Jose Mª Vaquero, sendagilea: “Kolesterolak eragin zuzena du arrisku kardiobaskularretan”
- Zer adierazten ahaleginduko zara Portalean eskainiko duzun hitzaldian?
Azalpen xumea egin nahiko nuke, edozeinek ulertzeko modukoa. Zentratuta kolesterol gehiegi izateak dakartzan arrisku faktoreez; batez ere, garunean, bihotzean, hanketan eta giltzurrunetan.
- Gero eta gehiago entzuten bada ere, jendea nahiko sentsibilizatuta dago gai horretaz?
Inoiz baino informazio gehiago dago eta jendeak, orokorrean, kontuan hartzen ditu aholkuak eta ahalegintzen da kolesterol gutxiko elikadurari eusten. Gero eta gehiago dira dietari jarraitzen dietenak eta pilulak hartzen dituztenak.
- Kolesterola gutxitzeko produktuak zenbateraino dira mesedegarriak?
Kalterik ez dute egingo; izatekotan, ondo... baina ez dakigu zein neurritan, ez baitago daturik iragartzen dizkiguten emaitzak ziurtatzen dizkigutenik.
- Alde handia dago gizonezkoen eta emakumezkoen artean kolesterolari dagokionez?
Ez hainbeste. Emakumezkoen kasuan kopurua baxuagoa da orokorrean, estrogenoaren babesa dutelako. Baina, menopausiaren ondoren, 65 urtetik aurrera, kolesterol kopuruak parekatzen joaten dira.
- Neska-mutikoen kasuan ere tratatu beharrekoa izango da?
Bai. Hor, gainera, lehenago tratatzea komeni da eta balore txikiagoekin, arriskua berdina baita. Diabetesa ere tartean izan daiteke horrelako kasuetan.
- Gizen egotearekin lotu daiteke kolesterola?
Ez zuzenean, baina bai dagoela arriskua diabetikoa eta hipertentsoa izateko, lodiek koipe tronkular gehiago dutelako eta horrek metabolismoaren aldaketa ekarri dezakeelako. Gizenak, egia esateko, kolesterola izateko boletoak erosten ditu.
- Arrisku kardio-baskularrari begira, zein kopurutik aurrera komeni da neurriak hartzea?
Arrisku hori kalkulatzeko taula batzuk baditugu eta, kolesterol txarra 160tik pasatzen denean, tratamenduarekin hastea komeni da; 240tik pasatzen bada, ordua da dietarekin hasi eta bizitza osasuntsuari ekiteko; 280tik aurrera, bestalde, tratamendu farmakologikoa erabiliko dugu. Hori bai, gaixoa hipertentsoa edo diabetikoa bada, lehenago hastea hobe.
- Orokorrean, zer gomendatuko zenioke jendeari kolesterolari aurre egiteko?
Bizitza osasuntsua eramatea, pisua kontrolatzea, ariketa fisikoa egitea astea 2/3 aldiz eta dieta mediterraneoa jarraitzea. Hori bai, alkohola eta tabakoa baztertzea.
- Kolesterolaren aurkako pilulek emaitza ziurtatzen dute?
Estatinak dira gehien erabiltzen direnak, botika erreginak guretako eta oso ondo funtzionatzen dutenak. Guk deitzen dugun “7ko erregelarekin” profil lipidikoa aldatuko diogu gaixoari eta, berak bizitza berbera eginez, kolesterol tasa jaistea lortuko dugu.
- Gaixotasuna jaisten doan daturik badituzue?
Azkenak 2004ak dira eta egia da, kolesterolak minik ematen ez duenez, jendea erlaxatu egiten dela. Sentsazioa dut emakumeen kasuan gehiago arduratzen direla. Sintomak izan arte, jendea ez da arduratzen.