La Salle Eibar Azitain eskolak urmael didaktiko bat sortu du aire libreko ikaskuntza bultzatzeko
La Salle Eibar Azitain eskolak urmael didaktiko bat sortu du baratzearen eremuan, ikasleengan aire librean eta zuzenean naturarekin lotutako ikaskuntza bultzatzeko. Ekimena ikasgelako ohiko jarduerak ingurune naturalarekin uztartzeko estrategiaren lehen urratsetako bat da.
Urmaela eskuz eraiki dute, makineriarik erabili gabe. Lanetan DBH eta Batxilergoko ikasleek, irakasleek eta langileek parte hartu dute: zuloa egin, babes-materialak jarri eta animalia ezberdinek habitata izan dezaten ingurunea egokitu dute. Eskolaren esanetan, proiektuak “komunitatearen elkarlana eta esperientzia bidezko ikaskuntza uztartu ditu”.
Eskolak jakinarazi duenez urmaela biziz betetzen hasi da jada, eta zapatariak, odonatuak eta beste ornogabe batzuk agertu dira; gainera, adierazi dutenez anfibioen presentzia ere espero dute datozen asteetan. “Horrek aukera emango die ikasleei ekosistemen funtzionamendua zuzenean behatzeko eta ikerketa txikiak egiteko”.
Proiektuari esker, eskola Euskal Herriko Eskoletako Urmaelen Sarean (EUS) sartu da. Sare honek hezkuntza-helburuetarako urmaelak dituzten ikastetxeak biltzen ditu, eta esperientziak eta material didaktikoak partekatzen dituzte.
La Salle Eibar Azitainek adierazi du urmael berria “laborategi natural” gisa erabiliko dela aurrerantzean, hainbat arlotan lanketa egiteko: zientzia, matematika, hizkuntza, artea eta naturarekiko harreman zuzena sustatzeko.
Eskolak eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten ikasle, irakasle eta langileei: “Lan partekatua izan da; zikindu gara, ikasi dugu, eta komunitatea sendotu dugu”.