Joxean Goñi (El Conquistador): "Errespetuan oinarritu genituen harremanak guaranien tribuarekin"
- “El Conquis”-aren inguruko liburua eta jokoa ere kaleratu duzue? Zergatik orain?
Hamar urte betetzen direlako hasi ginenetik eta badagoelako zer ospatu. Hamarkada biribiltzeko zeozer berezia prestatzea bururatu zaigu aprobetxatuz Iguazun lehenengo aldiz izan garela.
- Kasting-ak hastear dituzue. Zenbat lagun aurkezten dira saio bakoitzeko? Zeren arabera aukeratzen duzue jendea?
Bina egingo ditugu Donostian eta Bilbon eta bana Gasteizen eta Iruñean. Jendeak bideokasting-a ere bidali dezake bere etxetik. Hori bai, azken horiekin ere, behin aukeratuta, aurrez-aurre egoten gara. Urtero 1.300-1.400 aurkezten dira eta galdera orokorrak egiten dizkiegu. Ez dugu ezer bilatzen, zehazki. Baloratzen duguna da ausartak eta estrategak izatea; baina gidatzen gaituztenak sentsazioak dira, ez besterik.
- Parte-hartzaileak ez dira mugatzen Euskal Herrira...
Egia. Inguruko herrialdetatik ere gerturatzen zaizkigu. Baita beste nazionalitate bat dutenek ere: kubatarrak... hegoamerikarrak gehienak, alemaniarrak ere izan dira. Gehienak hemen bizi diren etorkinak izaten dira.
- Zer da zailena programa egiterakoan, lan gehien eskatzen dizuena?
Hangoa, bertako logistika arazoak. Bost astetik gora, 35-40 egun egin behar izaten ditugu, jarraian. Hutsunerik ez izateko, horrek ahalegin guztia eskatzen digu; lan potentea egin beharra dago katea hautsi ez dadin. Dena ajustatuta joan behar da.
- Non dago, zure ustez, programak duen arrakastaren gakoa?
Benetakoa dela: ez diola gidoi bati jarraitzen, reality-a deitzen diogun horren egiatasuna du. Lehiakideak, gainera, oso onak dira, bertakoek ere hori diote. Orokorrean, kriston jarrera dute, prest egoten dira edozein probari aurre egiteko. Esandakoa, benetakoa da; ez dago muntaiarik.
- Seguru ez dagoela gidoirik? Talde bakoitzari ez diezue paper bat prestatzen?
Ahaztu halakoak! Egunerokoa eurek sortzen dute, istiluak ere euren kontuak dira. Giro ona izanda ere, eztabaidarako tartea beti izaten da, 24 ordutan elkarrekin egonda. Baina ez dago fikziorik.
- Probak babestutako parajeetan egiten dituzue. Zelako baldintzak bete behar dituzue hori lortzeko?
Bertakoek agintzen digutenak: ordaindu beharreko tasak ordaindu eta eskakizun guztiak bete behar izaten ditugu. Bertako agintariekin hainbat bilera egin behar izaten ditugu eta ez pentsa baimen guztiak ematen dizkigutenik. Argentinan, dena dela, zuk ardura erakusten baduzu eta esandakoa betetzen baduzu hurrengoan ere eurek horrela erantzungo dizute.
- Susto bat edo beste izan duzue. Zibilizaziotik hain aparte zaudete?
Batzuetan bai. Kanpalekuak gertuago edo urrutiago egon daitezke, baina egia da isolatuta egoten direla. Herri bat izan dezakete bi-hiru ordura, baina eurek ez dute
hori jakiten.
- Azken edizioan guaraniak izan dira berritasun nagusia. Zelan kontaktatu zenuten eurekin?
Bitarteko batzuk aprobetxatuz egin genuen. Euren artekari lanari esker izan genuen harremana guaraniekin. Erreserba moduko asentamenduetan bizi dira. Hasieran zalantzak izan zituzten, baina ondo hartu genuen elkar. Euren hizkuntza berreskuratu nahian ere badabiltza eta horrek lagundu zigun guk euskeraren egoera jakinarazten. Errespetua izan zen eskatu ziguten bakarra, programa ez bihurtzea pantomima. Primeran moldatu ginen eurekin.
- Sua egitearen inguruko tranpak amaitu dira? Edo parte-hartzaileak aurretik doaz?
Hasieran gehiago sartzen ziguten ziria! Orain zorrotzagoak gara eta badakite kamara aurrean egin behar dutela. Amaitu ziren metxeroak eta halakoak! Konturatu gara, dena dela, errazagoa dela Patagonian egitea Iguazun baino.
- Parte-hartzaileek eskertzen dizuete eskaintzen diezuen dietaren mirakuluak?
Kexatzen badira ere, gehienak prest daude esperientzia errepikatzeko. Denok gara ezberdinak, baina antzera erreakzionatzen dugu horrelako proba baten aurrean: hainbeste egun ondoren, erreta eta nekatuta zaude, etxeratzeko gogoa. Baina, handik bi astera, %90 bueltatzeko irrikitan.