JOL IGARTUA: “Garrantzitsua da baserria eta abeltzaintza martxan egotea, eta herriarentzat elikadura bertatik sortzea”

Andoni Barandika bazkidearekin batera, Itturrua Goikoako Jol Igartuak abereak hazten ditu gero euren okela saltzeko.
2024/11/28 10:28
eta kitto!

Kalea laga eta mendira jo zuen Jol Igartuak orain dela urte batzuk. Hasieran lagun batzuekin bizi izan zen Izua baserrian, eta baserriko bizimoduak harrapatu zuen bertan. Animaliak hazten hasi zen eta Itturrua Goikoa baserrira jo zuen gero, Andoni Barandika lagunarekin behiak, txahalak, behorrak eta txerriak hazi eta haien okela saltzeko.

Mandiola bailara dute bizileku Jol eta Andoniren animaliek. Egun osoan euria egin ondoren, eurengana jo dugu arratsaldeko eguzki izpiekin, eta Usartzako lasaitasunean Jol agurtzen dute bertara heldu dela ikusten dutenean. Lotura berezia dutela atzematen da.

 

Kalea laga ondoren, urteak daramatzazu baserrian bizitzen. Nola ikusten da bizitza hemendik goitik?

Mendia beti gustatu izan zait, animaliak eta abar, eta niretzat aldaketa ona izan zen baserrira igotzea eta bertan lan egitea.

Bizitzaren erritmoan aldaketa handia igarri zenuen?

Gure asmoa eta buruan genuen ideala gora igo eta lasaiago bizitzea zen, beheko presio barik (gu tailerrean ibilitakoak gara eta badakigu hori zer den), baina behin lanean hasita ikusi genuen hemengo martxa handia dela. Baditu gauza onak (adibidez, animalia artean bizitzea, naturan...), baina oso dependientea da eta asko eskatzen du.

Kaletarrak eta fabrikako langileak izanik, nolatan erabaki zenuten hori guztia utzi eta baserrira igotzea eta bertan lan egitea?

Kasualitatez eman zen. Hasieran, lau-bost lagun Izuara joan ginen bizitzera eta ortuarekin eta oiloekin hasi ginen, eta gero txerri batzuk eduki genituen. Agroekologiako ikastaro batzuk eman genituen, pikatzen joan ginen eta poliki-poliki gauza gehiago egiten hasi ginen: behi bat ekarri bi txahalekin, beste baserri batera joan (Itturrua Goikoa), eta horrela orain arte.

Beraz, gauzak egin ahala joan zara baserriko lana ikasten?

Bai. Hasieran tailerreko lanari eutsi nion, baina gero laga egin nuen eta gaur egun Andoni eta biok buru-belarri gabiltza baserriko lana egiten.

Esan duzun bezala, baserriko bizitzaren inguruko ideal bat zenuen, baina nolabaiteko talka sentitu zenuen errealitatea ezagutzerakoan?

Lehenengo sektorea ez dago oso momentu onean, nahiko momentu kritikoan dagoela esan daiteke, eta bertatik bizitzea ez da erraza, baina horren aldeko apostua egin genuen eta hortxe gabiltza. Batzuetan pentsatu izan dugu hau guztia pixka bat zoroa dela eta tailerrera itzuli beharko ginatekeela, baina beste batzuetan poztasuna ematen dizu eta egiten dugunarekin harro sentitzen gara. Pentsatzen dut garrantzitsua dela baserria eta abeltzaintza martxan egotea, eta herriarentzat elikadura bertatik sortzea. Pentsamendu horrek aurrera egiten laguntzen digu

Lehen sektorearen egoera kritikoa dela esan duzu. Zergatik?

Oso zaila dago baserriaz bizitzea. Orain artean egoera oso zaila izan da baserrian bizi direnentzat eta abeltzainentzat. Beti entzun izan dugu 24 orduz egin behar dela lan, asteburu librerik ez dagoela, ezta oporrik ere, eta gainera ez dagoela oso soldata onik. Ondorioz, baserrian ez dago erreleborik. Baserriko jende gehiena jubilatzeko dago eta oso gazte gutxi dago.

Beraz, Andoni eta biok zarete paradigma horren kontrako aldea. Beste batzuentzat eredu izan zaitezkete.

Bai, baliteke. Saiatu egin ginen eta 10 urte daramatzagu Itturrua baserrian behiekin. Bertatik bizitzea lortu dugu.

Inguruan ezagutzen duzue antzeko kasurik?

Hemen bueltan badago jende gaztea. Eibarren badaude beste 4-5 baserri bertatik bizi direnak, Abadiñon artzain batzuk... Badaude batzuk, baina askoz ere gehiago izan zitezkeen erreleboa egongo balitz.

Zuek baserriko bizimodua ikasi behar izan duzue, baina kaletik etorrita gauza berriak ere ekarri dituzue?

Nik hemen ikasi dut dena. Bertako jendeak erakutsi dit behiak nola maneiatu, erditzeak nola egin, txahalak nola loditu, mendian nola lan egin... Baina guk beste gauza batzuk ekarri ditugu. Adibidez, asteburuetan jai edukitzea, oporrak hartzea... Hori guztia kontuan hartuta, beste modu batean lan egin daitekeela pentsatzen dut eta gazteentzat erakargarria izan daitekeela. Beharrezkoa da zaintza hori, mendiak lagata daudelako, abereak ibiltzen ez diren tokiak zikin daudelako... Eta horrek ekartzen du lehorteak daudenean erretzeko arrisku gehiago egotea, besteak beste. Herri moduan garrantzitsua da baserriak martxan edukitzea.

Horretarako, nahia eta gogoa beharrezkoak dira, baina baita beste arlo batzuk ere. Behar besteko laguntza jasotzen duzue?

Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Europatik laguntzak jasotzen ditugu, bestela ezinezkoa izango litzateke bertatik bizitzea. Azken finean, egiten den lan batengatik jasotzen ditugun laguntzak dira. Hau da, adibidez, 20 hektarea garbi badituzu, hori beste gauza batzuetarako onuragarria da, eta horregatik ordaintzen digute. Beraz, diru-kopuru bat ordaintzen dute mendiko lorazain izateagatik, modu batean esatearren. Bestalde, okelari dagokionez ere, jasotzen dugu zerbait. Izan ere, okelagatik guri ordaintzen diguten prezioa ez da benetan okela horrek balio duena. Hau da, saltzen dugun okelaren kostua askoz ere handiagoa da eta, horrela salduko bagenu, bere prezioa zerutan egongo litzateke eta herritarrek ezingo lukete erosi. Beraz, okela hori erosi ahal izateko prezioak zehazten ditugu, eta atzetik laguntzak etortzen zaizkigu hori jasangarria izan dadin. Hori bai, uste dut garrantzitsuena gure produktuek merkatuan balore bat edukitzea eta bertatik bizitzea izango litzatekeela, laguntzarik jaso gabe.

Zuen kasuan, gainera, filosofia jakin bati jarraitzen diozue: ekoizpen ekologikoa, jasangarria eta kalitatezkoa. Horrek nola baldintzatzen du zuen negozioa?

Gure produktuak salmenta zuzenean saltzen ditugu eta jendeak garrantzia ematen dio okela ekologikoa izateari. Gure produktuak pixka bat garestiagoak dira ekologikoak izateagatik, guri ere gehiago kostatzen zaigulako animaliak haztea, baina hori da gure ideologia, animaliak modu ekologikoan hazi behar direla uste baitugu.

Horrek produktuaren kalitatea ere bermatzen du?

Zigilu ekologikoak animalien ongizatea bermatzen dugula erakusten du (horretarako hainbat baldintza bete behar ditugu, besteenak baino zorrotzagoak) eta animaliek jaten duten belarrak kimikorik ez dutela, besteak beste. Produktua hobea izango da. Bezeroek behintzat oso balorazio ona egiten dute. 30 familia ingururekin hasi ginen eta hilero gure okela kontsumitzen duten familia gehiago ditugu orain. Gainera, Mur-Mur jatetxean (Arragueta kalean) eta Basagunean (Errebal Plazan zabalduko duten kontsumo elkartean) ere gure produktuak banatzen ditugu.

Etorkizunera begira zein asmo duzue?

Gaur egun 24 behi ditugu eta euren txahalak eta kanpotik ekarritako batzuk loditzen ari gara. Behorrak ere baditugu. Mendira botatzen ditugu eta neguan jaisten ditugu, moxalak kentzeko. Eta, azkenik, euskal txerriak ditugu eta txerrikumeak hazten ditugu. Orduan, gure asmoa loditzen ditugun txahalak hemen jaiotzea eta behi kopurua igotzea da. Salmenten arabera egingo dugu hori, beti egin dugun moduan.