Jon Iraolak alkate izateko hautagaitza aurkeztuko du berriro 2027ko udal hauteskundeetan
Jon Iraola Eibarko alkatea PSE-EEren hautagaia izango da berriro 2027ko udal hauteskundeetan. Iraolak datozen lau urteetarako proposamenen berri eman du, eta segurtasuna, etxebizitza, irisgarritasuna eta gazteen beharrak aipatu ditu lehentasunen artean.
Etxebizitzaren arloan, Txontan babes ofizialeko 200 etxebizitza eraikitzea eta Bittor Sarasketan eta AIBEn gazteentzako 60 bat etxebizitza egitea aurreikusten du. Horrez gain, Barrena auzoko Lapeyra eraikina etxebizitza bihurtzea eta Egazelaiko 36 etxebizitzak laster entregatzea aipatu ditu. Iraolak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin elkarlanean jarraitu nahi dute, gazteek Eibarren etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezaten.
Segurtasunari dagokionez, udalerriko datuek azken urtean hobera egin dutela adierazi du alkateak, eta orain arte hartutako neurriekin jarraitzearen alde agertu da.
Irisgarritasuna hobetzeko, hainbat igogailu berri jartzea aurreikusten du, besteak beste, Jardineta, Mekola, Suatxi, Ego Gain-Isasi eta Torrekua inguruan.
Hiria eraldatzeko egitasmoen artean, Ipuruan igerileku berriak egitea, Matxaria berroneratzea eta zezen-plazaren inguruan esku hartzea aipatu ditu Iraolak. Ego Gain inguruko El Corte Inglés eraikina erosteko akordioa ere izan du hizpide.
Azken urteetan egindako lanei dagokionez, Hijos de Gabilondo lantegi zaharraren birgaitzea, Estaziño eta Azitain arteko trenbide gaineko pasealekua, Arragüeta, Bustinduitarren eta Mutiola kaleetako berrurbanizazio-lanak eta Torrekuko jubilatuentzako gizarte-zentro berria nabarmendu ditu.
Azkenik, gazteen eskaerei erantzuteko kulturaren, jaien eta kirolaren arloetan abiatutako lan-ildoekin jarraitzeko asmoa ere azaldu du. Horrez gain, ingurune naturala babestea, herriko elkarte eta kolektiboei laguntzea, kirol-instalazioak hobetzea eta adinekoei arreta eskaintzea aipatu ditu bere egitasmoaren beste ardatz batzuen artean.

