Juan Ortega (Antzerki Jardunaldiak): "Une txarra gainditu dugu guztion artean"

Juan Ortega (Antzerki Jardunaldiak): "Une txarra gainditu dugu guztion artean"
2013/03/26 00:00
eta kitto!

- Zelan joan dira aurtengo jardunaldiak?
Aurreikuspenak bete direla esatea topikoa bada ere, egia da. Atsekabe eta antolakuntza arazoen gainetik,  erritmoa berreskuratu dugu. Gainera, eskainitako oreka eta kalitatearekin jendea ezustean hartu dugu: lan gutxiago izanda ere, kalitate artistikoari eutsi diote.

- Zein lan azpimarratuko zenuke?
La Chana konpainiak eskainitakoa, esaterako: aktore bakarrarekin, baina monologoa izan barik; hainbat pertsonaiei ahotsa emanez, baina sabelhiztuna izan gabe... Horko sarkasmoak ondo funtzionatu du. Godoyrena ere aipatzekoa da: bere esperientzia, konplizitatea zelan bilatzen duen... barre eraginez negar egitekoak diren gauzekin. Ron Lalá-ren lanak ere oso ondo funtzionatu du. Oreka bilatzen genuen eta lortu dugu: tesiaren antzerkia, umorezkoa, klasikoa eta modernoa... denek izan dute euren tokia.

- Jendearen erantzunean, ezustekorik izan duzue?
Espero genuen moduko erantzuna jasotzearen beharra genuen eta soberan eman da erantzun hori. Sarreretan-eta, %5eko jaitsiera eman da. Unibertsitarien kopurua jaitsi da zeozertxo, batez ere asteburuetan euren etxeetara bueltatzen direlako.

- Euskerazko lanek zelan funtzionatu dute?
Zerekin konparatzen duzun. Norbaitendako 200 lagun bueltan biltzea gutxi izan daiteke, baina konpainiakoek esan digutenez hainbeste lagun oso gutxitan izaten dute euren emankizunetan. Umorezko melodramak kalitate handia zuen eta “Nabajorumek” ingenioa borborka.

- Umeendako antzerkian eskainitakoarekin ere pozik?
Malikian-en kontzerturako ez zen sarrerarik geratu eta Gorakadak erakutsi zuen, beste behin, duten profesionaltasuna.

- Zelako ondorioak atera dituzue aurtengotik?
Guztiondako maila pertsonalean izan dugun une txarra gainditu dugula ondorio baikorra da. Beti ere, zenbat eta baliabide gehiago izan, orduan eta hobeto erantzungo diogu Eibarrek eskatzen digunari. Baina artistikoki, baliabide gutxiagorekin ere, maila eman dezakegu. Pozik gaude emaitzarekin.