‘K Bitamina’ bideopodcastaren lehen atala kaleratu du Udalak
Eibarko Udalak 'K Bitamina – Eibarrek behar duen bitamina' bideopodcastaren lehen atala argitaratu du, herriko merkataritzari ikusgarritasuna eman eta saltokien atzean dauden pertsonen istorioak ezagutarazteko asmoz. Proiektua hereinegun, urtarrilaren 7an, jarri zen martxan, eta lehen ataleko protagonista Moapics denda izan da.
Egitasmoaren bidez, tokiko merkataritzak Eibarren duen garrantzia azpimarratu nahi da. Izan ere, udalaren esanetan, saltokiek produktuak saltzeaz gain, enplegua sortzen dute, ekintzailetza sustatzen dute, aberastasuna banatzen dute eta herriko kaleei bizia ematen diete. Bideopodcastaren helburua da denden ekarpen hori balioan jartzea eta gertuko merkataritza etorkizunerako aukera erreal gisa erakustea.
K Bitamina proiektuak guztira hamar saltokiren istorioak jasoko ditu. Ataletan dendarien ibilbidea, eguneroko erronkak eta herriko ehun sozial eta ekonomikoan egiten duten ekarpena izango dira ardatz. Ekimenak, gainera, beste pertsona batzuk ekintzaile izatera animatu nahi ditu, benetako esperientzien bidez.
Bideopodcastaren atalak asteazkenero argitaratuko dira, eta sare sozialen bidez zabalduko dira. Halaber, Eibarko Udalaren YouTube kanalean ikusi ahal izango dira.
Proiektua Eibarko Udalak sustatu du, Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak finantzatu du. Udalak azpimarratu du tokiko merkataritzaren alde egitea ekonomia jasangarriago baten alde egitea dela, eta K Bitamina egitasmoak norabide horretan ekarpena egin nahi duela.