Soinu magikoak herriko asmamenetik

Soinu magikoak herriko asmamenetik
2021/11/19 11:57
eta kitto!
Jose Luis Elorza Txintxurretak eta Jose eta Jesus Ibazeta Arratek Hammond CV organo baten erreplika zehatza sortu zuten 1961. urtean, Helmholtz Church izenekoa. “Inoiz egin den kopiarik zehatzena”, Hammondekoen arabera. Eibartarren lorpena demasa izan zen (jarraian kontatuko dugun istorioaren arabera) eta, sorkuntzaren 60. urteurrenean, San Andres egunean musikari handiak bilduko dira Coliseoan, Eibarren sortutako ‘Hammond soinuaren’ magia noraino heldu daitekeen erakusteko.

 

Jesus Mª Agirrek dena daki Helmholtz CV Church organoaren inguruan. Elorza eta Ibazeta anaiek 60. hamarkadan lortutakoarekin liluratuta, eurengandik zuzenean jaso du organoekiko maitasuna. “Eibarren armak, bizikletak, josteko makinak… egin ditugu, baina arlo kulturalean Helmholtza da sorkuntza bakarra”, diosku ‘altxorraren zaindariak’, Aitor Alberdi lagunak esaten dion bezala.

Sorkuntza handi hau, gainera, ingurukoekin elkarlanean egin zuten hiru lagunek. “Armeria Eskolako belaunaldi bereko hiru lagun ziren Elorza eta Ibazeta anaiak”, hasten da kontatzen Agirre, “demaseko kointzidentzia da hirurek bat egitea, bakoitza bere arloan maisua zelako: elektronika, elektrizitatea eta mekanika”.

Helmholtza asmatu baino lehen, hirukoteak beste organo mota bat sortu zuen 1957an. “Oso berezia zen, ez du zerikusirik gaur egun darabiltzagun organoekin”, Agirreren ustez. Kasu horretan ez zuten eredurik jarraitu, euren asmakizuna izan zen goitik behera. Bi eredu egin zituzten, Unda Maris eta Stella Maris, eta gaur egun bat dago martxan, Ermuko San Lorentzo ermitan.

Organo horiek egin ondoren, hirukoteak bere lana hobetu behar zuela pentsatu zuen. “Kasualitatez, Astelena frontoian areto-dantza egon zen eta organoak nola funtzionatzen zuen ikustera joan zen hirukotea. Hammond organoa erabili zuten emanaldi horretan eta Juanito Urteaga izan zen interpretea”, azaldu digu adituak. Hirukotea soinuarekin harrituta geratu zen. “Horrelako zerbait egiten dugu edo itxi egin beharko dugu”, esan omen zuten Agirrek dioenez.

 

Hammond organoa buruan

Esan eta egin. Elorzak eta Ibazetarrak Ermura joan ziren Teodoro Zuazua parrokoari Hammond organoa lagatzea eskatzeko. Apaizak onartu egin eta horren truke eibartarrek sortutako organo bat laga zioten. Hammonda Errekatxuko 16. zenbakian zuten tailer txiki batera eraman zuten eta organoa goitik behera desmuntatu zuten. “Desmuntatu baino lehen, sorgailua ikusi eta pentsatu zuten ezin izango zutela horrelakorik egin. Erloju baten antzeko egitura zuen, Laurens Hammond erlojugilea zelako”, kontatu digu Agirrek.

Eibartarrak, ostera, ez ziren kikildu eta, poliki-poliki, gauza guztiak ondo apuntatuz eta buruan ondo gordez, organoa desmuntatu zuten. “Papera, lapitza eta borragoma besterik ez zuten erabili lan horretarako”, diosku adituak. “Gainera, beste arazo bat izan zuten, bertan agertzen ziren neurriak hazbetetan agertzen zirelako. Ondorioz, neurri guztiak berriz kalkulatu behar izan zituzten sistema metrikora egokitzeko”, gehitzen du. Hammondak 3.500 pieza ditu eta 750 pieza elkarrengandik ezberdinak dira. Pentsa nolako lana egin behar izan zuten ordenagailurik edo horrelakorik gabe.

Organoa desmuntatu ahala, eta jasotako oharrekin, organoaren planoak egin ahal izan zituzten, behar zituzten piezak zehaztu... Gero, organo berria sortzeko, eurek eraiki behar izan zuten guztia zerotik, apuntatutako neurriekin. Lan hori egiteko ingurukoengana jo zuten eta, horrela, Helmholtzaren sorkuntza elkarlanean egin zuten herriko eta ingurukoetako beste lagun batzuekin. “Engranajeak behar bazituzten, engranajeak egiten zituenarengana joan ziren. Kasu horretan, Ermuko Jose Ormaetxea Ureretak egin zizkien. Txapak Txontako Txurrukak egin zizkien, egurra Elgoibarko Florentino Etxebarriaren bitartez lortu zuten, teklatuak egiteko metal preziatuak Madrilgo militar bati eskupekoa emanez lortu zuten, besteak beste”, azaldu digu adituak.

Hirukoteak aurre egin zieten parean jartzen zitzaizkien zailtasun ia guztiei, baina harri koxkor handi batekin egin zuten topo: teklatua. “Donostiko Javier Mujika organeroak ere Hammondaren kopia egin nahi zuen eta esan zien ez zutela inoiz lortuko Hammondaren teklatua kopiatzea. Berak ezin zuen, behintzat”, diosku Agirrek. Eibartarrek Debara jo zuten, Industrias Reinerrera, eta asmatu zuten. “Hori bai, Helmholtzaren teklak Hammondarenak baino pixka bat  argiagoak dira. Forma, neurriak eta abar, ostera, berdin berdinak”, adituaren ustez.

 

Bakarrak munduan

Helmholtz organoa bertako industriaren lorpen handienetakoa da, eta ez da harrokeria kontua, Hammond enpresakoak zur eta lur geratu baitziren organoarekin. Izan ere, eibartarrak Helmholtza sortzeko lanetan zeuden bitartean, Turinen, Herbehereetan eta Belgikan, besteak beste, Hammondaren kopiak egiten saiatzen ari ziren. “Turinen FIAT enpresaren fabrikan ari ziren lanean, Hammonden baimenarekin, planoekin eta demaseko baliabideekin, baina ez eurek ez inork ez zuen lortu eibartarren zehaztasun maila”, baieztatzen du Agirrek. “Horrelako zerbait egiten duten munduko lehen pertsonak zarete. Zorionak”, esan zion Herbert Menyema Hammondeko diseinu zuzendariak hirukote eibartarrari. Menyema maila goreneko profesionala zen eta, Agirreren berbetan, “berak esandakoak Jainkoaren hitzak ziren Chicagon”. Eibarrera egin zuen bisitan, ez zitzaion asko axola izan organoa kanpotik nola ikusten zen, barruak ukitu nahi zituen bakarrik. Ezin zuen sinetsi ikusten eta ukitzen zuena”, diosku Agirrek.

Bera ez zen izan, ostera, Hammonden lehen ordezkaria Eibarren. Lehen organoaren lanak nahiko aurreratuta zituztenean, Jose Ibazetak eskutitza bidali zuen Chicagora, Hammonden egoitzara, lanaren berri emateko. “Euren gainean barre egingo zutela uste zuten Elorzak eta Jesusek”, dio Agirrek, baina aste batzuetara argentinar gazte bat agertu zen Errekatxu inguruan eta, organo soinuak deituta, tailer txikian sartu zen. “Charles Wilson zen, Hammond organoen frogagilea, eta kasualitatez handik pasatzen zen turista zela esan zien. Organoa jotzen hasi zen eta tailerreko langileek inoiz entzun gabeko soinuak entzun zituzten”, azaltzen digu adituak.

Wilsonen bisitaren ondoren, Stanley Sorensen etorri zen Errekatxura, Laurens Hammonden lagun mina eta Hammond konpainiaren zuzendari orokorra. Eibartarrak bere bila joan ziren Bilbora eta harrera prestatu zioten. Ingelesez egiten zuenez, Fernando Martinek egin zituen itzultzaile lanak. “Planoak nondik atera dituzue”, galde zuen Sorensenek. “Hemendik”, erantzun zion Josek, bere burua seinalatuz. Sorensen zur eta lur geratu zen eta zoriondu egin zituen. Handik aste gutxitara etorriko zen lehen aipatu dugun Menyema jauna eta organo bat erosi zuen. “Beraz, Chicagon Helmholtz bat dago”, diote Alberdik eta Agirrek.

 

Helmholtz VS Hammond

Helmholtzaren historia ezagututa, Jesus Mª Agirrek eta Aitor Alberdik “bere tokia eman” nahi izan diote herrian organo eibartarrari. “Organoak historia indartsua du atzetik eta Jesus Marik, altxor honen zaindari moduan, beti faltan bota izan du herri mailan lorpen horren goraipamena egitea”, diosku Alberdik. “Helmholtzak herrian izan duen errekonozimendua motz gelditu izan da beti”, gehitzen du Agirrek. Horregatik, Helmholtzari merezi duen tokia emateko, ikuskizun berezia antolatu dute San Andres egunerako. “Egun berezia da eibartarrontzat eta, gainera, herriaren sorreraren 675. urteurrena ospatzen da eta Helmholtzaren sorreraren 60.a aldi berean”, diote biek.

1997. urteaz geroztik 16 kontzertu antolatu ditu Agirrek Helmholtz organoarekin, baina oraingoan beste pauso bat eman nahi izan du Alberdirekin batera. “Helmholtzak dantzak, beste musika-tresnak, ahotsak, abesbatzak eta beste zenbait diziplinei laguntzeko duen ahalmena erakutsi nahi dugu”, diosku Agirrek. “Organoa kanpotik ikusgarria da, baina martxan jarri eta ondo dakien batek jo arte ezin da imajinatu organoak duen boterea”, Alberdiren ustez.

Botere hori, edo ‘Hammond soinua’ askok dioten bezala, marka horretako organoek bakarrik dute. “’Hammond soinua’ 50. hamarkadaren hasieran sortu zuten, eskaner bibratoa txertatzea lortu zutenean. Horrekin, sorgailuak zuen kolorearekin batera, ‘Hammond soinua’ lortu zuten”, azaldu digu Agirrek. “Beti imitatua, baina inoiz ez lortua”, zioen sasoi hartako lelo batek. Eibartarrak iritsi ziren arte.

Elorza eta Ibazetarren lorpena agerian lagatzeko asmoz, Hammond CV eta Helmholtz CV Church organoekin ikuskizuna eskainiko dute hilaren 30ean, publikoak ikusi dezan herrian sortutako makinak Chicagokoaren ezaugarri berak dituela. “Organo biak aurrez aurre jarriko ditugu eta jendeak ez du jakingo zein organo den marka batekoa edo zein bestekoa”, Agirreren ustez.

Organoek eskaintzen duten aukera eta abaniko zabalaren erakusle da ikuskizunean parte hartuko dutenen zerrenda: Kezka Dantza Taldea, Julian Maeso, Olatz Salvador, MZM (Maite Arroitajauregi ‘Mursego’, Zaloa Urain eta Miren Narbaiza ‘Mice’), Quico Puges, Iraide Ansorena, Elkano Browning Cream, Juan Luis Agirre eta Mikel Erentxun. “Artista bakoitzak 12 minutuko ikuskizuna eskainiko du eta guretzat sorpresa izango da, ez dugulako aurretik jakin nahi izan zer prestatu duten. Baldintza bakarra da organoa presente egotea”, Alberdik dioenez. “Parte-hartzaileek demaseko gogoa erakutsi dute ikuskizunean parte hartzeko, liluratuta daudelako organo honen historiarekin eta soinuarekin”, gehitzen du.

Coliseoko ikuskizuna horrela egingo dute: “Lehenengo saioan Kezkako bikote bi egongo dira Quico Puges, Iraide Ansorena eta Juan Luis Agirrerekin. Gero, oinarrizko talde bat egongo da, Mikel Azpiroz organista eta pianista handia buru den Elkano Browning Cream taldea. Jesus Marik zaintzen du Azpirozen organoa eta harremana dute aspalditik. Ondoren, Julian Maeso organista bikaina egongo da eta, momentu batean, Elkanorekin batera izango da eszenatoki gainean eta bakoitzak organo bat erabiliko du. Jarraian, Olatz Salvador arituko da, Mikel Erentxun gero eta MZM azkenik. Diziplina eta estilo ezberdinak landuko ditugu (rocka, bluesa, dantza…), ahalik eta publiko gehiagora iristeko”, diosku Alberdik. “Gainera, ikuskizunaren hasieran ikus-entzunezko bat jarriko dugu, Helmholtzaren historia laburra aipatu eta testuingurua ezartzeko”.