Ihes betea zilegi zelako

Apirilaren 5ean 50 urte beteko dira Segoviako ihesa gertatu zenetik. 29 presoetatik lau baizik ez ziren iritsi Iparraldera. BERRIA Oriol Sole militante hilaren omenezko monolitora joan da bi iheslarirekin: Josu Ibargutxi eta Enrique Gesalagarekin.
Ihes betea zilegi zelako
Argazkia: IÑIGO URIZ / FOKU
2026/04/07 12:03
Xabier Martin

BERRIAko Xabier Martin kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

 

Orreagatik (Nafarroa) Ibañetako gainera (1.057 metro) iristean, ezkerrera ateratzen da Urepelerako (Nafarroa Behera) bidea. Maldan gora doan bidexka estu bat baino ez da. Pagadi amaiezinen artetik doa autoa bigarren martxan, pagozko ozeano batean utzitako lorratz baten gainean. Hiru kilometro egin baino lehen mugara heldu da, gurpilak pixka bat zigortu ondoren; asfaltoa aldatu delako ohar daiteke horretaz bisitaria, ez kartelik dagoelako. Handik, ordubete eskaseko paseo bat emanez, Oriol Sole Segoviako ihesean Guardia Zibilak hil zuen militante anarkistaren omenezko monolitora hel daiteke.

Zeru urdinaren argitasun epela lagun, ez da zaila pago arteko alfonbra berdean sigi-saga ibiltzea; 1976ko apirilaren 5etik 8ra arteko gau hotzetan, berriz, oso bestelakoa izan zen askatasunerako helmugara iristea Segoviako kartzelatik ihes egindako 29 presoentzat. ETAko militanteak ziren horietatik 24, eta FRAP, FAC, MIL eta PCEko militanteak beste bostak. Iparraldera lau iheslari baino ez ziren iritsi: Mikel Laskurain, Koldo Aizpurua, Jesus Mari Muñoa eta Carles Garcia Sole. Haiekin batera iritsi zen, halaber, ihesaldian lagundu zuen ETAko komandoko kide bat: Miren Amilibia. Datorren apirilaren 5ean beteko dira 50 urte Segoviako ihesa gertatu zenetik.

«Kamioitik atera ginean, adostu genuen zerbait gertatuz gero sakabanatu eta eskumara joko genuela. Bada, Guardia Zibilarekin lehen enkontrua izan eta gero, ezkerrera egin nuen nik», gogoratu du Enrique Gesalagak (Eibar, Gipuzkoa, 1941), Sole eroriaren omenezko monolitoan bertan. «Auskalo non ibili nintzen hainbeste orduan». Atalozti mendiko basoei begiratu die. «Karmelo Garitaonaindia iheskidearekin egin nuen topo halako batean, eta herrixka batera jaitsi ginen. Andre batek txorizozko ogitarteko bat eman zigun, eta esan zigun amore emateko, akabatu egingo gintuztela. Kide bat hilik zegoen jada: telebistan entzun omen zuen. Baina mugara iristeko bidea zein zen esan zigun. Ibañetako gainera heldu ginen, eta Urepeleko bidexkan gora egin genuen tarte batez, orain autoarekin egin dugun moduan. Bidea zakartu egin zen, ordea; galduta geunden berriro, eta atzera egin genuen, Luzaide aldera joateko. Hura izan zen gure akatsa, baina nork jakingo zuen gau ilun hartan...».

(ID_15887081) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2026-03-12. ORREAGA
Ibargutxi eta Gesalaga, Urepeleko mugatik gertuko bidexkan aurrera. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Alkandora zulatu bat

Zelai berdean zutik dagoen oroitarriari begira dago Josu Ibargutxi (Eibar, Gipuzkoa, 1949), Gesalagaren burkide eta iheskide ohia. Bor-bor dauzka oroitzapenak: Segoviako presondegitik atera eta kamioneta txiki batean sartu zenekoa, Aurizberrira (Nafarroa) iristeko kamioi handi batean egindako orduak... «29 lagun ginen zoru hartan, denak etzanda; bestela ez ginen sartuko. Estoldatik ateratzean, Oriol Soleren ondoan egokitu zitzaidan arropa aldatzea. Kakaz beterik atera ginen. Tunelaren irteeran aldatu genuen arropa, bata bestearen ondoan. Paketeak han genituen prest: galtzak, alkandora eta zapatila batzuk. Oriol izututa zegoen erabat, baina pozik, irribarrez. Ez zuen ezer ulertzen. 'Josu, baina nola da posible hau?', galdetu zidan. 'Ixo eta jantzi', erantzun nion. Gizajoak ordu batzuk lehenago jakin zuen bagindoazela. Zoritxarrez, hark jantzitako alkandora tiroz zulatu zuen Guardia Zibilak gero».

Akordatu bezala heldu ziren iheslariak Aurizberrira, kamioi batean. Mugatik oso gertu zeuden, baina mugalariak huts egin zuen, eta hura izan zen hondamendiaren hasiera. «Hotza egiten zuen gau hartan, hotz ikaragarria. Euritsu zegoen mendira abiatu ginenean, ordu txikitan», gogoratu du Ibargutxik. «Gutako batek kalkulatu zuen ordu erdi baten buruan-edo egongo ginela mugan, Urepel aldean. Alkandora hutsean, zapatila ziztrin batzuk jarrita sartu ginen mendi umel horretan».

«Oriol Soleren ondoan egokitu zitzaidan arropa aldatzea. Kakaz beterik atera ginen. Tunelaren irteeran aldatu genuen arropa, bata bestearen ondoan. Zoritxarrez, hark jantzitako alkandora tiroz zulatu zuen Guardia Zibilak gero», JOSU IBARGUTXI Segoviako iheslaria

Apirilaren 6a zen. Guardia Zibilaren lehen tiroketan, Manuel Isasa zauritu zuten, eskuan; atxilotu egin zuten, eta besteak sakabanatu egin ziren. Orduan hasi ziren «benetako hotza» sentitzen: ehiza hartako harrapakinak ziren. «Mendian gora eta behera ibili ginen, seko galduta. Erreka bat aurkitu genuen, eta gerriraino ur hotzetan sartuta aurrera egin genuen ilunpetan. Goizaldera arte errekatik irten gabe egon ginen, eta argitu zuenean konturatu ginen errekaren pare bidexka bat zegoela. Pistan aurrera jarraitu genuen kartel bat ikusi arte. Ez genuen askoz gehiago egin: Guardia Zibila zain genuen hantxe». Ibargutxiren pena agerikoa da.

Putzu beltz bat

Gesalaga beste bide batzuetatik ibili zen pagoen labirinto horretan, eta askatasun prekario hura ordu batzuk gehiago luzatu arren, bukaera bera izan zuen. «Apirila zen, baina orduko apirila. Lehen gau hura beltza zen; lainotuta zegoen, eta gogoan dut hesien aurka jotzen genuela, alanbreekin zauriak egiten genituela. Karmelo Garitaonandia nirekin zen, eta hari bururatu zitzaion pago hostoak alkandoraren barrura sartzea, bero apur bati eusteko. Kartelak arboletan ikusi, eta korrika joaten ginen ikustera ea frantsesez ote zeuden, baina ez: ‘coto de caza’ (ehiza barrutia) jartzen zuen beti. Eguzkia atera zen halako batean, eta guretzako lasaitu modukoa izan zen; Guardia Zibilarentzat, berriz, abantaila ederra gu ehizatzeko. Luzaide aldera jaitsi ginen azkenean, eta Land Rover pare bat etorri zitzaizkigun gainera. Miatu gintuztenean hostoak nabaritu zituzten alkandoraren azpian. Hotsa entzunda, pausu bat atzera egin, eta eskopetaz apuntatzen hasi ziren, urduri. 'Hostoak dira', esan nien garrasika: 'Mi sargento, son hojas', bizpahiru aldiz. Ez zen sarjentua izango akaso, baina berdin zitzaidan».

«Lehen gau hura beltza zen; lainotuta zegoen, eta gogoan dut hesien aurka jotzen genuela, alanbreekin zauriak egiten genituela. Kartelak arboletan ikusi, eta korrika joaten ginen ikustera ea frantsesez ote zeuden, baina ez: ‘coto de caza’ jartzen zuen beti», ENRIQUE GESALAGA Segoviako iheslaria

Apirilaren 8rako denak harrapatu zituzten, lau iheslari eta komandokide bat salbu, eta berriro elkartu zirenean malkoak ez ziren falta izan, Ibargutxik gogoan duenez. «Enkontru hura tristea izan zen. Iruñeko kartzelara eraman gintuzten. Ziega batera sartu ninduten, eta sartu bezala zoruan etzan nintzen, nengoen moduan: galtzak txikituta, alkandora berdin, zikina baino zikinago. Apurtuta nengoen fisikoki eta mentalki, eta negar batek harrapatu ninduen lokartu arte. Handik 24 ordura-edo esnatu nintzen, eta dutxatzea eskatu nuen lehendabizi. Gogoan dut ura goitik behera nola erortzen zen nire buruan, eta nire hanketan ur beltzeko putzu bat nola egiten zen».

Atxilotu berritan ez zuten tratu txarrik jaso, eta ezustea izan zen hura, hala Ibargutxirentzat nola Gesalagarentzat. «Niri ogitarteko bat eskaini zidaten», dio Gesalagak. «Latako sardinak zituen barruan, eta galdetu zidaten ea ardorik nahi nuen. 'Bai horixe', esan nien. Zuria ala beltza nahi ote nuen. Eta ez zen txantxa, aizu. 'Beltza ekarri, eta daukazuen guztia', esan nien. Ni baino egun bat edo bi lehenago harrapatutakoen artean baten batek agian hartuko zuen egurra; baina ez, nik dakidala, tratua zuzena izan zen».

«Ziega batera sartu ninduten, eta sartu bezala zoruan etzan nintzen, nengoen moduan: galtzak txikituta, alkandora berdin, zikina baino zikinago. Apurtuta nengoen fisikoki eta mentalki, eta negar batek harrapatu ninduen lokartu arte», JOSU IBARGUTXI Segoviako iheslaria

Auritzeko (Nafarroa) kuartelera eraman zituztenean, Ibargutxik pentsatu zuen «kristorenak» jasoko zituztela. «Hara iristean, korridore moduko bat egin ziguten guardia zibilek. Atearen aurrean ofizial pare bat zeuden, eta gutxiespen begiratu bat botata alde batera egin zuten gu barrura sartzeko. Manta zahar bat eman ziguten; zer itxura izango genuen! Hezurren bat apurtuta zeukaten batzuek, prakak lehertuta... Galdeketa egin ziguten, baina kolperik gabe».

Iruñeko eta Carabanchelgo (Madril) kartzeletatik igaro ondoren, Puerto de Santamariara (Cadiz, Espainia) eraman zituzten hurrengo egunetan. Hara iritsi bezain laster zigor ziegetan sartu zituzten iheslariak, hiru hilabetez. Urtebetera, ordea, aske atera ziren Amnistiaren Legeari esker.

(ID_15887098) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2026-03-12. ORREAGA
Ibargutxi Gesalagari eskua ematen, Soleren monolitoan. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Beste ihesaldia

1976ko apirilean izan zen Segoviako ihesa, baina urtebete lehenago beste saio bat egon zen; hark porrot egin zuen, ordea, Mikel Lejarza El Lobo infiltratuaren abisua tarteko. Lehen tunel hura Gesalagak berak zulatu zuen, Franco oraindik bizirik zela, 1975ean. «Zorte handia izan genuen, zuloa egitean eremu itxi bat aurkitu baikenuen lurra hantxe uzteko. Zizela eta mailua hartu, eta gogoz ematea zen kontua; mailuari trapu bat jartzen genion hotsa amatatzeko, eta aurrera. Arrisku handiena zen zenbaketarako agindua jasotzea ezohiko orduetan».

«Burgosko Prozesua izan zen moduan, Segoviako ihesa ere mugarria izan zen gure historian. Harro geunden —eta bagaude— egindakoaz, baita gehienontzat porrota izan bazen ere», ENRIQUE GESALAGA Segoviako iheslaria

Ibargutxi burkideak dio lehen saioa Txiki, Otaegi eta FRAPeko hirurak fusilatu aurretik izan zela. «52 lagun geunden orduan ihes egiteko zerrendan. Pare bat egunengatik ez genuen ospa egin. 1975eko uztailaren 31n Madrilen harrapatu zuten kanpoan ari zen taldea. Josu Mujika legazpiarra erail zuten, ihesa prestatzen ari zela. El Loboren kontua izan zen. Mujikaren talde berean zegoen, eta abisua eman zuen. Hantxe hartu zituzten ihes egitekoak zirenen argazkiak. Dokumentazio faltsua egin behar baitzen bakoitzarentzat. Portugalera joatea zen plana».

Gesalaga eta Ibargutxi ETAren VI. Batzarrekoak ziren. «Lehen saioan, kartzelan geunden gehienak trosko-ak ginen. Eta parean-edo egongo ziren polimiliak. Elkarrekin muntatu genuen operazioa. 52 lagun ihes egitea ez zen txantxa», kontatu du Gesalagak. «Katalanak ere tartean zeuden. Bigarren saiorako hiru behintzat baziren, eta gero, Oriol Sole ere gehitu zen azken unean. PCEko bat ere bazen, baina uko egin zion. Talde bakoitzak hartzen zuen saiatzeko edo ez saiatzeko erabakia».

«Guk ere izan genituen gorabehera batzuk zuzendaritzarekin», onartu du Ibargutxik. «Irten edo ez irten, eztabaida izan zen kanpokoekin. Batzuek ez zuten argi ikusten ihesaren egokitasuna. Franco hilda zegoen ordurako, eta demokrazia bazetorrela sumatzen zuten. Baina tururu fandango! Zuloa eginda zegoen, eta guk argi genuen. Presa zegoen. Lehen saioaren ostean, bazitekeen gu Soriara eramatea. Zuloa hor zegoen, ez zegoen gehiago hitz egin beharrik».

Azken hausnarketa egin du Ibargutxik, eskua Soleren omenezko harrian jarrita, Atalozti mendian: «Paseo polita egin dugu; aspaldian etorri gabe ginen. Bueltaka daukat buruan nola den posible mende erdi joan izana ordutik, nola ote gauden hemen oraindik, Oriol Sole hil zuten inguru honetan. Gehien-gehienok hemen bertan erori ginen berriro: ihes hura porrota izan zen. Zorionez, lau kidek gutxienez lortu zuten askatasuna. Besteok beste urtebete egin genuen preso. Baina, aldi berean, porrot horrek izugarri balio izan zuen amnistiaren aldeko aldarrikapena areagotzeko».

Gesalagak jarri die azken puntua pentsamendu horiei: «Burgosko Prozesua izan zen moduan, Segoviako ihesa ere mugarria izan zen gure historian. Harro geunden —eta bagaude— egindakoaz, baita gehienontzat porrota izan bazen ere».