'Kandida' antzezlana taularatuko da bihar Coliseo Antzokian
Bihar, otsailaren 18an, XLIX Antzerki Jardunaldien barruan, Tartean Teatroaren ‘Kandida’ antzezlana taularatuko da, arratsaldeko 19:00etan, Coliseo Antzokian. Saioaren iraupena 80 minutukoa izango da.
Antzezlanaren sinopsia:
Antzezlana eleberriaren aurkezpenaren gauean hasten da, norbaitek Clararen atea jotzen duenean. Bi urte baino gehiago dira ez duela hura ikusi, eta kaleak gogor zigortu du; baina berehala ezagutu egiten du. Manuela da, etxetik bota zuten emakume zaharra, “Kandida” pertsonaiaren inspirazioa izan zena: “Zure etxean har nazazun etorri naiz, nobelan egiten duzun bezala”.
Clarak, bere borondatearen kontra, zaharra etxean hartzera behartuta sentitzen da, eleberriaren editorearen gomendioz. Liburua autofikzio kutsuarekin saldu da, argitalpenaren tirada oso handia izan da, eta jokoan dago inbertitutako dirua eta Clararen beraren prestigioa idazle gisa. Jendeak jakiten badu Clararen bizitza errealean eleberrian kontatutakoaren guztiz kontrakoa gertatu dela, dena joango da pikutara.
Lan honek idazleak eta pertsonaiak elkarren bizitza eta nortasuna aztertzen ditu, publikoari literaturaren eta errealitatearen arteko joko interesgarria eskainiz.
Patxo Telleriak idatzitako antzezlana da Kandida. Telleriari eginiko elkarrizketa irakurtzeko, egin klik hemen.