Jon Arretxe, idazlea: "San Frantzisko auzoak harrapatu egin nau"
- Zeren inguruan idatzi duzu azken eleberri honetan?
Aurreko nobelarako sortu nuen Toure sasi-detektibearen pertsonaiari eutsi diot eta bigarren honetan ere bera izango da protagonista nagusia. Ustezko anaia bapatean agertu eta, Afrikako abegiaren izenean, bere burua etxe-pateran harrera egitera behartuta ikusten du. Hortik aurrera hilketak eta bestelako kontuak nahasten joango dira. Aurreko eleberria idaztean pertsonaiari berari eman nion garrantzia, baina oraingoan garrantzitsuena trama da.
- Zergatik aukeratu duzu "612 euro" izenburua? Zeri egiten dio erreferentzia?
Batetik, laguntza premian zeudenei gutxieneko errenta hori ematen zitzaien nik liburua idatzi nuen sasoian. Baina, hortik haratago, esangura sinbolikoa ere badu, liburuan agertzen diren pertsonaia gehienak biziraupenaren muga horretan bizi baitira.
- "19 kamera" aurreko eleberria ere San Frantzisko auzoan girotu zenuen. Auzoak harrapatu zaitu ala?
Erabat. Aurreko asteburuan hango jaiak ospatu zituzten eta ni ere han izan nintzen, ederto pasatu nuen. "19 kamera" idazteko auzoan bertan instalatu nintzen, hango etxe bateko bigarren pisuan eta, horrela, idazten nuen bitartean, leihotik kanpora, kalean gertatzen zen guztia ikusten nuen. Bigarren lan honetarako ezin nintzen etxe hartan geratu, baina liburu dendari batek bere etxea eskaini zidan, egun osoan inor ez zela egoten eta liburua idazteko lasai asko erabil nezakeela eta hala egin dut. Etxe biak kale berean daude, beraz, alde horretatik ez da aldaketa handirik izan.
- Eta zer ikusi duzu leihotik begiratzean?
Denetarik ikusten da, gauza onak eta txarrak. Auzoan baztertutako jende mordoa bizi da, heroina eguneroko kontua da… Baina horrekin batera oso auzo bizia da, besteak beste baztertutako jendeari laguntza emateko elkarte eta GKE askok bertan egoitza daukatelako. Auzoan oso jende interesgarria dago eta eurek kontatutakoekin asko ikasi dut: zelako giroa zegoen heroina auzora ailegatu aurretik, prostituzioa bera nola aldatu den…
- Hurrengo lana ere San Frantziskon girotzeko asmoa daukazu?
Bai, horretan hasita nago. Izan ere, saga batek gutxienez hiru liburu izan behar ditu. Aurretik idatzitako nobela beltzekin alderatuz gero, "19 kamera" idaztean estiloa aldatu dut, umoreari tarte handia eskainita eta, neurri batean, horrelako harrera ona izateko arrazoietako bat hori izan daitekeela uste dut.