Julen Bollain: “Nahi politikoa balego, oinarrizko errenta egingarria izango litzateke”
Oinarrizko errenta unibertsalaren bitartez herritar bakoitzak diru kopuru publiko bat jasoko luke, “herritar guztien existentzia materiala bermatua izan dadin”, neurri honen defendatzaileen berbetan. Neurri horrek aldeko eta kontrako iritziak jaso ditu, eta liburu honen bitartez kontrakoen argudioak ezeztatzen saiatu dira Bollain eta beste hiru egileak.
Oinarrizko errentaren inguruan jarduten duzue liburuan, baina zein alderdi landu duzue zehazki?
Alde batetik, arlo filosofiko eta politiko batetik abiatuz oinarrizko errenta zergatik den justua aztertu nahi izan dugu. Hau da, justua dela gizarteari oinarrizko eskubideak eta bere existentzia materiala bermatzeko. Eta bestetik, oinarrizko errentarekin kritikoak direnek oinarrizko errenta ezin finantzagarria dela esaten dutenez, hori finantzatzeko dirurik ez dagoela, kritika horri erantzuna eman nahi genion. Horretarako, datu errealak erabiliz, Espainiako Estatistika Institutuaren datuak hartuz, oinarrizko errentaren mikrosimulazio analisi batekin oinarrizko errenta nola finantzia daitekeen erakutsi dugu. Hau da, Espainian oinarrizko errenta nola finantzatu genezakeen. Horrez gain, eta mundu mailan lehen aldiz, Europan oinarrizko errentaren finantzazioa nola egin aztertu dugu. Ikerketa horrekin, Europa mailan oinarrizko errenta finantzagarria dela erakutsi duten lehen egileak izan gara. Erreforma fiskalen bitartez badago nahikoa diru oinarrizko errenta finantzatzeko.
Europako herrialde bakoitzaren azterketa egin duzue ala Europar Batasuna bere osotasunean hartu duzue?
Europar Batasuneko herrialde bakoitzeko pobrezia atalasea kalkulatu dugu eta kopuru horretan zehaztu dugu herrialde bakoitzaren oinarrizko errenta. Orduan, herrialde bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta, Europar Batasunean oinarrizko errenta nola finantzatu beharko litzatekeen aztertu dugu. Mundu mailan lehen aldiz egiten da hau eta mundu akademikoan bilakaera izango du.
Lau autorek hartu duzue parte liburuan. Zeintzuk dira besteak?
Jordi Arcarons Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna da eta, Lluis Torrens bezala, zenbaki kontuekin eta estatistikekin oso trebea da. Torrensek, hain zuzen ere, Kataluniako Generalitatean egiten du lan afera sozialen eta abarren idazkari nagusi bezala. Gero, Daniel Raventos dugu, oinarrizko errentaren inguruan mundu mailako ospea duena. Doktorea eta irakaslea da Bartzelonako Unibertsitatean, eta nire doktoretza tesiaren zuzendaria izan zen.
Bakoitzak alderdi bat landu du ala elkarrekin jardun duzue?
Liburuan esku ezberdinek parte hartu dutela ez nabaritzen saiatu gara; baina, normala denez, lana banatu dugu. Jordik eta Lluisek zenbaki kontuak landu dituzte; eta Danielek eta biok, ikuspuntu filosofikotik eta politikotik abiatuz, marko teorikoa eta filosofikoa landu dugu. Gainera, sarrera eta epilogoa idatzi ditugu, eta liburuaren alderdi guztiak batu ditugu.
Nola finantzatu daiteke oinarrizko errenta?
Erreforma fiskal baten bidez eta, hori proposatzen dugun neurrian, konpentsazio klausula bat ezartzen dugu. Honek esan nahi du erreforma fiskala aplikatu eta gero, aberatsena den %20aren artean ez bazaude eta neurri horrekin galtzen ateratzen bazara, hori konpentsatu egiten dela. Orduan, erreforma fiskalaren eta klausularen bitartez, oinarrizko errenta finantzatzea lortzen dugu. Nola? Aberastasunaren birbanatze bat izango balitz bezala. Horrela, aberatsena den %20ak zerga gehiago ordaindu beharko lituzke eta beste %80ak bere egoera ekonomikoa hobetuko luke.
Askok diote paperak dena eusten duela, baina errealitatera ekarri behar dela. Zuek zenbaki errealak erabili dituzue eta hainbat tokitan proba pilotuak egin dira. Probek zer erakutsi dute?
Mundu mailan 200 proba pilotu baino gehiago egin dira dagoeneko. Bai, askok diote paperak dena eusten duela eta egia da tradizionalki ez dugula erremintarik eduki kritika horri erantzuteko; baina, orain, proba pilotuekin datu enpirikoak ditugu ,eta badakigu errealitatean oinarrizko errentak nola funtzionatu dezakeen. Proba pilotuak probak dira eta ez dira oinarrizko errenta integralak aplikatu, baina lau ondorio nagusi atera dira probetatik: Batetik, ongizate ekonomikoa hobetzen dela. Bigarrenik, pertsonen gaitasun kognitiboak hobetzen direla. Logikoa da, oinarrizko errentak segurtasuna ematen duelako. Hirugarrenik, pertsonek konfiantza gehiago izatea lortzen dutela. Ez bakarrik eurengan, baizik eta besteengan eta erakundeengan. Hau dena, guztion arteko borroka izatetik, kolaborazio eta komunitate kontua izatera pasatzen da. Ikusi da oinarrizko errentarekin pertsonek gehiago kolaboratzen dutela elkarrekin. Eta laugarrenik, ikusi da oinarrizko errentarekin jendeak ez duela bere lanpostua lagatzen. Are gehiago, jendea gehiago aktibatzen da. Eta zergatik gertatzen den hori? Ekonomian ‘Pobreziaren tranpa’ deitzen zaion kontzeptuari lotuta dago. Oinarrizko errenta baldintzatua jasotzen baduzu eta lan eskaintza bat jasoz gero, balantzan jartzen duzu lana hartzeak merezi dizun ala ez, lana hartzean errenta hori galtzen duzulako, denbora eskaini behar diozulako eta agian kontziliazioan laguntzen ez dizulako, edo dena delakoa. Oinarrizko errentarekin ez da hori gertatzen, lurzorua delako, lana eduki ala ez guztiok jasotzen dugun zerbait.
Zuen kalkuluen arabera, gaur egun EAEn eta Espainian zenbatekoa izan beharko litzateke oinarrizko errenta?
Pobrezia atalasa ikusita, EAEn urtean 12.550 euro inguruko oinarrizko errenta jaso beharko luke bakoitzak, hau da, 1.000 euro inguru hilean. Espainian pobrezia atalasa beherago dago, beraz, hilean 800 euro inguru jaso beharko lituzke herritar bakoitzak.
Proba pilotuetatik harago joateko saiakerak egin dira? Badago zerbait gertu?
Gero eta mugimendu gehiago dago. Oinarrizko errentak hiru olatu izan ditu historian zehar. Lehenengoa, Nixon administrazioarekin probatu zen AEBan, 1969an. Plana senatutik pasatu zen, baina kongresuak atzera bota zuen. Gaur egun bizi dugun olatua 2016an hasi zen Suitzan. Erreferenduma egin zen oinarrizko errenta ezartzea ala ez bozkatzeko. Suitza oso herri kontserbadorea da eta hasierako inkestek zioten %10ak bakarrik egingo zuela oinarrizko errentaren alde. Gainera, ez zen finantzazioaren azterlanik aurkeztu eta ez zuen zentzu askorik. Hala ere, alderdi eta sindikatu guztiak aurka izan arren, azkenean %25ak egin zuen oinarrizko errentaren alde, eta Zurich eta Genevako kantoietan %50 lagun baino gehiagok bozkatu zuten baietz. Hau da, ikusi zen hirien eta landa eremuen artean ezberdintasunak zeudela gaiaren inguruan. Gero, Finlandiako proba pilotua etorri zen, eta orain urtebete herri-ekimen bat eraman zen Eusko Legebiltzarrera eta oinarrizko errenta onartzea bozkatu zuten alderdiek. Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk baiezkoa eman zuten, baina PSEk, EAJk eta PP-Ciudadanosek ezezkoa, eta atzera bota zuten. Mundu mailan gero eta ekimen gehiago dago. Oraindik ez da gauzatu, baina zerbait mugitzen ari da eta liburuaren bigarren kapituluak gai hori lantzen du. Hau da, nola azken bi hamarkadetan oinarrizko errentaren inguruko eboluzio positiboa egon den. Askotan galdetzen didate zein pauso eman behar diren oinarrizko errentara heltzeko eta zaila da erantzutea. Herri mugimenduak behar dira, pedagogia asko egin behar da, baina pausorik garrantzitsuena politikoa da. Badugu dirua, badakigu nola egin; beraz, nahi politikoa balego, oinarrizko errenta egingarria izango litzateke.