JOSUNE ARANGUREN: “Erakusketako kasu guztiak bizipenak dira, inork ezin dit esan hori indarkeria ez denik”
Azaroaren 3an inauguratu zuten, Andretxean, Aranguneren ‘EME. Estilo-ariketak. Emakumeen aurkako indarkeria sinbolikoak’ izeneko erakusketa. Otsailaren 29ra arte egongo da zabalik eta denbora horretan hainbat bisita gidatu eskainiko ditu Arangurenek. Horrela, azaroaren 21ean (17:30), abenduaren 2an (11:30), urtarrilaren 22an (17:30) eta otsailaren 21ean (17:30) bisitak egingo dira, eta parte hartzeko 943 54 39 38 edo 688 85 34 40 telefonoetara deitu edo andretxea@eibar.eus helbidera idatzi behar da.
Arlo artistikoari begira, nolako lanak ikusi ditzakegu erakusketan?
Margolan guztietan emakumeen irudiak agertzen dira. Margo ikaslea naiz, oraindik ez naiz artista (barreak), eta sasoi bakoitzean gauza bat margotu izan dut: akuarela, monumentuak, andrazkoak... Horrela iritsi zitzaidan Zalduondon Azaroaren 25aren inguruko erakusketa egiteko aukera, andrazkoen margolanak egiten nituela jakin zutelako. Harro sentitu nintzen, nire lehen erakusketa izango zelako, “baina andrazkoa izateagatik eta margoetan azaltzen direnak andrazkoak direlako bakarrik egin behar dut erakusketa?”, pentsatu nuen. Gehiago landu behar nuela erabaki nuen, eta testuekin abilagoa naizenez, irudi bakoitzarekin indarkeria sinboliko bat erakusten saiatu nintzen. Horrelako zerbait egiteko gogoa nuen, 58 urtetan horrelako egoera batzuk gertatu zaizkidalako. Beraz, irudiez gain, lanketa bat egin behar zela pentsatu nuen, zerbait hezitzailea.
Orduan, testuak irudien ondoren etorri ziren?
Bai. Irudiek bost urte inguru dituzte eta testuak iaz idatzi nituen. Indarkeria sinbolikoak zerrendatu nituen eta “hau nire bizitzan zelan islatu da?”, galdetu nion neure buruari. Bertan agertzen diren kasu guztiak nire bizipenak dira, inork ezin dit esan edo eztabaidatu hori indarkeria ez denik, niri gertatu zaizkit-eta.
Gertakizun pertsonalak izanik, irudietan artearen irudi ezagunak ikusi ditzakegu. Zergatik adierazi zara horrela?
Erakusketaren izenburua ‘EME. Estilo-ariketak. Emakumeen aurkako indarkeria sinbolikoa’ da. Euskaraz eta gazteleraz balio dezakeen izenburua bilatu nahi nuen. ‘EME’-ri dagokionez, emea badakigu euskaraz zer den, eta gazteleraz ‘m’ izaten da izapideetan emakumeek markatzen dugun laukitxoa. ‘M’ jaiotzeak gure bizitza baldintzatzen du, emakume jaiotzeagatik bakarrik hemen azaltzen dudana gertatuko zaigula. Bestetik, estilo-ariketak dira, margo ikaslea naizenez, adibidez, artean ezagunak diren irudiak (Milok Venus, Nefertiti, Santa Teresa...) teknika ezberdinekin nola geratzen diren probatu nahi izan dudalako, besteak beste.
Gainera, ikusleek erakusketan parte hartzea eskatzen duzu. Nola?
Erakusketa bizi izatea nahi dut. Herriari eskerrak emateko eta jendea motibatzeko modua dela uste dut. Zalduondoko erakusketan ikusi nuen androk berba egiteko gogo asko dugula, edozein irudirekin edo azalpenekin guri gertatutakoa kontatzeko eta besteekin partekatzeko gogoa dugula. Horrelako borrokek merezi dute. Badaude gauza batzuk niri gertatu ez zaizkidanak eta beste batzuei bai (beste baldintza batzuetan bizi direlako, beste jatorri bat dutelako, euskaraz ez dakitelako, pobreagoak direlako...). Orduan, andra horiek sufritzen dituzten bazterkeria espezifikoak jasotzea nahi dut. Zalduondoko ekarpenak bideoan ikusi ditzakegu eta Eibarko andren ekarpenak gehitzen joango gara. Testuez gain, irudi batzuk egiteko ere eskaintzen diet, eta horrela erakusketa handitzen joango da.
Nolakoa izan da publikoaren erantzuna?
Zalduondoko erakusketan ekarpen asko egin zituzten, batez ere testu aldetik. Oso testu aberatsak dira. Deskribatu dituzten egoerekin eta bazterkeriekin oso adibide politak ipini dituzte. Horrelako gauzak gertatzen zaizkigu eta horrelakoek eraikitzen gaituzte. Horregatik jolasten dut horrekin, ea emakumeak irudi hutsak garen bakarrik, ez dugula askatasunik garen modukoak erakusteko... Beraz, margoketa teknikekin jolasten dut hori adierazteko. Beharrezkoa da horrelako espazioak sortzea. Borroka horiek (berba egitea, partekatzea...), guk egin ditzakegun borrokak dira eta, horrela, aurrerapausoak egiten ditugu borroka feministan.
Azkenean, egunero gertatzen diren egoerak deskri-batzen dituzu.
Hori da, egunero jasaten ditugun indarkeriak dira. Batzuk esango dute ez dutela horretan sinesten eta nekagarria da. Beraz, horrelako erakusketa batean aske sentitzea eta esatea bertan azaltzen dena ezin dela eztabaidatu, hau da, guri gertatu zaigun zerbait dela, horrek guztiak ondo sentiarazten gaitu. Min egiten dizkiguten egoerak dira, beraz, errespetatu dezatela.