Kike Amonarriz, soziolinguista eta aurkezlea: "Euskeraz ez dakitenek ere hizkuntza transmititu dute"
- Lehenengoz izango zara transmisioaren inguruko mintegian. Parte-hartzaileak eta gaiak ikusita, zer espero duzu?
Parte-hartzen zeintzuk izango diren ikusita, mahai-inguruan mintegian landuko den gaiaren inguruko informazio zehatza jasotzea espero dut eta, zalantza barik, gai horietan murgiltzeko tartea izango da. Gainera, hizlari batzuren lana gertutik ezagutzen dut eta hitzaldietan esango dituztenak benetan interesgarriak izango dira. Entzuleek gaiaren inguruko informazio gaurkotua eta kontrastatua jasoko dute, gero norberak bere lan-esparruan aplikatzeko modukoa.
- Mahai-inguruko dinamizatzailea zaren aldetik, zer asmo daukazu?
Horrelako saioetan galderak amaierarako lagatzen dira, jendeak alde egiteko gogoa izaten du, erantzunak ematean larregi luzatzeko aukerarik ez dago, galdera batzuk errepikatzen dira… Horregatik, eta mintegian parte hartuko duten hizlariak oso interesgarriak direla kontuan izanda, hasteko erronda labur bat egingo dugu. Hizlari bakoitzak gehienez hiru minutu izango ditu beste hizlariek esandakoetatik atentzioa gehien zerk deitu dien aipatu eta zerekin ados ez dagoen azaltzeko. Ondoren, bakoitzak berari buruzko aipamenei erantzuteko aukera izango du, hori ere oso modu laburrean. Horrez gain, goizean entzuleen artean txartel batzuk banatuko ditugu, nahi dutenek goizeko saioetatik aipagarrienak iruditu zaizkienak bertan idazteko eta entzun dituztenen artetik zerekin ez dauden ados eta zergatik azaltzeko, eta txartel horretan hizlarientzat galderak planteatzeko aukera ere izango dute. Txartelak jaso eta entzuleek horietan idatzitakoak mahai-inguruan tartekatzen joango gara. Horrela, nahi duten guztiek parte hartu eta galderak egiteko modua izango dutela pentsatu dugu.
- Mintegirako gaia belaunaldien arteko transmisioa da. Mihiluze eta bestelakoak tartean, zuk hartueman handia daukazu gazteekin. Nolako euskara transmititu zaie?
Beste ezer baino lehen, datu bat azpimarratu nahi dut, benetan garrantzitsua delako eta, gainera, Europa osoan ez delako horrelakorik gertatu estatu bariko beste hizkuntza minorizatuetako bakar batekin ere: gazteen artean euskera jaso dutenen %52 familia erdaldunetatik dator. Beraz, euskeraz ez dakitenek hizkuntza transmititu dute. Hegoaldean transmisioa bermatuta dago eta Iparraldean egoera bestelakoa da, Jean Baptiste Coyosek azalduko duen moduan. Baina familia euskaldunetan badago hizkuntzaren kalitateari lotutako kezka bat: transmisio prozesuan zer irabazi eta zer galdu dugun. Hizkuntz-ondarea ez da egoki transmititu gurasoak akonplejatuta egon direlako, nahiz eta euren euskera oso ona zen, Eibarren ere. Eta transmisioaz dihardugunean ez gara bakarrik ezagupenean geratu behar, ikasitako horrentzat erabilera esparruak beharrezkoak dira.