Kim Rubio eta Ibon Romero (Uni Eibar-Ermua): "Jendea bizimodu osasuntsuaren garrantziaz ohartzea nahi dugu"
- Zergatik antolatu duzue "Mugi zaitez zure osasunaren alde" martxa?
Bizimodu osasuntsua izatearen garrantziaz kontzientzia hartzea bilatzen dugu. Horretarako hainbat jarduera antolatu ditugu: 10.30etan Untzagan batu egingo gara. Antolatu dugun logotipo lehiaketako lanak jaso eta Urkizuraino jaitsiko gara, Untzagara bueltatzeko. Denera 3 kilometro egingo ditugu oinez. Untzagan osasunari buruzko esketx lehiaketa, "Bizimodu osasuntsua" antzezlana, aerobic klasea eta lehiaketetako sari-banaketa egingo ditugu.
- Horren beharrezkoa da bizimodu osasuntsuaren aldeko aldarria?
Azken ikerketen arabera, gaur egungo gazteak lehen aldiz euren gurasoak baino bizitza laburragoa izango dute. 2010. urteko datuei begiratuta, munduan 42 milioi pertsonak gehiegizko pisua zuten eta horietatik 35 milioi herrialde garatuetan bizi ziren. Espainian hiru lagunetik batek beharko lukeena baino gehiago pisatzen du eta azken 25 urteotan larregizko pisua dutenak %7 izatetik %17 izatera pasatu dira. Gazteen artean portzentaia %20koa da. Datu horiek sedentarismoaren, osasungarriak ez diren bizitza ohituren eta teknologia berrien ondorio zuzena dira.
- Paradoxikoki, inoiz baino kirol gehiago egiten omen da, behintzat kiroldegi eta gimnasioetan...
Baina ez da beti modu egokian egiten. Gazte askok bizkor muskulatu nahi dute eta, horretarako, anabolizante, dieta desegokiak eta bestelako astakeriak egiten dituzte. Horrelako gehiegikeriak ez dira onak eguneroko bizitzan. Gainera, oso gazte hasten dira asko eta, gorputza oraindik erabat garatu barik egotean, muskuluak ez dio hezurrari behar beste luzatzen lagatzen eta txiki geratzen dira.
- Orduan, zer gomendatzen duzue bizimodu osasuntsua izateko?
Elikadura orekatua, egunero jaten dugunaren %50 frutek eta barazkiek osatu beharko lukete. Eta horri laguntzeko ariketa fisikoa, ez da aparteko ezer egin behar, nahikoa da orain dela urte batzuk arte egiten genuen lez eskailerak oinez igotzea, piskat ibiltzea, automobila horrenbeste ez erabiltzea…