Jürgen Landa eta Jon Alonso (musikariak): “ZTANDAn esperientzia hau elkarrekin bizitzea gozada bat izan da”
Jürgenek eta Jonek programara aurkeztea erabaki zuten, euren estilo eta talentu propioa arakatu nahian. Lehiaketan zehar, eibartarrak euren benetakotasunagatik eta interpretazio bakoitzean emozioak transmititzeko izan duten gaitasunagatik nabarmendu dira, epaimahaiaren eta publikoaren aintzatespena lortuz. Argi utzi dute euren talentua lorpen handietara bideratuta dagoela.
Zergatik erabaki zenuten ZTANDAn parte hartzea? Espero zenuten aukeratuak izatea? Eta espero zenuten azken emaitza?
JÜRGEN: Ni aurreko urtean ere aurkeztu nintzen, eta eskerrak ez ninduten hartu (jajaja), aurtengoa oso berezia izan da-eta. Mimo handia eta baliabide gehiago jarri dira bigarren edizio honetan. Kalitate handiko lana egin da. 13 lehiakide izan gara eta ez genuen espero programan biok sartzea: bi eibartar, bi mutil... Ezinezkoa iruditzen zitzaigun. Orain dela 10 urte ezagutzen dugu elkar. Esperientzia hau elkarrekin bizitzea gozada bat zan da. Ondo konektatu dugu, feeling berdina izan dugu lehiakide eta lantaldeko batzuekin, kotxe bidaiak elkarrekin egin ditugu... Finalari dagokionez, uste dut merezi nuela azken errondako hiru horien artean egotea (Arima, Leila eta Jon geratu ziren), baina atarian geratu nintzen. Azken hiru finalisten aktuazioak ikusita, nik benetan uste nuen Jonek irabazi behar zuela, ez bakarrik finala ikusita, baizik eta ibilbide osoa kontuan hartuta ere.
JON: Niretzako lehen aldia izan da. Iaz etxetik ikusi nuen, Julen Leturiondo eibartarrak parte hartu zuelako. Animatu egin nintzen Julenek kontatutakoagatik eta Koro Gaztean gurekin ibilitako beste kide batzuk ere aurkezten zirelako. Espektatiba barik joan nintzen. Bi egun lehenago eman nuen izena castingean. Azkeneko castingean 20 lagun egon ginen eta oso gogorra izan zen, ordu asko eman genituen han, eta biak sartzea kristona izan zen. Momentu hartan ikusi genuen zetorrena, telebistak ekartzen duen lanketa sakona. Gure artean oso ondo ulertu gara eta finalaurrekoan asko sufritu nuen, Jürgen finalean egotea nahi nuelako. Eta lortu zuen. Finalari buruz, esango dut nik argi neukala Jürgen izan zela finaleko lehenengo errondako onena eta merezi zuela bigarren errondara pasatzeko txartela. Hori ez zenean gertatu, finaleko ideia apurtu egin zitzaidan. Finalean egin nituen bi aktuazioekin oso gustura geratu nintzen, baina azkenean hirugarren lekua eman zidaten eta, egia esan, gehiago espero nuen.
Bi hilabete pasatxoan 10 gala izan dira. Oso bizia. Zenbat egunetan joaten zineten bertara?
JON eta JÜRGEN: Martitzenetan Galdakaora joaten ginen entseguak egitera, produkzio-etxeak han dituen lokaletara. Gero, eguazten arratsaldean Miramonera joaten ginen, argiztapena, platoaren kokapena, arropak... probatzera. Eta eguenetan grabazio eguna izaten zen. Programa Miramongo platorik handienean egin da. Platoa huts-hutsik eta berri-berria ikusi genuen lehen eguna inpaktantea izan zen. Eta ez hori bakarrik, jende eta departamentu pila bat egon da saioan lan egiten: atrezzokoak, jantzitegikoak, teknikariak...
Eta zelan gestionatzen da hori guztia 21 eta 24 urterekin? Eta ingurukoek?
JÜRGEN: Hasieran, gaizki. Hainbeste emozio sentitzen dira, kudeatzen oso zaila dela. Gero ohitu egiten zara. Hirugarren edo laugarren galan geundenean epaimahaikideek zer gertatzen zitzaigun galdetu ziguten lehiakideoi. Inflexio-puntu bat eduki genuen, eta hortik aurrera gestionatzen ikasi genuen. Tentsioa oso handia izaten zen, eta hori galak amaitzen zirenean ikusten zen, emozio guztiak bat-batean agertzen zirenean. Negar asko egin dugu. Astero bateron bat gaixotu egiten zen, eta txarto zaudenean abesti animatu bat egitea oso zaila egiten da. Esperientzia honek erakutsi digu jendearen aurrean emozioak kudeatzea ez dela batere erraza. Bestetik, familiek eta lagunek asko jasan dute. Ez diegu behar beste arreta eskaini eta nabaritu dute.
JON: Hori da, hasieran gaizki eraman genuen denok, baina motibazio handia zegoen, emozio handia. Lanketa handia izan da. Hor gertatu dena zeozer idilikoa izan da, ez da erreala izan. Oso intentsoa izan da dena. 13 pertsona desberdin, bakoitza bere izakera eta maniekin, eta azken batean lehiaketa batean... Familia eta lagunak ia ez ditugu ikusi, baina ez da izan denbora faltagatik, baizik eta libre genuen denbora lo egiteko, unibertsitateko gauzak egiteko edo etxean entseatzeko erabili dugulako. Askotan kalera irtetera behartu dut neure burua. Eta, aldi berean, beste lehiakideekin eta programako lantaldearekin harremanetan egoteko beharra sentitu dut, azken batean denok elkarrekin bizi izan dugun esperientzia izan delako.
Gauza bat da abestia ikastea eta norberarena egitea, eta horretara ohituta zaudete, baina beste bat interpretazioa eta dantza. Primerako dantzariak zaretela erakutsi duzue eta hori sorpresa handia izan da.
JON eta JÜRGEN: Abestia barixakuan ematen ziguten eta martitzenerako dena ikasita izan behar genuen, dantza ere bai. Koreografiaren bideoa asteburuan bidaltzen ziguten. Gainera gauza bat da entsegu-gelan nola egiten duzun, eta beste bat platoan nola adaptatzen duzun hori guztia; hor sartzen dira kamarak, atrezzoko gauzak, dantzariak... Eguazten iluntzera arte gauzak etengabe moldatzen joaten ziren, eta ez genuen ezer argi. Eguen goizean bai, orduan egiten genuen eguen arratsaldean grabatuko zena.
Laguntza handia izan duzuela sentitu duzue?
JON eta JÜRGEN: Adrian Garcia de los Ojos kantu irakasleak eta, bereziki, Paula Bujanda eta Virginia Gonzalez koreografoek asko lagundu digute. Koreografoen lana azpimarratzen dugu, dantza ez zelako gure eremua, eta biok dantza asko egitea eskatzen zuten abestiak egin behar izan ditugulako. Erritmoa badaukagula erakutsi dugu. Dantzariekin ere oso harreman berezia sortu dugu. Galdakaon elkarrekin bazkaltzen genuen eta hori deskonexio puntu bat zen, gauzak partekatzeko momentu bat. Terapeutikoa izaten zen. Lan arloan goitik beherako profesionalak dira. Gure ekarpenak asko baloratu dituzte: kantu oso ezagunak zirenean, adibidez, norberaren bertsioa egitea oso zaila zen eta orduan edozein proposamen asko baloratzen zuten. Gu bion kasuan asko baloratu dute ia edozein moldaketara zabalik egon garela. Lan asko egin dugu, konstanteak izan gara: bakoitzaren kantuaz aparte, astero taldeko abesti bat egin behar genuen. Eta, gainera, besteei koruak egin dizkiegu, ikusi zutelako erraztasuna genuela horretarako. Ainhoa Alcibar izan da programako zuzendaria, eta musikalitate pila bat izatez gain, guztion lanarekiko errespetu handia izan du. Ama moduko bat izan da guretzako, eta bere gertutasunari esker lortu du oholtza gainean denok gustura egotea.
Zer deskubritu duzue bi hilabete hauetan? Zer eman dizue ZTANDAk?
JÜRGEN: Programara iritsi nintzenean ezin nuen abestu begiak itxita izan barik, eta ez nintzen ezer mugitzen. Saioan denetik egin dut: lorazko ohe batean abestu dut, dantza mordoa egin dut... ZTANDAk hori erakutsi dit: ez nola edo zer egin, baizik eta egin ahal dudala. Geure buruaren inguruan ezagutzen ez genuen alderdi bat aurkitu dugu denok, eta hori oso polita izan da. Aste batetik bestera abestiekin hainbeste desberdintasun dagoenean, zure alderdi pertsonal asko landu behar dituzu. Bosgarren galan Esne Beltzaren "Sueños de color" egitea egokitu zitzaidanean nire burua kalean ikusi nuen. Baina lanean jarri nintzen eta galako irabazlea izan nintzen.
JON: Hori da, asko bilatu behar duzu zure barruan. Jürgenek abesti propioak ditu, bakarka gauzak egin ditu, baina ZTANDAra iritsi arte ni ez naiz guztiz bakarrik egon, beti izan dut Koru Gaztearen babesa. Lehenengo aldiz bakarrik eta lehenengo galan Benito Lertxundi! Nire asterik gogorrena izan zen. Esan behar dut programak balio izan didala nire burua abeslari bakarlari moduan deskubritzeko.
Epaimahaikide bezala aritu dira Leire Martinez, Klara Mendizabal, Alex Sardui eta Beñat Rodrigo 'Kiliki Frexko'. Zelakoa izan da eurekin izan duzuen hartu-emana?
JON eta JÜRGEN: Espero genuena baino hurbilagoak izan dira. Gure lana baloratzeaz gain, back stagean aholkuak ematera gerturatzen zitzaizkigun. Hala ere, batzuetan badirudi konfiantza bat badagoela, baina gero ez dago. Rol eta izaera finko bat daukate lehiaketa barruan, eta defendatu egin behar dute. Baina egia da oso gertukoak izan direla, eta hori asko baloratzen da. Gertutasun handiena Klara Mendizabalekin igarri dugu, bera ere abesbatza mundutik datorrelako eta guk bizi izan dugun ibilbidea eta disziplina berarentzako gauza ezagunak direlako.
Gala guztietan platoa eibartarrez beteta egon da eta mila aldiz aipatu da gure herriaren izena.
JON eta JÜRGEN: Bai, bai, Eibar munduan jarri dugu (jajaja). Astero 50 pertsona inguru etorri dira Eibartik platora. Eta hori ordutegia oso konplikatua zela, eta grabazioa oso luzea. Indarra eta segurtasun handia eman digute. Gainera, gure jendea, batena eta bestearena, bateratu egin da. Eibarren denak ezagutzen gara, eta oso eskertuta gaude guregana gerturatu diren guztiei, esperientzia gurekin bizi izan dutenei eta aholkuak eta laguntza eman digutenei. Oso polita eta kriston aukera izan da. Eta estimulu eta bultzada handia musika munduan jarraitzeko.