Jon Ander Ulazia da SD Eibar-ko presidente berria

Eibartarrak Amaia Gorostizaren tokia hartu du futbol taldearen buruan
Jon Ander Ulazia da SD Eibar-ko presidente berria
(Argazkia: SD Eibar)
2026/11/18 16:16
Ekhi Belar Errasti

Jon Ander Ulazia SD Eibar-ko presidente berria komunikabideen aurrean agertu da asteazken honetan lehen aldiz, astelehenean Administrazio Kontseiluak kargurako izendatu ostean. Amaia Gorostizaren lekukoa hartu du, eta haren agintaldia osatuko du. Lehen agerraldian, jasotako konfiantza eskertu eta datozen hilabeteetako lan-ildo nagusiak aurreratu ditu. Azaroaren 25ean egingo den Akziodunen Batzar Nagusian emango ditu azalpen gehiago.

Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza Ulaziak klubeko bazkide gisa, eta horietatik hamalau Administrazio Kontseiluko kide izan da. Horrela, eibartarrentzat herriko klubeko presidente izatea ohorerik handiena dela adierazi du, eta ardura horri erantzuteko nahia azaldu du.

Azaroaren 25eko batzarrean, sozietatearen egoera eta azken ekitaldiko kontuak ez ezik, jasangarritasun-txostena, auditore izendapena eta urtarrilean sartutako Juan Luis Crucelegui kontseilukidearen berrespena ere aztertuko dituzte.

 

Bost lan-ardatz

Ulaziak bere presidentetzaren bost lan-ardatz nagusiak aurreratu ditu. Lehenengoa klubaren gizarte-oinarriarekiko harremana indartzea izango da. Ulaziak gogorarazi du SD Eibar izaera sozialeko kluba dela, nahiz eta sozietate anonimo kirol-elkartearen forma juridikoa izan. Zaleak, abonatuak, akziodunak, peñak eta inguruko kolektiboak klubaren arrazoi nagusia direla azpimarratu du, eta harreman hori sendotzeko ekimenak batzarrean azalduko dituztela iragarri du.

Arlo ekonomikoan, azken lau urteetan defizita murrizteko egindako bideari jarraitzeko asmoa agertu du. Horretarako, gastuari eutsi eta diru-sarrerak handitzen jarraituko dute. Batzarrean aurkeztuko dituzten kontuek aurrekontuarekiko 1,5 milioi euroko hobekuntza jasotzen dute, eta jokalarien salmentari esker aurtengo aurreikuspena ere hobetu ahal izan du klubak. Helburua, Bigarren Mailako egungo egoeran, oreka ekonomikoa lortzeko bidean aurrera egitea da.

Kirol arloan, gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeei euren helburuak lortzen laguntzea izango da lehentasuna. Aldi berean, bigarren taldeak eta harrobia babestuko dituzte, etxeko gero eta jokalari gehiagok lehen taldeetako elastikoa jantzi dezaten. Kirol zuzendaritzarekin batera, datozen denboraldietarako oinarriak ezarri nahi dituzte.

Beste lan-ildoetako bat Areitioko Kirol Hiria martxan jartzea izango da, bai taldeen barne-antolaketari dagokionez, bai instalazioen kanpo-erabilerari begira. Arlo instituzionalean, Euskal Futbol Federazioarekin instalazioen erabilera arautzeko hitzarmena eta 2030eko Munduko Txapelketan selekzioen egoitza izateko Areitioren hautagaitza aipatu ditu. Venezuelako selekzioak berriki egindako bisita lehen harremana izan da bide horretan.

Azkenik, Ipurua udal futbol-zelaia erabiltzeko hitzarmena berritzea izango du mahai gainean Ulaziak. Azken hilabeteetako elkarrizketak Gorostizaren gidaritzapean egin dira, eta orain prozesua amaitzea egokituko zaio presidente berriari. Udalaren borondate ona nabarmendu du, eta akordio batera iristeko konfiantza agertu du.

Bestalde, eraikuntza-lanak amaituta, klubak Areitioko Kirol Hiriaren prozesu osoaren balantzea aurkeztuko du Akziodunen Batzarrean, kronologia eta egindako esleipenak barne.