Klub Deportiboko pilotarien partiduak izango dira Astelenan barixakuan eta domekan
Barixaku arratsaldean Udaberri txapelketako bi neurketa izango dira Katedralean: kadete mailan, Gisasola-Azpilikueta Eibarko bikoteak Zestoako Abantzu taldekoari egingo dio aurre eta, jarraian, jubenil mailakoan, Deporreko Ibarra-Caramanzana eta Amezketako Zazpi Itturriko bikotea izango dira aurrez aurre. Domeka goizean, paleta gomazko banakakoan eta 7aren barruan, Lombraña eibartarrak Zumarragako Viana izango du aurkari. Antolatzaileek pilotazale guztiak animatu nahi dituzte “partidu horietaz gozatzera, sarrera ere doan delako”.
Azkenik, klubeko beste ordezkari askok Eibartik kanpo jokatuko dute asteburu honetan. Barixakuan Errendimenduko binakako txapelketaren barruan, Amillategi-Varona infantil mailako bikoteak Aretxabaletan jokatuko du. Zapatuan, txapelketa bereko senior mailan, Azkargorta-Conde bikoteak Hernanin jokatuko du. Eta domekan, txapelketa berean ere, Del Rey-Gil bikoteak Getarian izango du hitzordua.