Jose Ignacio Armentia, EHU-ko irakaslea: “Aldaketak izan dira komunikabideetan heriotzak tratatzerakoan”
- Zergatik aukeratu dituzue hiru heriotz mota horiek zehazki?
Nevadako Unibertsitatearen “Center for Basque Studies”-ek azken 20 urteotan ETAk egindako atentatuei buruzko informazioetan Euskal Herriko egunkarien aldetik zer bilakaera gauzatu den aztertzea eskatu zigun. Otu zitzaigun ikerketa sakonago batean sartzea, beste heriotz mota batzuetan egondako eboluzio informatiboa ere ikusteko. Espainiako Zientzi eta Berrikuntzarako Ministerioak proiektua onartu eta finantziatu zigun 3 urtetan egiteko.
- 20 urteko tarte horretan, non gertatu da aldaketa nabarmenena?
Aldaketa nabarmenak izan dira ETAren atentatuen kasuan eta baita genero indarkeriak sortutako heriotzetan. Lan istripuetan bilakaera informatiboa askoz motelagoa izan da. 1990ean ETAren heriotz-atentatuak ez ziren beti lehen orrialdeko albiste nagusia; hori 90etako hamarkadan zehar erabat aldatzen da. Bestalde, estilo informatibo neutro batetik estilo interpretatibo-opinatibo batera pasatzen da. 1990ean genero indarkeriak eragindako heriotzak arlo pribatuko unean uneko gertakizunak bezala kontatzen dira; 20 urte geroago gizarte osoaren arazotzat erakusten dira, arlo pribatutik publikora pasatuz. Jauzi kualitatibo hori ez da gertatu lan istripuekin. Lan ezbeharren biktimak, kasu gehienetan, anonimoak dira; hala ere, aldaketatxo batzuk ere somatzen dira, orain
dela egun batzuk Leongo meatzariekin gertatu den bezala.
- Sentsazionalismoak ez dihardu gero eta indar gehiago hartzen?
ETAren atentatuen irudiak gero eta hunkigarriagoak dira, biktimen senideei eta lagunei ere garrantzia ematen zaie, baita atentatuakgaitzesteko burutzen diren ekimenei. Genero indarkeriari dagokionez, oraindik ere sentsazionalismoak eta morboak ez dira salbuespenak hedabideetan, genero indarkeriaren tratamendu informatiboari buruzko deontologia kodeek kontrakoa aholkatzen badute ere. Askotan iturri horiek erasotzailearen irudia “normaldu” nahi dute. Iturri espezializatu gutxi agertzen dira eta biktimentzako informazio erabilgarriaren gabezia ere somatzen da.
- Lanarekin jarraitzeko asmoa duzue? Esparru berriak tratatu?
Ministerioari urtebeteko luzapena eskatu diogu. Badira beste heriotz batzuk arreta berezia sortzen dutena: hor daukagu Asunta Basterraren kasua, edo Euskadin Amaia Azkuerena. Arlo horretan egondako aldaketa informatiboak ere aztertu nahi dugu.