Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak Armeria Eskolako autokontsumorako instalazio fotovoltaiko berria bisitatu du
Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Gloria Vazquez Ingurumen Administrazioko zuzendariarekin batera, Armeria Eskolara bisita egin zuten atzo (eguena, hilak14), eskolaren estalkian dagoen autokontsumorako instalazio fotovoltaiko berria bertatik bertara ezagutzeko. Imanol Urreisti ikastetxeko zuzendariak eta Ibai Mugarza Jasangarritasun arduradun eta zuzendariordeak egin zieten harrera. Jarduketak 47.204 euroko inbertsioa ekarri du guztira, eta horietatik 36.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren laguntza-deialdiaren bidez finantzatu dira, lurraldeko eskoletan garapen jasangarrian hezten, trebatzen eta sentsibilizatzen laguntzen duten ekipamendu, instalazio eta espazioetan inbertsioak egiteko.
Guztira, Jasangarritasun Departamentuak 240.000 euro bideratu ditu aurten dirulaguntza-lerro horretara. Asensiok nabarmendu duenez, “eskolak funtsezko espazioak dira trantsizio energetikoa bultzatzeko, eta belaunaldi berriak jasangarritasunean prestatzeko. Proiektu horrek berrikuntza, prestakuntza eta ingurumen-konpromisoa uztartzen ditu, eta Armeria Eskola erreferentziazko eredu bihurtzen du”.
Bestalde, Armeria Eskolatik azaldu dutenez, instalazio hau handitzeak aukera emango du instalazioa erabiltzen jarraitzeko Lanbide Heziketako ikasleentzat tresna pedagogiko gisa, bereziki instalazio elektrikoekin eta energia berriztagarriekin lotutako ikasketak egiten ari direnentzat.
Armeria Eskolan egindako esku-hartzeari esker, eskolan dagoen instalazio fotovoltaikoa handitu ahal izan da, eta, horrela, energia berriztagarria sortzeko gaitasuna indartu da, autosufizientzia energetikorako eta deskarbonizaziorako estrategian aurrera eginez.
Instalazio berriak 590 Wp-ko bi aurpegiko 54 modulu fotovoltaiko ditu, 31,86 kWp-ko guztizko potentzia instalatuarekin eta 30 kW nominalekin, autokontsumorako, soberakinak konpentsatuta. Panelak zentroaren estalkiaren gainean daude, eta urtean 35.000 kWh energia berriztagarri inguru ekoizteko aukera ematen dute. Sistemak, gainera, denbora errealeko monitorizazio-teknologia aurreratua du, eta horrek aukera ematen die ikasleei instalazioaren energia-errendimendua aztertzeko eta energia berriztagarriekin eta energia-trantsizioarekin lotutako ikaskuntza-tresna praktiko gisa erabiltzeko.