Jon Maya, dantzari eta koreografoa: "'1937 Gogoaren Bidezidorretatik' ikuskizun kutunetarikoena dugu"
- Nolakoa da "1937 Gogoaren Bidezidorretatik" ikuskizuna?
1937an Gernikako bonbardaketaren ondoren Euskal Herriko milaka eta milaka umek erbestera ihes egin behar izan zuten eta hori da ikuskizunaren ardatza. Guk ume horietako zazpi aukeratu ditugu eta euren bizipenak kontatzeko, musika, dantza eta ikus-entzunezkoak erabiltzen ditugu. Ikuskizuna berez orain dela 10 urte estreinatu genuen, baina aurten bonbardaketaren 75. urtemuga bete dela eta, berriz ere taularatzeko eskaera egin ziguten.
- Ikuskizunerako aukeratu dituzuen zazpi ume horiek benetan existitu ziren?
Bai, ikuskizuna prestatzen hasi ginenean dokumentazio lana egin genuen, besteak beste ikus-entzunezkorako irudiak jasotzeko eta guk bizia ematen diegun ume horiek benetan existitu ziren, nahiz eta gertatutakoa kontatzen dugunean guk taula gainean erakusten duguna batzuetan fikzionatuta egon.
- Nolakoa izan da orain urte batzuk estreinatutako lana berriz ere taularatzea?
Guretzat ikuskizun oso kutuna da, ez bakarrik kontatzen duen istorioarengatik. Izan ere, Kukai dantza konpainiaren eta Tanttaka antzerki konpainiaren arteko lehen elkarlana ikuskizun honetan sortu zen eta lehenengo entseguan bertan hasita hamaika oroitzapen burura etortzen hasi ziren.
- Nolako harrera izan du ikuskizunak?
Oso harrera ona izan du, bai Euskal Herrian baita hemendik kanpora eskainitako emanaldietan ere. Besteak beste, ume horiei harrera egiteko Ingalaterran, Southamptonen sortutako elkartekoen aurrean jardun genuen. Eta tarteka, gaur egun aiton-amonak diren Havana barkuan ihes egindako ume horietako bat agertu zaigu, bidairako txartela eskuan duela, eta egia esan horrelakoak oso bizipen indartsuak dira. Beste batzuetan, ikus-entzunezkoan emandako irudietan gurasoren bat ezagutzea ere gertatu zaio norbaiti.