Julen Lopez Salas, gidari berria: "Gida-baimena lortzea erraza egin zait"
- Noiz eman dizute gidatzeko karneta?
Orain dela pare bat hilabete lortu nuen. Udako oporrak aprobetxatu ditut, gidatzeko baimenerako azterketarako ikasteko-eta denbora libre gehiago nuelako. Aurten bertan bete ditut 18 urteak eta, behin gidatzeko eskatzen den gutxieneko adinera ailegatuta, gidatzeko karneta izatea beharrezkoa dela pentsatzen dut, edozein tokitara joatea tokatuz gero norberak baimena izanda automobilez joateko aukera izatea garrantzitsua da.
- Eta zenbat denbora eman duzu autoeskolan?
Azterketa teorikoa prestatzen hiru aste eman nituen. Autoeskolan izena emango nuela argi izan nuenean, bertara joan aurretik liburua irakurri nuen eta, beraz, autoeskolako klaseetara liburua aurretik irakurrita joan nintzen. Hiru aste horietan goizero ordubete inguru egiten nuen autoeskolan, azterketak bete eta bete. Azterketa praktikoa prestatzeko, berriz, 18 bat ordu egin nituen automobila nola gidatzen den autoeskolako irakaslearekin ikasten. Azterketa Azpeitian egiten denez, autoarekin praktikak ere inguru hartan egin nituen. Azterketa biak, teorikoa eta praktikoa lehenengoan gainditu nituen.
- Karneta lortzeko egin beharreko guztien artetik zer egin zaizu zailena?
Egia esateko, gida-baimena lortzea ez zait bat ere zaila egin, erraz lortzen dela uste dut.
- Eta nolakoa izan da lehen aldiz bolante atzeko esperientzia?
Lehen egunean dena berria zen, bizpahiru ordu behar izan nituen automobileko gauza bakoitza non zegoen-eta ikasteko eta, hortik aurrera, dena askoz errazagoa egin zitzaidan.
- Errepidea eta trafikoa ezberdin ikusten dira norberak gidatzen duenean?
Ez bereziki, baina egia da gidatzen zoazenean trafiko seinaleei eta beste kontu batzuei gidatu barik zoazenean baino arreta gehiago ipintzen diezula.
- Badira pare bat hilabete gidatu dezakezula. Ikasitakoa praktikan ipintzeko aukerarik izan duzu?
Bai, bai! Gidatzeko baimena lortu eta amaren automobila gidatzen hasi nintzen, amak arrebari eta bioi autoa erabiltzen lagatzen digu.