Kalean da Markos Untzetak Coliseo antzokian grabatutako "Agian bai, agian ez" bideoklipa
"Ekilibrista" diskoaren kantu hau zuzenean jo zuten Eibarko Coliseo antzokian azaroaren 23an. Bideokliparen ekoizpenean Naia Aizpurua (zuzendaria), Angello Eloizaga (argazki zuzendaria) eta Julen Leturiondo (produkzioa) aritu dira.
Markos Untzerarekin parte hartzen duten musikariak Giovanni Zanon (gitarra elektrikoa), Walter Tuzzeo (Baxu elektrikoa), Iñaki Ortega (bateria) eta Mikel Gaztelurrutia (Helmholtz organoa) dira.
Markos Untzetak eskerrak eman nahi dizkie guztiei, eta baita "Eibarko Udalaren kultura sailari eskainitako laguntzagatik, Coliseoko langileei lana errazteagatik eta, bereziki, Helmholtz organoa utzi zigun Jesus Maria Aguirreri eta bere garraioan eta mantenuan parte hartu zuen Call&Play-ri ere", dio Markosek.
“Bizi izandako krisialdi bati eta pandemiak sortutako egoerari erantzun sortzaile eta bizizale bat eman nahi izan nien”, azaldu zuen Markos Untzetak udazkenean, ‘Ekilibrista’ disko berriaren aurkezpenean. Diskoak hamar abesti ditu eta blues, country eta pop-rock amerikarraren bidetik, soiltasuna eta gardentasuna lortu nahi izan ditu musikari eibartarrak.
"Ekilibrista" Markos Untzetaren seigarren diskoa da eta, oraingoan ere, Gaztelupeko Hotsakekin ekoiztu du lana. Gainera, aurreko diskoan gertatu bezala, Zumaian bizi den Giovanni Zanon izan du bidelagun, berarekin landu baititu kantuen oinarriak eta moldaketak. Orain dela urtebete pasatxo maketa grabatu zuten Haritz Harregiren estudioan, eta hori izan zuten oinarri, gero Karlos Aranzegiren eta Fernando Neiraren (baxu elektrikoa eta kontrabaxua) ekarpenak jasotzeko.