Patxo Telleria: “Zenbateraino da benetakoa gure elkartasuna? Horixe da Kandida-ren galdera nagusia”

Ikuslea harrapatuta lagatzen duen istorio horietako batekin etorriko da Tartean Teatroa aurtengo Antzerki Jardunaldietara. Patxo Telleriak idatzitako antzezlana da Kandida. Ikuskizuna otsailaren 18an, eguaztena, izango da Coliseo antzokian. Telleriak hainbat gai sakon mahai gainean jartzen ditu: arrakasta lortzeko edozer egitearen mugak, bizitza baten lapurreta metaforikoa edota gure gizartean gero eta ohikoagoak diren etxegabetzeak.
Patxo Telleria: “Zenbateraino da benetakoa gure elkartasuna? Horixe da Kandida-ren galdera nagusia”
2026/02/13 10:27
eta kitto!

Otsailaren 18an etorriko zarete Eibarrera Kandidarekin. Pozik Eibarrera etortzearekin?
Bai, bai, gogoz. Eibar antzerkiarekin oso lotuta egon da aspaldidanik, eta gu ere beti ilusio handiarekin etorri izan gara. Guretzat plaza berezia eta beroa da.

Kandida ere bero-bero dago, aurreko astean labetik atera berri. 
Arriaga antzokia bi egunez bete genuen, eta euskarazko lan baterako hori oso pozgarria da. Erritmoa hartu diogu dagoeneko, eta estreinaldia oso naturala izan zen.

Nondik sortu zen Kandida idaztearen ideia?
Ideiak nondik sortzen diren azaltzea zaila da beti, baina hasieratik neukan gogoa fikzioaren eta errealitatearen arteko kontraesanak erakusteko. Artearen eta bizitzaren arteko talkak modu gordinean agertzeko. Fabula honetan bi mundu kontrajarri jarri ditut: fikzioa eta errealitatea. Batetik, Klara dago, neska gazte intelektual bat, idazle izan nahi duena. Ametsa betetzen du nobela bat idatzita. Nobela horretan, desahuzio baten ondorioz etxerik gabe geratutako emakume baten istorioa kontatzen du: Kandida fikziozko pertsonaia da, baina benetako pertsona batean oinarrituta dago, Manuela izenekoan. Nobelan, Klarak irudikatzen du aurretik ezagutzen duen Manuelarekin topo egiten duela berriro, etxera eramaten duela, eta bien artean elkartasun eta borroka istorio bat sortzen dela: demanda jartzen dute, etxea berreskuratzeko borrokatzen dute… Baina errealitatean, Klarak liburua aurkezten duen gau berean, benetako Manuela agertzen da bere etxean. Irratian entzun du nobelaren berri, eta konturatu da bere bizitza kontatzen ari direla. Eta orduan eskatzen dio nobelan agertzen dena benetan egiteko: etxean hartzeko.

Eta hortik hasten da gatazka…
Klarak etxean hartzen du, baina interesek eta beldurrek baldintzatuta: argitaletxearen presioak, autofikzioaren auziak… Azkenean, kontraesanak agerian geratzen dira. Antzezlanak bi ibilbide erakusten ditu: Manuelarena, bai nobelan bai errealitatean; eta Klararena (bere mundua nola erortzen den ikusten dugu). Manuelaren egoera eta etxegabetuen arazoa testuingurua da eta horretaz hitz egiten da, baina gehienbat Klararen ibilbideaz hitz egin nahi dut lan honetan. Azkenean, galdera nagusia da: zenbateraino dira benetakoak gure elkartasuna, gure konpromisoa, gure kezka sozialak? Eta zenbateraino dira gure buruarekin ondo sentitzeko apaingarri bat? 

Bizitzaren eta pertsonen kontraesanez ari zara.
Hori da. Askotan asmo zintzoz hitz egiten dugu, baina gero egunerokoan zer egiten dugun beste kontu bat da. Eta hori ez zaio artista edo idazle bati bakarrik gertatzen; edozeini gertatzen zaio.

Zer aurkituko du ikusleak taula gainean?
Hiru aktore zoragarri: Miren Gaztañaga eta Mikel Martinez aktore aski ezagunak eta Nerea Mazo aktore emergentea Klararen paperean. Tonua dramatikoa da, baina umorea ere badago; bizitza bera bezala, batzuetan barregarria eta beste batzuetan gordina. Istorioa gogorra da, baina badu goxotasun eta hunkigarritasun puntu bat. Pentsarazteko egina dago.