Jokin Azpiazu: “Esperimentazioa inoiz ez da amaitzen, baina puntu batean, osasunarengatik, ‘honaino’ esaten duzu”
eta atzo izan genuen bere proposamena zuzenean ezagutzeko aukera Arrate Kultur Elkarteak antolatutako Ikus-entzunezkoen Astean, San Andres elizako klaustroan.
Maialen Belaustegiren irudiek lagunduta, Ander Barriusorekin teknikan eta gonbidatuekin, gauzak ondo berriz inoiz errepikatuko ez den saioa eskaini zuen atzo Azpiazuk. Ikuskizun bakarra izan baitzen, bakarra den bezala bere musika.
“Mundua pikutara doa”, esan izan duzu. Ostera, zure diskoak ‘Esperantza’ du izenburu. Beraz, zeren esperantza?
Pentsatzen dut oraindik gelditu daitekeela mundua pikutara joate hori. Objektiboki, mundua pikutara doa. Klima-aldaketa eta, kontu horiek guztiak hor daude mahai gainean eta hainbat gauza probatu ondoren, nabaria da sistema ekonomikoa aldatu arte ez dagoela hori konpontzerik. Ezin da trantsizio ekologikoa egin kapitalismoaren barruan, ez luke funtzionatuko. Diskoari ‘Esperantza’ izenburua jarri diot uste dudalako horrelako momentuetan gauzei buelta emateko gogoa pizten dela. Azken urteotan, pandemiarekin eta, asko egin da berba esperantzaren inguruan, baina niretzat esperantza ez da zerbait itsua. Ez da eseri eta gauzak ondo jarriko direla itxarotea. Zerbait egitea da, jakinda zerbait eginez gero egoerari buelta eman ahal diogula. Beraz, hortik doa gehiago ‘Esperantza’. A eta B aldeak toki berdinean daude.
Lana kasetean eta CD-an kaleratu duzu, besteak beste, baina Spotifyn ez. Zergatik?
Disko honetarako Bartzelonako zigilu txiki batekin hasi naiz lanean (Dê O Fora discos) eta ohitura handia dute kaseteak argitaratzen. Aukera eman zidaten, eta zergatik ez? CD-a, bestetik, nahiko formatu estandarra da eta, gazteek apenas erabiltzen duten arren, helduek eta nagusiek bai erabiltzen dutela. Gainera, nahiko merkea da fabrikatzea. Biniloa, adibidez, oso garestia da eta hasieratik baztertu genuen. Kontua da gaur egun jendeak plataforma digitalak erabiltzen dituela musika entzuteko eta primeran iruditzen zait, nik neuk ere erabiltzen ditut, baina batzuek eta besteek jartzen dituzten baldintzak oso ezberdinak dira, eta nire moduko musikari batentzat ez dago alde handirik. Musika ez dut dirua irabazteko egiten, plataforma batean edo bestean izan. Orduan, diskoa Bandcampen jarri nuen eta bertan entzuleak erabakitzen du zenbat diru eman. Diru hori zuzenean doa musikariarengana, nahiz eta zati txiki bat plataformak hartu, logikoa denez. Spotifyk erabat ezberdin funtzionatzen du. Algoritmoa musikari handienak saritzeko eta musikari txikiei zailtasunak jartzeko dago programatuta, eta hizkuntza txikietan abesten dutenei zailtasunak jartzen dizkie. Horrela, musikari batzuk bultzatu eta beste batzuk baztertzen ditu. Honetan guztian asko jokatzen ez dudanez, zera pentsatu nuen: “Zer ibili behar naiz, arrastaka horrelako plataforma batean sartzeko eta lerroko azkena izateko?”. Ba, ez sartzea erabaki nuen eta kitto. Erabaki horrekin ez dut ezer aldatuko, baina momentu batean gauza batzuei ezetz esan behar dela pentsatu nuen. Ez koherentziagatik bakarrik, baizik eta ezetz esateak horren inguruan eztabaida ireki dezakeen esperantza dudalako.
Lanbidez soziologoa eta irakaslea zara unibertsitatean. Musika nola bizi duzu? Elkarri elikatzen dioten bi arlo dira, edo bakoitza bere aldetik doa?
Musika poztasunaren eta frustrazioaren aldetik bizi izan dut beti. Nire ogibidea beste bat da eta denbora eta pasio asko eskatzen dit eta, ondorioz, musikari ezin diot nahi izango niokeen denbora eskaini eta frustrazioz bizi dut. Era berean, musikak errutina eta beste kontu batzuk arintzen laguntzen dit. Niretzat lotuta doazen gauzak dira. Letretan nire hurbilpen soziologiko eta arrazionala igartzen da, baina aldi berean musikaren bitartez horrekin apurtzen saiatzen naiz. Bestetik, duda barik, musikari bezala egiten ditudan gauza ugarik asko laguntzen didate irakaskuntzan. Beste toki batean kokatzen nau eta funtzionatzen du. Toki batean egoteak ez nau laguntzen eta, mugitzen naizenean, toki batean ikasten dudanak bestean balio dit, eta alderantziz.
Gitarrarekin hasi zen Jokin nola iritsi da Olor bezala egiten dituzun gauzak egitera?
Urte askotan zehar ibili naiz musika taldeetan jotzen (PAM, Occhi di Farfalla…). Baxua lehendabizi, gitarra gero… Batzuetan serioago eta beste batzuetan ez hainbeste. Momentu batean neure kabuz zerbait egiteko gogoa sartu zitzaidan, ia-ia inorekin negoziatu barik. Talde batean zaudenean oso alde ona da gauzak bakarrik egin ahal ez izatea. Bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu, hortik zerbait irteten da eta hori zoragarria da. Baina momentu batean nirea zen zerbait egin nahi nuen. 20 urte ingururekin elektronikarekin esperimentatzen hasi nintzen, baina ez nuen inoiz kanpora atera eta, orduan, hori azaleratu nahi izan nuen.
Esperimentatze horretan non aurkitzen dituzu mugak? Noiz konturatzen zara lortu nahi zenuena lortzen duzula?
Ez daukat oso argi. Uste dut batzuetan inguruneak zehazten duela hori, hau da, zure kontroletik kanpo dagoen zerbaitek. Adibidez, egun batzuk gehiago edukitzea nahiko zenuke gauza bat prestatzeko, baina etzirako eginda egon behar da, eta ordurako prest eduki behar duzu. Kantuei buelta asko ematea ondo dago, baina batzuetan zerbaitek mugak ipintzea eskertzen dut. Horregatik, mugak jartzen saiatzen naiz kontzertuak bilatuz eta abar. Hala ere, prozesua inoiz ez da amaitzen. Orain lehen sortutako kantuak hartzen ditut, buelta ematen diet eta kantu ezberdinak aurkezten ditut, eta horrela da etengabe. Uste dut hori elektronikaren abantaila bat dela. Katxarroei berdin zaie gauzak zenbat aldiz aldatzen dituzun. Gauzak aldatzeko gogoa baduzu, aurrera. Beraz, inoiz ez da amaitzen, baina puntu batean, osasunarengatik, “honaino” esaten duzu.
Irudiaren arloa ere lantzen du Olor-ek. Atzokoan, adibidez, Maialen Belaustegirekin. Nolako lana egiten duzue?
Maialen eta biok orain dela urte batzuk hasi ginen elkarrekin lanean. Normalean, gure lan egiteko modua nahiko organikoa da. Abestien inguruan jartzen gara (lehengo egunean aipatu genuen ondo egon daitekeela alderantzizko prozesua jarraitzea) eta hortik irteten dira irudiak. Azkeneko diskoarekin ezin izan dugu lan asko elkarrekin egin, baina klaustroko saiorako bai prestatu genuela zerbait berezia.
Azkeneko diskoan Maite Arroitajauregik hartu du parte. Mursegok eta Olor-ek egiten duten musika ikusita, elkarrekin aritzera kondenatuta zeundeten?
Maite eta biok lagunak gara aspalditik, eta beti jarraitu dut bere ibilbidea. Elkarrekin zerbait egitea falta zitzaigun, baina inoiz ez dugu presarik eduki eta horrela etorri da. Abesti hori entzun nuenean (‘Polos y peteneras de Alabama’, nirea ez den letra duen abesti bakarra), intonazioa eta abar, Maiterendako modukoa zela pentsatu nuen. Proposatu nion eta ahal izan dugun moduan egin dugu, oso natural.