Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak bilduko dituzte apirilean zehar

Apirilaren 13tik 24ra bitartean Eibarko EHUn egingo dute bilketa; eta apirilaren 25ean egingo da bilketa handia
Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak bilduko dituzte apirilean zehar
EHKSko, IASko eta Euskadi-Kuba elkarteko kideak Kubarako produktuak batzeko kanpaina aurkezten Bilbon. EHKS
2026/04/07 17:06
Ekhi Belar Errasti

EHKS (Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak), IAS (Ikasle Antolakunde Sozialistak) eta Euskadi-Kuba elkarteak oinarrizko produktuak bilduko dituzte Kubara bidaltzeko. Izan ere, AEBen blokeoa dela-eta, “kubatarrak muturreko” egoeran daudela salatu dute, eta egoera hori arintzen lagundu nahi dute.

Horrela, EHKSk Euskal Herriko 93 herritan egingo du bilketa, tartean Eibarren; eta IASk, berriz, ehun hezkuntza zentrotan, apirilaren 13tik 24ra bitartean, tartean Eibarko EHUn.

 

Oinarrizko produktuak

Produktu jakin batzuk bilduko dituzte: material sanitarioa, higiene produktuak, garbiketarako tresnak, elikadura osagarriak eta elikagai ez-galkorrak, kirol materiala, eta ikasteko materiala.

Elikagai ez-galkorrei dagokienez, jaki ontziratuak eta bestelakoak behar dituztela esan dute: pasta, lekaleak, esne hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak; betiere, 2027ko urtarriletik aurrera iraungiko badira. Osagarrien artean, berriz, bitaminak, mineralak (magnesioa, burdina eta kaltzioa), gantz azidoak (omega 3) eta probiotikoak behar dituzte.

Material sanitarioari dagokionez, 2027ko ekainetik aurrera iraungiko diren medikamentuak, eta mota guztietako osasun produktu eta tresnak jasoko dituzte: besteak beste, tresna eta baliabide kirurgikoak (pintzak, guraizeak, bisturiak, papera eta hariak), eskularruak, eta preserbatiboak. Horrekin batera, higienerako konpresak, tanpoiak, toallatxoak eta pixoihalak —haurrentzat eta helduentzat— eskatu dituzte, eta garbiketa orokorrerako materiala ere bai. Horien artean, erratzak, zoru garbigailuak, oihalak, trapuak, espartzuak, biberoiak garbitzekoak eta abar.

Bestalde, kirola egiteko materiala ere bilduko dute: hain zuzen, baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak eta ekipamendua (kamisetak, galtzamotzak, futboleko botak...). Eskolarako materiala ere jasoko dute: arkatzak, boligrafoak, koloretako margoak eta errotuladoreak, zorrozkailuak, guraizeak, koadernoak... Ez, ordea, testu libururik eta entziklopediarik.