Jon Ander Ulaziak zuzendu du SD Eibarren Akziodunen lehen Batzar Nagusia presidente gisa
SD Eibarrek Akziodunen Ohiko Batzar Nagusia egin zuen asteazkenean, azaroaren 25ean, Ipuruan. Jon Ander Ulaziak zuzendu zuen lehen aldiz batzarra presidente gisa, Joseba Unamuno kontseilari ekonomikoarekin eta Beatriz Castelar Kontseiluko idazkariarekin batera. Guztira, 905 akziodunek hartu zuten parte, aurrez aurre edo telematikoki, eta klubaren kapitalaren %36,09 ordezkatu zuten.
Ulaziak bere lehen hitzaldia "ohorea eta erantzukizuna" direla esanez hasi zuen, eta aurreko presidenteari, Amaia Gorostizari, eskerrak eman zizkion egindako hamar urteko lanagatik. Halaber, Leire Barriuso eta Mikel Larrañagaren ekarpena ere aitortu zuen, bereziki emakumezkoen futbolaren profesionalizazioan eta klubaren euskalduntzean egindako lana.
2025/26 denboraldiaren balantzean, presidenteak lehen itzuli zaila eta bigarren itzuli bikaina nabarmendu zituen, playoffean sartzeko ilusioa piztu zuena. Beñat San Joseri eta haren lantaldeari eskerrak eman zizkien, eta emakumezkoen taldeek zein harrobiak egindako lana ere azpimarratu zuen.
Datozen hilabeteetarako bost lan-ildo nagusi aurkeztu zituen: zaleekiko harremana sendotzea, kirol arloa eta harrobia indartzea, kudeaketa ekonomikoa hobetzea, Areitioko Kirol Hiriaren ustiapena garatzea eta Ipuruko udal-hitzarmena berritzea. Azken horren egungo akordioa 2028an amaituko da, eta klubak epe luzerako emakida lortu nahi du.
Areitioko Kirol Hiriari dagokionez, Ulaziak proiektuaren bilakaera eta kostuen igoeraren arrazoiak azaldu zituen. Ingurumen-baimenekin izandako zailtasunak, pandemia eta Ukrainako gerraren ondoren materialen garestitzea aipatu zituen. Kirol instalazioen ustiapena denboraldi honetan hasi da, babesleekin, Enpresa Klubarekin, Futbol Eskolarekin eta campusarekin egindako jardueren bidez, baita partidak eta txapelketak antolatzeko alokairuaren bidez ere.
Batzarrean 2025/26 ekitaldiko urteko kontuak eta kudeaketa-txostena onartu zituzten, botoen %88ko babesarekin. Klubak 3,89 milioi euroko galerak izan zituen, aurreikusitakoa baino 1,4 milioi euro gutxiago. Diru-sarrerak aurrekontuan jasotakoa baino %13 handiagoak izan ziren, eta gastuak aurreko denboraldikoak baino %3 txikiagoak. 2026/27 denboraldirako 3,56 milioi euroko galera aurreikusi du klubak.
Kirol arloari dagokionez, Javier Gurrutxagak gizonezkoen lehen taldearen bigarren itzuli historikoa eta emakumezkoen taldearen Lehen Mailako bilakaera nabarmendu zituen. Harrobiaren lana eta jokalari gazteek lehen taldeetara egiteko bidea ere azpimarratu zituen.
Azkenik, Andoni Zabalak jasangarritasun-txostena aurkeztu zuen. Ekainaren 30ean, SD Eibarrek 11.072 akziodun eta 5.636 abonatu zituen. Ipuruan jokatutako ligako 21 partidek 104.873 ikusle bildu zituzten, eta Fundazioak 137 proiektu bultzatu zituen. LaLiga Impulso programako helburuen %74,3 bete zituen klubak.
Ulaziak amaieran argi utzi zuen zuzendaritza aldatu arren klubaren lan-taldeak, filosofiak eta esentziak bere horretan jarraituko dutela.
