugun luntxarekin”.
Baina aurretik, asteburu honetan, erabakiko dira zeintzuk jokatuko dituzten bi final horiek. Herri mailako torneoak badu finalista bat dagoeneko, aurreko asteburuan lortu baitzuen txartela Sarobe-Beton bikoteak, 25-18 irabazi eta gero. Finalean aurkari izango dutena Larra-Korta eta Gisasola-Zubizarretabikoteen arteko lehiatik aterako da. Txapelketa irekiaren finalerdietan, bestalde, bikote hauek neurtuko dituzte indarrak: alde batetik, Osa-Guinea eta Olano-Agirrebeña izango dira nor baino nor; eta, bestetik, Irizar-Egiburu eta Adonis-Etxabe. Osak eta Guineak osatzen dute finalerdietan izango den herriko bikote bakarra.