Kontzentrazio zaratatsua egingo dute gaur Untzagan, Arguedasko hilketa matxista salatzeko

Aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian hildako laugarren emakumea da Arguedaskoa.
Kontzentrazio zaratatsua egingo dute gaur Untzagan, Arguedasko hilketa matxista salatzeko
2026/05/19 15:49
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarren ere mobilizaziora deitu dute Arguedasen izandako hilketa matxista gaitzesteko. Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta elkartasuna adierazteko, kontzentrazio zaratatsua egingo dute gaur, maiatzak 19, 19:00etan, Untzaga plazan.

Deialdia hainbat eragile sozial eta feministak zabaldu dute, eta herritarrei mobilizazioan parte hartzeko eta “indarkeria matxistaren aurrean kaleak hartzeko” deia egin diete. Antolatzaileek zarata egiteko tresnak eramatera animatu dituzte parte hartzaileak.

Mobilizazioa Nafarroako Arguedasen gertatutako azken hilketa matxistaren testuinguruan antolatu dute. Euskal Herriko hainbat herritan ere elkarretaratzeak eta protestak egingo dituzte gaur arratsaldean.