Kontxa Laspiur: “Gora Korrika eta gora euskeria”

Eguaztenean Korrikaren lekukoa eramango du bere jaiotzaren mendeurrena betetzen duen urtean
Kontxa Laspiur: “Gora Korrika eta gora euskeria”
2024/03/18 10:32
eta kitto!

Berba horiekin agurtu zigun Kontxa Laspiurrek elkarrizketa amaitu genuenean. Bizitza osoan zehar egin duen bezala, 99 urterekin ere indartsu egiten jarraitzen du euskararen alde; eta, hainbat urtetan AEK-ko irakasle izanik, bihotzean darama Korrika. Aurten, lekukoa eramango du Ipuruan, bere etxe parean, eta herritarron esker ona  eta beroa jasotzeko aukera izango du.

 

Bere jaiotzaren mendeurrena betetzen den honetan, Kontxa Laspiurrek zenbait omenaldi jaso ditu. Ondo merezitakoak gainera, lan eskerga egin baitu euskararen alde. Orain, Korrika maitea bere herri maitetik pasatzen denean, herriaren eta euskaltzaleen esker ona jasoko du, eta lekukoa eramango du Korrika Santaines kaletik pasatzen denean. “Lehelengo aldiz Arantzazun eruan neban. Orduan, bigarren aldiz noia eruatera”, esan digu. “Emoziñua sentitzen dot”.

Kontxa aspaldi bizi da Santaines kaleko 10. zenbakian, baina Bergaran jaio zen. 4 urterekin etorri zen Eibarrera eta, 1989. urteko elkarrizketa batean esan zigun bezala, “ez neuke Eibar kanbixatuko beste herri bategaittik”. Hori bai, aldatuta ikusten duen herria da Eibar. “Lehengo egunian kalera irten nintzan bai eta, ‘hau Eibar da? Hau ez da nere Eibar!’, pentsatu neban. Eta gero, erderia entzun neban asko. Ohhh”, esan digu penaz. Dena dela, berba itxaropentsuak ere baditu Kontxak: “Euskeria extranjeruek salbatuko dabe. Euskaldunok jaten laga dogu, zapaldu egin gaittue”.

 

Diktaduran euskara irakasle

Kontxak jaio zen momentutik jaso zuen euskararekiko maitasuna. “Geure famelixan danok izan gara euskararen alde egin dogunak”, kontatu digu. “Gure etxera lagunak be ez zeben etorri nahi. ‘En tu casa hay que hablar en euskera’, esaten zeskuen, eta portalian gelditzen ziran”, gogoratzen du.

Kontxak bezala, Imanol anaiak ere euskararen sustapenari eskaini zion bizitza eta bide horretan arrebak lerroan jartzen zituela gogoratzen du Kontxak. “Hemen egin zanian lehelengo euskal-eskolia, mendixan, Eztixan, dirua batu bihar zan eta haietariko bat zein izango zan ba, eta Imanolen arrebia”, kontatu digu. Izan ere, Kontxak jende asko ezagutzen zuen fabriketan egindako lanaren ondorioz. “Lehelengo, Beistegiñian zazpi urte egon nintzan, nikelian. Orduan, gehixago eskaiñi zesten eta Orbeanera juan nintzan, eta beste zazpi urte egin nittuan Orbeanian, nikelian. Bestetik deittu egin zesten barriro, baiña ez, konforme neguan hor”, gogoratzen du.

Tailerreko lanaren ondoren, Javier Zubiaurrek eskaintza berezia egin zion: euskarazko klaseak ematea. Kontxak onartu egin zuen eta beste pare bat lagunekin batera (“Zabaleta, Amatiño…”) euskarazko irakasle hasi zen.

Sasoi hartan, Kontxak 40 urte inguru zituen, 1960. hamarkada zen, Francoren diktaduraren sasoia eta, testuinguru horretan, berrogei lagun ingururi hasi zen euskarazko klaseak ematen. Berak Jose Antonio izeneko nafar bat gogoratzen du: “Harek ikasi zeban fenomeno, eta Eibarren geldittu zan eta taillarra ipiñi zeban. Amañan daka taillarra”.

Hasieran, Klub Deportiboan ematen zituzten euskarazko klaseak. “Izkutuan, goixan, geletan”, azaldu digu Kontxak. “Orduan debekatuta zeuan euskeria”, gogoratzen du, eta bisitaren bat edo beste izan zuten. “¿Qué hace usted aquí?”, esan omen zion bertaratu zen batek. “Doy euskera”, erantzun zion Kontxak. “¿Solo?”, besteak, eta Kontxak: “¿Qué quiere usted que dé más? El castellano ya lo saben todos”. “¿Ya me enseñaría usted a mí?”, besteak, eta Laspiurren erantzuna: “Siéntese ahí donde los chavales y ya le enseñaré”.

Kontxa ez da poliziaren aurrean ere isilik gelditzen edo kikiltzen den horietako bat eta, bestela, esan diezatela orain dela gutxi gazteleraz artatu zuten ertzainei. Ederrak entzun behar izan zituzten Kontxaren ahotik. “Euskadin bizi bagara, polizia euskalduna euki biharko genduke”, esan zien, hemen idaztea hobe ez den beste berba batzuen artean.

Sasoiak sasoi, Kontxak inoiz ez du beldurrik izan euskaraz egiteagatik. “Ez jatan ardura. Danian esaten neban euskalduna nintzala eta euskaraz ibili bihar nintzala, beste zerik ez nekan”, esan digu tinko.

 

AEK-ren sorrera

Klaseak ematen hasi ondoren, Imanol anaiak esanda, gau eskolan euskara irakasten hasi zen, eta gero AEK sortu zen. “Ahizta bixok lehelenak izan giñan AEK-n, eta jubilau arte AEK-n jarraittu genduan”, diosku Kontxak. “AEK-n sartu nintzanian oso pozik neuan, zegaittik jende barrixa ezagutu neban”, gogoratzen du. Orduan, gainera, ez zegoen euskara baturik, “baiña laister hasi zan euskara batua eta Imanolek erakutsi zeskuan. Oin popurri berba egitten dot, saltoka. Eskoriatzako euskeria ondo dakitt (ama hangua zalako), Bergarakua be (aitta bertakua zalako) eta Eibarkua bebai (eibartarra naizelako)”.

Kontxak esan digunez, Euskal Herriko toki askotatik etortzen zen jendea eskolak ematera eta gauean joan egiten ziren. “Ordu pilla bat eman genduan bertan. Nik neukan hiru talde: goizian bat eta bi arratsaldian. Azkeneko klasia 20:00etatik 22:00etara emoten neban, taillarretik urtetzen zan jendiari. Auskalo noiz juaten nintzan etxera”, gogoratzen du. Eta ez hori bakarrik: “Katekistia be izan nintzan eta behin, batzar batera juan nintzanian, hor zeren abade bixak puruakin. ‘Ni meriendia egin barik, hamen nago eguardittik etorritta’, esan netsen. ‘Dirurik ez da gorde bihar, pobrieri eman bihar jakue. Bilboko obispuak dana gastatzen dau Gabonetan, gauza eder bat egin eta gelditzen dana pobrieri emon’, esan zesten. Eta guk esan zetsagun: ‘Harek afaltzen jaten zeban dan-dana, guk urtian jaten dogu’. Abadiekin bebai sekulako diskusiñuak euki dittut”.

Lanegunak luzeak izaten ziren Kontxarentzat, baina berak beti izan du euskara irakasteko energia hori. “Ume-umetatik”, berretsi digu. Eta horrela, jubilatu arte. “Beti egon naiz biharrian eta neure gogoz kontra jubilatu bihar izan nintzan”, aitortu digu.

Euskara irakasteko bide horretan ezerk ez du gelditu, ez gerrak (Eibar, Gernika, Bilbo… bonbardaketa askoren lekuko izan da), ez diktadurak, ezta euskara zapaltzeko ahalegin guztiek ere, eta orain, 100 urte betetzeko atarian, indartsu jarraitzen du, Korrikaren lekukoa eramateko prest eta ilusioz, eta euskararen alde jarraitzeko grinarekin.

Emozioz begiratzen dio ikurriña duen Korrikaren lekukoari eta bihotza pizten zaio. “Zelako kolore edarrak. Banderarik polittena da”, ateratzen zaio barrenetik.