Loreen, Landareen eta Zuhaitzen XVI. Azoka egingo da martxoaren 21ean Errebalen

Loreen, Landareen eta Zuhaitzen XVI. Azoka egingo da martxoaren 21ean Errebalen
2026/03/12 12:55
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak eta Dekolore landareen inguruko dibulgazio elkarteak Loreen, Landareen eta Zuhaitzen Azokaren XVI. edizioa antolatu dute martxoaren 21erako. Azoka 10:00etatik 14:30era egingo da Errebal Plazan, eta Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako hamahiru ekoizlek hartuko dute parte.

Azokan mota askotako landare eta lore naturalak ikusi eta erosi ahal izango dira, besteak beste fruta-arbolak, arrosa-landareak, zuhaixkak, barruko landareak, sasoikoak, usaintsuak, baratze-landareak edo kaktusak. Horrez gain, erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako haziak eta belarrak, kosmetika naturaleko produktuak eta artisautza ere egongo dira, hala nola lore prentsatuekin egindako koadroak edo lore-motiboak dituzten bitxiak.

Azokaren helburua da ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topagune izatea, ekoizleek beren produktuak zuzenean publikoari eskaintzeko aukera izan dezaten eta, aldi berean, hurbileko salmenta sustatzeko.

Jarduera dibulgatiboak ere antolatu dituzte. Goizean umeentzako bi tailer egingo dira: 11:30etik 12:30era prentsatutako loreekin orri-markatzaileak egiteko tailerra izango da, eta 12:30etik 13:30era landatzen ikasteko tailerra.