JORDINA ARNAU: “Eskuin muturra kapitalismoa salbatu nahi duen teknologia politikoa da”
Faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada bizi dugu gaur egun. Irudi, forma eta egiteko modu berriekin hartu du indarra, eta munduko pertsona aberatsenak guztion aurrean erromatarren agurra egin ondoren, beste pausu bat eman dutela iritzi du Jordina Arnau ‘Guia pràctica contra l'extrema dreta’ (Eskuin muturraren aurkako gida praktikoa) liburuaren egileak.
Eibarko Ernaik gonbidatuta, martitzenean faxismoa eta eskuin muturra izan zituen mintzagai Euskal Herrian bizi den kazetari eta komunikatzaile kataluniarrak. Hainbat lagun elkartu ziren Arrate Kultur Elkartean eskaini zuen hitzaldian eta adi jarraitu zuten Arnauk gaiari buruz esandakoak.
Momentu berezia bizi dugu gaur egun faxismoari eta eskuin muturrari dagokionez?
Gaur egun, nazioarte mailako fenomeno baten aurrean gauden, ezin daitekeelako eremu jakin batera mugatu. Estrategia bateratuak erabiltzen dituzte eta bere oinarrian mozorrotutako autoritarismo populista dago, besteak beste. Moduren batean hau beti egon da hor. Hau da, faxismo historikoa eta gaur egungo eskuin muturra lotzen dituzten hariak daude, baina gauza asko aldatu egin dira. DNAk jarraitu egin du, hari bat dago, baina aldatu egin dira euren komunikatzeko eta gauzak egiteko moduak, estetika... Adibidez, arrazismo biologikoaz edo kultura bateraezintasunaz egiten da berba orain, eta adierazpen askatasunaren lidertzat jartzen dute euren burua, hain justu ere adierazpen askatasuna suntsitzeko. Faxismo klasikoarekin lotzen duten haria gaur egun defendatzen dituzten gaietan ikusten da batez ere: “hemengoa lehenengo” diote. Euren diskurtsoaren arabera beti dago beste batek baino eskubidea gehiago dituen kolektibo bat, eta bere jatorriagatik, nazionalitateagatik edo gaitasun fisikoagatik pertsonak edo kolektiboak diskriminatzen dituzte.
Nola iritsi gara gaur egungo egoerara?
‘Fascio di combattimento’ (Benito Mussolinik sortutako erakunde politiko faxista) 1919an sortu zen, nahiko berria da historia guztiarekin alderatuz, baina II. Mundu Gerraren ondoren, hainbeste izan zen eragin zuen eskarmentu soziala, faxismoarekin edo eskuin muturrarekin zerikusia zuten gauzak baztertu egin zirela. Horren ondorioz, eskuin tradizionala hazi egin zen, baina eskuin muturra, trintxeratik, poliki-poliki, ondo pentsatutako eta planteatutako estrategia batekin, ezker mugimenduak egindakoa irakurri zuen, Antonio Gramscik planteatutako hegemonia moralaren kontzeptuaz jabetu zen, eta hegemonia lortzeko gakoa kaleko bataila kulturalean irabazten dela konturatu zen, ez erakundeez jabetuz. Beraz, eskuin muturraren helburu nagusia hedabideen agendetan eragitea bihurtu zen, horrela ahalik eta herritar gehienengana iristeko. Izan ere, herritarren kontsentsua irabazten baduzu, erakundeetara iristea bermatzen duzu. 70. hamarkadan eman zen eskuin muturraren berregituraketa eta harrezkero gazteekin konektatzen joan ziren diskurtso alternatiboa erabiliz (“kasta politikoa”, “paga jasotzen dutenak”...). Establishmentaren alternatiba modura aurkezten dira, baina hain zuzen ere eskuin muturra da estabishmenta. Hau da, eskuin muturra kapitalismoa salbatu nahi duen teknologia politikoa da. Gutxi batzuen pribilegioak defendatzen dituzte horrek gizartearen gehiengoaren miseria dakarren arren, baina eurek diskurtsoa guztiz itzultzeko gaitasuna dute. Funtzionatzen ez duen sozialdemokraziaren, politikoen gaitasun ezaren eta merezi ez duten soldata altuen alternatiba direla diote.
Gero, ostera, nola jokatzen dute?
VOX, adibidez, inflazioaren eta energiaren prezioaren igoeraren aurka kalera irten arren, beti azaldu da energia publikoaren aurka. Horren guztiaren atzean poliki-poliki garatu den lan bat dago: ezkerrak egiten duena aztertu dute; gizartearen haserrea bideratzeko hainbat diskurtsoz jabetu dira; eta beraien formak, mezuak eta estetikak neutralizatu dituzte gizartean onartuagoak izateko. Beraien kalkuluen arabera, 10 urteko gizarte-penetrazioa behar da aldaketak ezarri ahal izateko. Inurri-lana egin dute, baita inbertsio handia ere, eta hedabide ez tradizionalen laguntza jaso dute. Sare sozialen papera ezinbestekoa izan da. Enpresa pribatuak dira eta interes propioak dituzte (Elon Musk da horren adibide garbia). Horrela, algoritmoekin jokatzen dute gorrotoa eta gizarte-konfrontazioak eragiten dituzten edukiak sarituz. Hau guztia ez da kasualitate hutsa, ondo pentsatuta dago eta diru asko dago atzetik. Jair Bolsonarok hauteskundeak irabazi zituenean Brasil laga behar izan zuen Marcia Tiburi filosofoak esaten duen bezala: “Eskuin muturra kapitalismoaren zerbitzura dagoen teknologia politikoa da”. Kapitalismoak sistema publikoa murrizteko beharra du eta eskuin muturraren bitartez lortu dezake hori. Pribatizaziorantz jo nahi dute eta hori defendatzen du eskuin muturrak.
Poliki-poliki egindako lana eta finantzazioa aipatu dituzu, baina nortzuk daude horren atzean?
Inork ez du lan hori egiten duela lau haizeetara adierazten, oraindik ere gizartean ez delako hain ondo ikusten. Dena dela, Donald Trumpen garaipenarekin eta Elon Muskek egin dituen adierazpenekin eta keinuekin esan genezake une erabakigarrian gaudela. Beste fase batean sartu gara. Elon Muskek, munduko pertsonarik aberatsenak, Trumpen eskuin muturra finantzatzen du eta ez du mundu guztiaren aurrean agur erromatarra egiteko arazorik. Berak dio mamuak ikusi ditugula, baina Ruth Ben-Giath historiadoreak esan bezala: “Sinbologia nazia da eta asmo guztiarekin egina”. Eskuin muturra nork finantzatzen duen galderari erantzunez, adibidez, Madrilen ISSEP izeneko institutua dago eta Marion Marechal-Le Pen du buru, Marinen Le Penen iloba. Javier Tebas futboleko Ligako presidentea, estatu espainiarrean aktibo daude epaileak eta bestelako politikari (VOX, PP, Ciudadanos...), profesional eta akademikoak daude bertan. Lidergotzan eta komunikazioan oinarritzen den think tank bat da, eskuin mutur berriaren kuadro politikoak sortzeko. Ez da erraza horrelako mugimenduak atzematea eta haritik tira egin behar duzu, baina orain fase berri batean sartu gara eta ‘Overtonen leihoa’ mugitu egin da.
Zer da ‘Overtonen leihoa’?
‘Overtonen leihoaren’ barruan guk onartu ditzakegun marko sozialak daude. Eskuin muturraren nahia marko horiek mugitzea da, orain dela 10 urte onartezina zena gaur egun onargarria izateko. Adibidez, pentsa, Elon Muskek keinu bera orain dela 10 urte egingo balu, zer pasako litzateke? Mundu guztiak kondenatuko luke, baita eskuin tradizionalak ere. Orain, ostera, ez gaude puntu horretan. Estatu espainiarrean arazo larriena ez da VOX-en garaipen posiblea, oso zaila delako, baizik eta Partido Popularren voxifikazioa, indarra duelako. Eskuin tradizionala eskuin muturraren postulatuetara gerturatu dute.
Esan bezala, poliki-poliki gertatu den prozesua da, batzuetan ia oharkabean pasa dena. Nola laga dugu hau gertatzen?
Nahita edo nahi barik, ez da mugimendu horren inguruan berba asko egin eta banalizatu egin da. Sare sozialen bitartez ematen diren eredu komunikatibo berriek gezurrak, irainak eta horrelakoak zabaltzeko ahalmena eskaintzen dute, eta eskuin muturrak hori oso ondo aprobetxatzen du. Horrelako eduki ugari sortzen ditu eta zaila izaten da den-dena egiaztatzea. Egunero-egunero fidagarriak edo sinesgarriak diruditen albiste faltsu ugari igortzen dituzte. Horrek gizartean asko eragiten du. Are gehiago, Javier Negre eta horrelakoek nahiago duten albiste faltsuak sortzen jarraitu, horren ondorioz gero isunak ordaindu beharko dituzten arren. Izan ere, albiste faltsu bat botatzean oso azkar zabaltzen da eta oso zaila da atzera botatzea. Horrekin ezinegona sortzen dute, jendeari mezu hori igortzen diote eta hori hor geratzen da. Kaltea egina dago.
Nola atzeman ditzakegu horrelako diskurtsoak?
Besteak beste, bi pertsona talde elkarren kontra jartzen dituzten diskurtsoak erabiltzen dituzte: “gu VS eurak” dikotomia, “eraso egiten diguten taldeak daude” (feministak, ekologistak, komunistak…), eta abar. Euren diskurtsoaren arabera, gehiengoa den talde batek talde minoritario baten aurka (kasu honetan eurak) egiten du. Diskurtso biktimista erabiltzen dute (“gure kulturarekin amaituko dute”, “gure erlijioa mehatxatuta dago”…). Oso irakurketa desitxuratua egiten dute. Adibidez, azken urteotan kolektibo batzuek eskubideak (ez pribilegioak) irabazi dituzte, baina horrek ez du eragin beste bati soldata jaisteko orduan edo dena delakoa, hori politiken edo sistemaren ondorio izan da, baina eurek kausak eta arrazoiak nahita nahasten dituzte eta behean (eta ezkerrean) dagoenari botatzen diote errua beti, errealitatean justu kontrakoa denean, erruduna goian eta eskuman dagoelako. Oso lan zaila da denbora guztian horrelako diskurtsoak atzematea, kontzientzia asko eskatzen du.
Orduan, zer egin dezakegu?
Batetik, albiste faltsuen hedapena frenatu dezakegu, adibidez. Errutina antifaxista inoiz ez axolagabe jokatzea da. Supermerkatuan jarrera arrazistak edo diskriminatzaileak ikusten baditugu, moduren batean parte hartu behar dugu eta gertaera hori frenatu, adibidez. Bestalde, gaur egun bezala eskuin muturraren mehatxua hain handia denean, asko mugatzen du kolektiboen amesteko gaitasuna. Gatazka hain da handia, lortutako gauza minimoak babestera jotzen dugula. Horrela, ezinezkoa egiten da zerumuga edo eskubide politiko berriekin amestea. Gutxienekoekin konformatzen gara eta hori ere euren lorpen bat da.