JOSEBA ARANZABAL arkitektoa: “Nahiz eta zulo bat izan, Eibarrek eraikin industrial on asko egin zituen”
Urriaren 2a Arkitekturaren Nazioarteko Eguna dela eta, horren aitzakiarekin, Arragueta kaleko 20. zenbakian dagoen Beistegui Hermanos (BH) eraikina aintzatesteko ekitaldia egin zen, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoarekin (EHAEO Gipuzkoa) batera aritu den Docomomo Iberico fundazioaren ekimenez. Bide batez, eraikina jaso zuen Ramon Martiarena Laskurain arkitektoari omenaldia egin zitzaion, berak proiektatu eta jaso zuen eraikinaren sarreran bere oroimenezko plaka jarrita.
Nondik sortu da Eibarko eraikin honi errekonozimendua egiteko ekimena?
Urtero egiten zaio omenaldi bat eraikin berezi bati, Gipuzkoa mailan, eta aurten lehen aldiz Eibarko eraikin bat aukeratu da. Orain arte Eibarrek ez zuen horrelako errekonozimendurik, eta Euskal Arkitektoen Elkargoaren bitartez erabaki da plaka zein eraikini eman. Errekonozimendu bat da, ez da katalogazio bat, eta urtean behin egiten da, arkitekturaren mundu mailako eguna aprobetxatuz.
Beste herri batzuetan egin diren errekonozimenduak ere eraikin industrialetan izan dira, Eibarren bezala?
Normalean ez dauka zertan izan industriari lotutako eraikina izan, baina azken urteetan gehienetan hala izan da; adibidez Pasaian, Luzuriaga eraikinarekin, Tolosan ere beste eraikin patrimonial industrial bati eman zitzaion... eta, aurten ere, industriari lotuta zegoen eraikin bati ematea erabaki da, nahiz eta gaur egun etxebizitzak izan. Arkitektoen Elkargoarekin batera, Docomomo izeneko fundazioak bultzatu du ekimena.
Azalduko diguzu zer den Docomomo?
Errekonozimendua bi elkargok ematen dute. Batetik Arkitektoen Elkargoa, hau da, COAVN dago, Euskadi mailako elkargoa da eta hiru probintzietan dago, baita Nafarroan ere. Eta beste erakunde oso garrantzitsua Docomomo izenekoa da. Mundu mailako erakunde bat da, eta eraikinak aukeratzen joaten da, nolabait zaindu eta babesteko. Estatu mailan, Docomomo Iberico deitzen dena daukagu. Ingelesezko siglak dira, baina gutxi gorabehera 'Defensa del Movimiento Moderno del Patrimonio Industrial" esan nahi du, gure artean tradizioa izan duten eraikin izendagarriak goraipatzea, alegia.
Errekonozimendua jaso duen eraikin honek zein berezitasun dauka, horrelako aitortza merezi izateko?
Zehazki, eraikin hau Beistegui Hermanos da, bizikletak egiten zituen etxearen bigarren eraikina. Lehen eraikina aldamenean daukagu, oraindik zutik dago, zorionez, eta beste hau BH-k Eibarren egin zuen bigarren eraikina da. 1951. urtekoa da, hormigoiz egina dago guztiz, hormigoi armatuz, hormigoia eta altzairua dauzka, eta kuriositate modura esan behar da oso ondo kokatuta dagoela. Nahiko leku txarrean dago, kale biren artean eta, gainera, errekaren gainean. Orduan eraikin hau proiektatu eta diseinatu zuen arkitektoak, Ramon Martiarena gipuzkoarrak, eraikin honi zein forma eman erabaki behar izan zuen. Egin zuena izan zen Bittor Sarasketa kaleak duen lerrokadari jarraitu, eta presentzia handia daukan eraikin berri bat egin. Etxean jarritako plakan, eraikinarekin batera, hori egin zuen arkitektoa ere izan duzue gogoan.
Nor izan zen Ramon Martiarena?
Ekitaldira bere familiakoak gonbidatu ditugu, gehienbat errekonozimendua ere bere figurari egiteko. Ramon Martiarena Zumaian jaio eta Donostian hil zen arkitektoa izan zen. Madrilen egin zituen arkitektura ikasketak eta, gazte-gaztetikan, karrera amaitu eta berehala hasi zen beharrean, Sorian, udaletxean, herriko arkitekto moduan. Sasoi hartan, nahiz eta herriko arkitektoa izan Sorian, enkargu pribatuak edo partikularrak ere egiten zituen. Gaur egun ez da horrelakorik baimentzen, baina sasoi hartan posible zen. Sorian egindako lana itzela izan zen. Bertako arkitektoekin, Diputazioarekin, Udalarekin... berbetan aritu gara, eta han lan handia egin zuen. Kuriositate gisa, Sorian igogailua eduki zuen lehen eraikina berak proiektatu eta jaso zuen, eta horrelako adibide gehiago daude. Kafetegi oso moderno bat ere badauka, Alameda, baita garaje-kotxera bat ere, kamioi eta autobusentzat. Soriako herrian fama handia hartu zuen arkitektoa izan zen. Gero, hango lana laga eta Gipuzkoara etorri zen, 'Regiones Devastadas' esaten den horretatik deitu ziotelako, OSH-tik ('Obra Sindical del Hogar'). Eibar Gerra Zibilean suntsitu zutenez, tamalez, berak egin zuena izan zen, planeamendu baten bitartez, herria berriz jaso. Berreraikuntza horren parte-hartzaile izan zen. Horrez gain, badauzka eraikin gehiago, hau ez da bakarra, eta neri gehien gustatzen zaizkidanetako bat Arane kalean dagoen bat da, gaur egun Industrias Pampo dena. Sasoi batean hor giltzak eta sarrailak egiten zituen Ojmar-ek. Kuriosidade modura, Azitainen dagoen gasolindegia ere berea da. Juan Antonio Mogeleko etxeak, lehen Carlos Larrañaga deitzen zen auzoan etxe pila bat egin zituen...
Sasoi batean Eibar tailerrez beteta egon zen. Eraikin industrial asko eraitsi edo hondatu arren, balio arkitektoniko berezia duen beste eraikinik geratzen da herrian?
Bai. Kasu hau konkretua da, gu bailara batean bizi gara eta onartu behar da hemen dugun orografia ez dela onenetarikoa. Baina, nahiz eta zulo bat izan, Eibarrek eraikin industrial on asko egin zituen. Tamalez, eta horrekin ni ez nago ados, suntsitu egin dira, beste gauza batzuk egiteko. Baina, kasu honetan, norbaitek pentsatu du bigarren aukera bat ematea eraikinari, industrial kutsua kendu eta, beste kalifikazio baten bitartez, bigarren bizitza ematea. Eibarren badaude horrelako beste adibide batzuk: Portalea bera, Aurrera fundizioa, edo Ertzaintzaren etxea dena, Lambretta zena, adibidez. Kasu honetan, eraikin hau residentziala izatera pasatu da eta, horri esker, zutunik dago. Bestela, seguruenik hau deuseztatuta egongo litzateke.
Eta zeuk, arkitekto modura, nola ikusten duzu ondare industriala izandakoa desagertzen joatea?
Nire ustez, lan gehiago egin behar da, bai Udalean, bai herri mailan. Jendea kontzientziatu egin behar da, sasoi batean eraikitako patrimonioa babesten saiatu behar dela konturatzeko. Modu horretara, atzetik datozen belaunaldiak konturatuko dira zer izan ginen. Herri-kutsua eduki, eta jakin Eibarren, industria mailan, lan handia egin zela, bizikletak, josteko makinak, sakakortxosak, grapadorak eta gainontzeko beste gauza guztiak egiten. Eta eraikin horiek, modu batean edo bestean, zaindu eta kontserbatzeko saiakera egin beharko litzatekeela. Izana izateko, eta biharko egunean izan ginenaz harro egoteko.