"Ketariatik mundura" nanopastorala eskainiko dute ekainaren 2an Arraten
Mixel Etxekoparrek idatzi eta Etxekopar bera Jean Kristian Galtxetabururekin batera musikari dela eta Ihitz Iriart, Maika Etxekopar eta Beñat Larrori kantari, aktore eta dantzari direla, "Ketariatik mundura" nanopastorala eskainiko dute datorren ekainaren 2an, 13:00etan Arraten. Zuberoako pastoralen eredura baina formato txikian, edo hobe esanda, nanoan, aurkezten du Hebentik-ek honako hau: bi musikari, hiru kantaridantzari-aktore eta ordubete pasako iraupena. Eibarko Klub Deportiboak antolatu du ekitaldia, Eibarko Udalaren laguntzarekin.
Elkanoren mundubira
Juan Sebastian Elkano marinel getariarra eta lehen mundubiraren inguruan idatzi du pastoral hau Mixel Etxekoparrek. Bidaiaren argiak eta itzalak gogoan izan ditu Etxekoparrek, abenturaren tamaina, aniztasunaren lilura, kolonizaziorako lehen urratsa... Historia txatalak, fikzioa eta mitologiarekin nahasten dira kontakizunean.
Artista boskotea
Artista talde txiki baina dohaitsua osatzen du nanopastorala eskaintzen duen boskoteak.
• Mixel Etxekopar musikari, kantari eta bertsolaria, hainbat ekitalditan eta diskotan parte hartu du, Ederlezi pastorala zuzendu zuen eta besteak beste Euskal Barrokensemblerekin ere aritzen da azken urteotan.
• J. Kristian Galtxetaburu soinujolea da eta Etxekoparrekin batera Etxetaburu diskoa grabatu du berriki.
• Maika Etxekopar kantari eta aktore moduan aritzen da, Amaren Alabak taldean aritu zen Ihitz Iriartekin, Euskal Barrokensemblerekin ere aritzen da kantuan eta aktore bezala Le Petit Théâtre de Pain eta Bonbon Beltz konpainiekin taularatu ditu lanak.
• Ihitz Iriartek Bidador pastorala zuzendu zuen eta berriki Julia Fernandez Pastorala gidatu du, Iruinkokoa plantan jartzearen arduradunetako bat izateaz gainera.
• Beñat Larrorik aurten taularatuko den Ligetx koblakaria(k) pastorala idatzi du, bere kideak bezala hainbat pastoral eta ikuskizunetan parte hartzeaz gainera
Itsasoa eta Arrate
Itsasoa eta marinelen munduarekin lotutako kantu, antzerki, musika eta dantza ikuskizuna da Ketariatik mundura", eta Arraten ere eutsiko dio itsasoarekin lotura horri. Arratetik itsasoa ikusten dela eta itsasotik Arrate ikusten dela ikasten dute eibartarrek umetatik, eta are gehiago, bizitza Arratetik datorrela, hain zuzen ere itsasontziz, Arrateko elizako sabaitik zintzilik dagoen ontziari esker.
Deportiboak 100 urte
Eibarko Klub Deportiboaren mendeurrena ospatzen da 2024. urte honetan eta horren aitzakian Klubeko Eguna bihurtuta dagoen garai bateko Finalista Egunaren testuinguruan eskainiko da Arraten nanopastorala, mendi-ibilaldi, pilota partida, soka-dantza, domina banaketa eta jolas artean.