Klub Deportiboak bi mendi irteera antolatu ditu martxoaren 28 eta 29rako
Aste Santua baino lehen, Eibarko Klub Deportiboak bi mendi irteera egiteko aukera emango du. Batetik, martxoaren 28an, Trabuko Bidearen lehen etapa egiteko aukera egongo da, Oiartzunen hasi eta Goizuetan amaituta. 18 km-ko ibilbidea izango da, eta Eibartik 08:00etan irtetea eta 18:00ak inguruan itzultzea da asmoa.
Trabuko Bideak sei etapa izango ditu guztira, eta kirola, historia eta kultura uztartzen dituzte. “Nafarroan barrena, XVII. mendean eskualde haietan jardun zuten gaizkile taldea gogoratuz ibiliko garela. Hain zuzen, bere kanten bidez Mikel Laboak ezagutarazi zituen bertsoak oroituz”, azaldu dute Klub Deportibokoek.
Deporrekoek honakoa kontatu digute ibilbidearen inguruan: “Ibilaldia, Oiartzundik Artikutzara doan bidean hasiko dugu, mendi portuan bertan, bertan dagoen Munagirren gailurra eginez. Ondoren Añarbe ibairaino jaitsiko gara, Berdabio izeneko toki baten dagoen baserri bateraino. Berdabio, horixe zen atxilotuetako baten goitizena, Joseph de Etchagarairena hain zuzen, Goizuetako txoko honetan jaiotakoa baitzen eta Mikel Laboak abesten zituen bertsoen egilea berau. Pentsatu nolakoa zatekeen 1747an Goizuetatik hona etortzea. Egun oso bat behar izan zuten, artxiboen arabera, hona etortzeko. Bideak ubide baten ondotik Artikutzarantz eramango gaitu, eta ondoren mendilerrora igo eta berriz ere Goizuetarako bidea hartuko dugu”.
Txoriak Asier Sarasuarekin
Hurrengo egunean, martxoaren 29an, Mendi Jardunaldien inguruan antolatu diren azken ekintza egingo du Klub Deportiboaren mendi batzordeak. Oraingo honetan, Asier Sarasua biologoarekin batera Eibar inguruko txoriak ezagutzeko irteera egingo da.
Goizeko 09:00etan egingo da irteera, Urkizuko iturritik, eta Santa Kurutz ingurura joatea da asmoa, berriz Urkizura jaisteko. Antolatzaileek esan dutenez, “ibilbide erraza eta pedagogikoa izango da, eta helburua bertoko txori kanta ezagutzea eta bereiztea da”. Horrela, saioa oinarrizkoa da eta giro jatorrean egitea espero dute.
Asier Sarasuak urte asko daramatza Eibar inguruko txoriak aztertzen. 1995 urtean ‘Eibarko hegaztiak’ liburua argitaratu zuen eta Eibarko hegaztien jarraipena egin izan du azken 20 urteotan, hainbat programaren bidez.
Itsas Enara elkartearen eta Euskal Batzorde Ornitologikoaren kidea izanik, 2025ean Euskal Herrikoak ez diren espezieen izen arrunten proposamena lantzen eta finkatzen aritu da.
Gainera, ehiztari eta baserritarrak elkarrizketatzen jardun du 25 urtez, Euskal Herri osoan barrena, txori-izenak jasotzen. Lan hori Txoriak.eus webgunean bildu zuen 2018an.
Jarduera honetan edota Trabuko Bidearen etapan parte hartzeko, Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordearekin harremanetan jarri zaitezkete HEMEN.